Katalunia. Elkarrizketa. Jordi Muñoz. Politologoa

«Euskal Herriko gidoia aplikatzen ari da Espainia gurean»

Nahiz eta Katalunian «bortizkeriaren osagaia» ez egon, Muñozek uste du Madril Euskal Herrian bezala ari dela portatzen, «benetako arrazoia» berbera baita bi kasuetan: «Espainiaren batasuna».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek Senatura joateko gonbitari uko egin dionean elkarrizketatu du BERRIAk Jordi Muñoz politologoa (1979, Valentzia, Herrialde Katalanak), bizitoki duen Bartzelonako Gracia auzoan. Espainiako Gobernuaren estrategiaz, azken hilabeteetan areagotu den errepresioaz eta 155. artikuluaz solastatu du.

Zein iritzi duzu Rajoyren gobernuak bideratu duen 155.artikuluaren aplikazioaz?

Erabaki gogorra da, har zezakeen gogorrena. Baina arriskatua ere bada. Zailtasun gehiegi ikusten dut Rajoyk aurkeztutako gogortasunean 155. artikulua aplikatzeko. Bi aukera daude: edo aplikatzen dute errepresioari dagokion prezio garestia ordainduta, edo ezin aplikatzea eta porrota ekartzea. Urriaren 1eko erreferendumean bezala, gelditu nahi izan zuten, baina helburua ase gabe.

Hala ere, urriaren 1eko gertakariek nazioartean ez dute erantzukizun politikorik ekarri.

Tira, Espainiako Estatua nazioartean oso indartsua da, eta hori aspalditik dakigu. Baina zalantzarik gabe, urriaren 1eko gertakariek egoera aldatu dute, eta urriaren 3ko greba orokorra aldaketa horren adierazpen argia izan zen. Baita nazioarteko iritzi publikoari dagokionez ere, eta ez dakit Espainiari interesatzen ote zaion gisa horretako agertoki gehiago nagusitzea.

PSOEk 155. artikulua babestu du. Espero zenuen?

PSOEk behin eta berriz errepikatu izan du 155. artikuluaren aplikazioa ez zela irtenbidea. Baina eurek arazo asko dituzte posizio propio eta bereiztua izateko, baita mediatikoki ere. El País nola dagoen ikustea aski da. BainaPSOEk erabaki horren bitartez indartzen ari da Espainia PPk bakarrik gobernatu dezakeen ideia, eurek kanpotik babesa emanik. Eta gehiengo alternatibo bat osatzeko gaitasunik ez badute, zer egingo dute Espainiako Estatuan? Zaila da erabaki hau ulertzea.

PSCko alkate batzuk agertu dira Pedro Sanchezen erabakiaren kontra. Gertatu daiteke PSCren eta PSOEren arteko banaketa?

Errazagoa ikusten dut PSC beraren banaketa, PSOEren etaPSCren arteko banaketa baino. Are gehiago, gertatu izan da, dagoeneko. Behin eta berriz aipatzen dira PSCren bi arimak: katalanistagoa dena, eta bestea. Baina, bitartean, gertatu den bakarra izan da PSC txikitu dela, geroz eta gehiago murriztuz. Azken primarioetan, oker ez banago, dimititu berri duen Parlonek %46ko babesa jaso zuen. Alegia, Parlonek ordezkatzen duenak garrantzia handia du.

Ada Colauk orain barne krisia du PSCrekin osatzen duen gobernu itunaren bueltan. Nondik joko du horrek?

Zaila da iragarpenak egitea. Saiatuko dira gobernu ituna ez hausten. Baina ikusiko da. Arazoa da, ERCk eta CUPek egin duten oposizioa oso frontala izan dela Barcelona en Comu-rekiko. Beraz, Ada Colauren gobernuan PSCrekin hautsi nahi dutenek ere, zailtasun asko dituzte etorkizunera begira. Bermerik ez badago, ez da banaketarik egongo.

Gaur plenoa abiatuko da 17:00tan Kataluniako Parlamentuan. Zer gertatuko da?

Tira, badirudi nolabaiteko independentzia aldarrikapena ikusiko dugula, baina garrantzitsuagoa da une horretatik aurrera gertatuko dena. Zail ikusten dut Kataluniako Parlamentuan egin daitekeen adierazpenetatik haratago eraginkortasunik aurkitzea. Modu batean edo bestean, independentismoak urrats bat egin behar du urriaren 1eko emaitzak aitortzeko. Baina ez dakit nola bideratuko duten. Ikusi beharko da erresistentziaren bidetik joko duten, hauteskundeen agertokiaren aldeko apustua egingo duten, edo Estatua erauntsian sartzen den egitura suntsituz.

Duela 10 egunetik Kataluniak preso politikoak dituela salatzen ari dira bertze behin. Zein diagnosi egiten duzu Cuixarten eta Sanchezen kartzelatzeaz?

Euskal Herriko gidoia aplikatzen ari da Espainia gurean. PPren eta PSOEren arteko ekintza koordinatu bat antolatzen ari dira, orain Ciutadans ere gehituta, botere judiziala bere alde erabiliz Kataluniaren kontra. Aurrekari guztiak zartatuz eta gizarte mugimenduaren kontra. Eta Cuixart eta Sanchez kartzelatzea bide horretatik doa. Nahi dutena egin dezaketela erakutsi nahi izan dute.

Testuinguruak, hala ere, desberdinak dira.

Bai, Euskal Herrian, epe motzean behintzat, EAJren bahiketa lortu zuen, eta, hemen, halakorik ez dute izango. Beraz, hemen Euskal Herrian erabili zuten errezeta aplikatuz eragin berdina izango duela uste badute, oker dabiltza. Hemen ez dago EAJren bururdia, eta kuantitatiboki ere, independentismo katalana ezker abertzalea baino handiagoa da. Tira, ikusiko dugu komunikabideak ixten eta alderdiak baliogabetzen jarraituko ote duten. Gidoia hori da.

Euskal Herrian argudioa zen bortizkeria amaituta abiatuko zutela elkarrizketa. Hemen ez dago bortizkeriarik.

Euskal Herrian bortizkeriaren osagaia garai hartan legitimazio gisa erabiltzen zuten, baina benetako arrazoia Espainiaren batasuna zen. Horregatik, Katalunian bortizkeriarik ez dagoen arren, eta helburua betikoa izanik —Espainiaren batasuna—, jarrera eta estrategia berak erabiltzen dituzte. Arazo gehiago izango dituzte legitimatzeko, Katalunian eta nazioartean, urriaren 1eko oldarraldien antzekoak. Baina, orain arteko gidoiarekin aurrera jarraitzen badute, errealitate hau azaleratuko da.

Katalunia desberdindu da, bertzeak bertze, baketsuki mobilizatzeko gaitasunagatik. Zein izan da gakoa?

Poliki-poliki eraiki den ezaugarria da. Kataluniako independentismoak ez du beti halako indarrik izan. Tira, gauza asko pilatzen joan dira, eta horrek jendea mugitu du. Mobilizazio iraunkor eta jendetsuek, hala ere, normalean zikloak dituzte, eta igotzen diren bezala, jaisten dira. Baina, zalantzarik gabe, independentismoak jakin du sare indartsu bat egituratzen. Hainbeste, egun batetik bestera deitutako agerraldi bat antolatu eta milioi erdia biltzen dela. Horrek ez du aurrekaririk, eta erresistentzia sekulakoa da. Urriaren 1aren arrakasta horregatik izan zen hainen eraginkorra. Espainiak zailtasun handia du horregatik.

Egoera belztu da, eta zu ezkorra zarela aipatu izan duzu. Itxaropen izpirik gelditzen zaio Kataluniari?

Epe motzean ezkorra naiz, epe erdi eta luzean baikorragoa naiz. Agian, epe motzean, Espainiako Estatua, duen indarragatik, inposatuko zaio Kataluniari. Nazioarteko babesa ere baduelako. Baina epe ertainean dilema agerian dago, edo onartzen dute Kataluniako arazoari irtenbide politiko bat ematea, edo demokraziaren funtzionamendua eteten dute Katalunian. Azken finean, 155. artikulua horregatik egituratu dute horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.