Kataluniako erreferenduma. Noelia Bail. Podemen Barne Koordinazioko idazkaria

«Erreferenduma da izozmendiaren tontorra»

Azken egunotan gertatzen ari dena aintzat hartuta, uste du Katalunia «independentzia bai edo ez erabakitzeaz harago» heldu dela. «Une erabakigarria bizi dugu, erregimenaren urraketa baitago jokoan».

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Podemeko Barne Koordinazioko idazkaria da Noelia Bail Zuzenbidean eta Politika Zientzietan lizentziaduna (Viladecans, Herrialde Katalanak, 1978), joan den otsailaz geroztik. M-15eko Katalunia plazako mobilizazioetan «demokrazia deitzen diogu, eta ez da» aldarrikatu zuen, eta, Katalunian gertatzen ari dena ikusita, egunotan ere errepikatu du. Podemek Bartzelonan daukan egoitzan solastatu da BERRIArekin.

Bihar bilduko dira Podemoseko kargudunak Zaragozan (Espainia), Kataluniak duen testuinguruaz eztabaidatzeko.

PSOEk uzten baldin badigu, behintzat. Ekitaldia egiteko espazioak eskatzeko orduan, ez digu baimenik eman. Baina, azken batean, argi izan dezala debekatuko baligu ere plazetan egingo dugula. Hori da gure jatorria, eta berreskuratu behar balitz, egingo genuke; arazorik gabe. Tira, hainbat alderdi politikotako ordezkariak egongo dira, eta Albano Dante-Fachinek ere parte hartuko du.

Tirabirak egon dira Podemeko buru Albano Dante-Fachin eta Pablo Iglesiasen artean. Nola daude orain harremanak?

Ongi. Arazoak etorri ziren, hain zuzen ere, Kataluniatik kanpo dauden zuzendaritza politikoek sarri ez dutelako bertako egoeraren analisi zuzena egiten, aldarrikatzen dugun nazioaniztasunaren baitan. Guk hasieratik argi ikusi genuen Kataluniaren erreferenduma 78ko erregimenaren urraketaren abiapuntua izango zela, independentziaren inguruko eztabaidatik harago. Gure jarrera arriskatua izan zen, baina denborak gauzak bere tokian jartzen ditu.

Urriaren 1eko eguna aldaketaren txinparta izango da zuentzat, beraz?

Zalantzarik gabe. Albano Dante-Fachinek ekainean adierazi zuen erreferendumak M-15aren kutsua izango zuela. Eta egunotan gertatzen ari dena ikusita, arrazoi zuela argi dago. Gauzak ikusita, independentzia bai edo ez erabakitzeaz harago iritsi da Katalunia: une erabakigarria bizi dugu, erregimenaren urraketa jokoan baitago.

Aste honetan iragarri duzue parte hartzearen aldeko deialdia egingo duzuela, erreferendumari begira?

Gure militanteen arteko eztabaidak antolatu genituen Katalunian maiatzean, eta, guztira, 1.000 lagunek parte hartu zuten. Orduz geroztik, eztabaidatzen aritu gara urriaren 1eko erreferendumaren aurrean gure jarrerak zein izan behar zuen erabakitzeko. Zuzendaritza taldeak hasieratik argi izan zuen parte hartu behar genuela, guk defendatzen dugun adostutako galdeketa ez izan arren. Eta, aste honetan, gure militanteen %64k babesa eman diote erreferendumean parte hartzeko deialdiari.

Kataluniako Parlamentuan tentsio uneak izan zituen Podemek, Erreferendumaren Legea onartu zen osoko bilkuran. Nola daude gauzak?

Tira, bistan gelditu ziren CSQP Catalunya Si Que Es Pot konfluentziaren barruan dauden aurkako bi ikusmoldeak. Bata, Joan Coscubielak ordezkatua, Ciutadans, PP eta PSCtik gertuago dagoena; eta bestea, aldiz, Albano Dante-Fachik ordezkatua, galdeketa ororen alde dagoena. CSQP behar baino lehenago sortu zen, eta krisi asko izan ditu.

Tentsioak harago doaz zuenean. Bartzelonako Comu-k ez bezala, Comu-ren espazio politiko berrian ez sartzea erabaki duzue. Zergatik?

Gure militantziak agindu zizkigun baldintzak betetzen ez dituelako. Alderdi ezkertiarren arteko batasuna ezinbestekoa dela pentsatzen dut, baina batasun horrek erreala izan behar du. Bestela, oso arriskutsua izan daiteke. Podemek beti egin du alderdi eskuindarrak botatzearen aldeko apustua. Beste negoziazio espazio bat sortzen bada, eztabaida eta errespetuaren bitartez zubiak egongo direla uste dut.

Erabat baztertuta dago Podem Comu-rekin batzea?

Tira, Comu ere sar daiteke Podemen. Hori ez da arazoa, arazoa da batasuna nola kudeatzen den.

Zein analisi egiten duzu Espainiako Gobernuaren jarreraren inguruan?

Demokrazia deitzen diote, baina ez da. Kataluniako Gobernua galdeketa bat antolatzeagatik legezkotasunetik kanpo dagoela erran, eta Espainiako Gobernuaren erantzuna 155. artikulua mozorratuta aplikatzea inkoherentea da. 78ko trantsizioaren arrastoak bizi ditu Kataluniak. Eta orain egin behar dugun galdera da bigarren trantsizioa edo aldaketa sakon bat nahi dugun.

Noraino irits daiteke Rajoyren Gobernua? Bozkatu ahalko da urriaren 1ean?

Hori Rajoyk berak ere ez daki. Uste dut egoeraren kontrola galdu dutela: Espainiako Gobernuaren erantzuna neurrigabea izan da, eta okerrena da galdeketa debekatzeko euren esku dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela. Trenen talka aurreikusita zegoen arren, ez nuen uste honaino iritsiko ginenik. Erreferenduma izozmendiaren tontorra da, eta egoera honek azaleratu ditu trantsizioan konpondu ez ziren arazo guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.