Dantzaz konpainiarekin batera ariko da EGO neguko denboraldian

Arriagaren pieza bi eta Stamitzen pieza bat landuko dituzte, eta urtarrilean eraman jendaurrera

Ezker eskuin, Juan Jose Ocon, Fernando Saenz de Ugarte eta Joxean Muñoz, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Gure herriak eman duen onenarekin ospatuko dugu hogeigarren urteurrena. Ez da halakorik egin orain arte; dena da bertakoa, eta EGOtik igaro den onena aterako dugu». Gogoz aurkeztu du musika ikasleen neguko denboraldia Juan Jose Ocon Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendariak. 45 ikaslek hartuko dute parte, eta, atzo hasita, urtarrilaren 5era bitartean izango dira programa lantzen, Eibarren (Gipuzkoa). Urte osoan aritu da orkestra hogeigarren urtemuga ospatzen, eta, ospakizun urtea bukatzeko, 1997an agertokira eraman zuten lehen lana berreskuratuko dute: Juan Crisostomo Arriagaren Esklabo zoriontsuak. Arriagaren beraren Sinfonia Re minorrean eta Karl Stamitzen Biolarako eta orkestrarako kontzertua piezekin osatu dute programa.

1997ko abuztuaren 3an egin zuen lehen emanaldia EGOk, Gasteizko Principal antzokian, eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Orduan, zazpi minutu eta erdi iraun zuen Esklabo zoriontsuak-en oberturak, eta hamar minutu eta erdi iraungo du orain, galduta zeuden 200 konpas berreskuratu ostean. «Esklabo zoriontsuak ezberdin bat izango da. Berreraiki egin behar izan da obra. Garai haietan tipikoa zen partitura puskatxoak museoetara eta jende ospetsuaren etxeetara bidaltzea. Orain, bakoitzak zituen paper zatitxoak batuta, bat-batean, hiru minutu gehiago dituen partitura bat atera da. Eta musikan hori asko da». azaldu du Oconek. Willem de Waal ikertzaileak josi ditu obraren zatiak.

«Euskal Mozart»

Arriagak izango du protagonismoa aurtengo programan, eta hori azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Kirol eta Gazteria sailburuordeak. 1806ko Bilbon jaio zen Arriaga, eta 19 urterekin hil zen, tuberkulosiak jota. «Euskal Mozart» deitzen zioten, umetatik erakutsi zuen musikarako dohainagatik. Esklabo zoriontsuak konposatu zuenean 14 urte baino ez zituen.

Normalean obertura batek hasten du kontzertua, baina, oraingoan, sinfonia joko dute aurrena, eta obertura azkena. Dantzaz konpainia orduan igoko da agertokira; sei dantzari izango dira. Ocon: «Musikarekin, egon zaitezke begiak itxita; baina, hain maila handiko musikariak eta dantzariak batuta, bost zentzumenak piztuko dizkiogu publikoari».

Dantzaz konpainia bat baino gehiago dela zehaztu du Fernando Saenz de Ugarte zuzendariak: «Azken hamabost urteetan, sormen koreografikorako nazioarteko zentro bilakatu gara, eta horren barruan sortu dugu lan hau». Martin Harriage koreografoak prestatu du dantza. «Koreografo gaztea da, eta oso famatua egiten ari da Europan. Israelen ari da orain lanean, baina Baionan jaioa da. Eta lan honekin aukera du berriz hemen lan egiteko», azaldu du Saenz de Ugartek.

Antzekoa da Maria Rallo Muguruzaren kasua. EGOko kide izan zen hura, eta Hanburgoko (Alemania) operan dabil egun. Stamitzen Biolarako eta orkestrarako kontzertua-n bakarlari aritzera itzuliko da. «EGOn sartzen gazteenetarikoa izan zen. Euskal Herrian egin zezakeen bide guztia egin du, eta, oraindik, deitzen diogun aldiro etortzen da», aipatu du Oconek. Horretan, «mundu profesionalerako bidea irekitzen, «parekotzat» jo dituEGO eta Dantzaz Muñozek.

Hiru kontzertu urtarrilean

EGOko kideek lau irakaslerekin landuko dute programa datozen egunetan; Catalin Bucataru, Jon Larraz, Javier Lekunberri eta Javier Alonso. Egindako lana hiru kontzertutan erakutsiko dute gero, hiru egunez jarraian: urtarrilaren 3an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango dira; urtarrilaren 4an, Gasteizko Principal antzokian; eta urtarrilaren 5ean, Bilboko Euskalduna jauregian. Iluntzeko zortzietan izango dira hiru emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.