Ainhoa Aizpuru. Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua

«Mimoak bainoago, balioa aitortzea nahi dute gure enpresek»

Lehiakortasunaren eta berrikuntzaren arrapaladan Gipuzkoako industria atzean ez gelditzea da Aizpururen kezka, eta horretan lagundu nahi die enpresei: «Gure ongizatea hor oinarritzen delako».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
Donostia
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako enpresa gutxi faltako zaizkio bisitatzeko, zuzenean ezagutu nahi ditu-eta haien beharrak. Hortik abiatuta, Ainhoa Aizpuruk (Gabiria, 1970) orain gutxi aurkeztu zituen, Markel Olanorekin batera, bere sailak landuko dituen ildo nagusiak.

Sektore helduak daudela esan zuen Markel Olanok, atzean gelditzeko arriskua duten sektoreak. Zein dira?

Sektoreez baino gehiago enpresa ereduez hitz egingo nuke nik. Askok kostuetara jo dute, kostuak, prezioak... eta krisiarekin, globalizazioan, marjinak asko jaitsi dira. Guk eredu berri bat planteatzen dugu. Desberdintasun bat, balio erantsi bat izateko, enpresek lehiakorrak izan behar dute teknologian eta berrikuntzan. Horrela lortuko dugu desberdintasun bat, posizionamendu bat eta gehiago saltzea.

Espezializazio adimentsuaren ildotik, sektore jakin batzuk dituzue jomuga.

Sektore horietan, Gipuzkoan, espezializazioa are gehiago garatu nahi dugu. Energian, adibidez. Geure buruari egin diogu galdera: «Energiaren munduan zertan gara onak gipuzkoarrak?». Hor dago elektromugikortasuna, eta horrekin lotuta, batez ere, energiaren bilketa. Horretan badauzkagu gure agente asko, ikerketa zentroak, enpresak, klusterrak...

Beste bi sektore ere estrategikotzat dituzue. Biozientziak...

Miramongo poloan badauzkagu ospitaleak, onkologikoa, Biodonostia, ikerketa zentroak, enpresak, bioinkubadora... Eta orain, Pasaia inguruan, zahartzaroarekin lotutako egoitza eredu berri bat egin nahi dugu, eta horren barruan living lab bat [laborategi bizia] joango litzateke zahartzaroari eta mendekotasunari oso lotuta.

Fabrikazio aurreratua ere bai.

Hor alor desberdinak daude, robotika, sentsorizazioa, monitorizazioa, big data, zibersegurtasuna... Gipuzkoan badauzkagu zibersegurtasun beharrak, eta badauzkagu produktu horiek garatzen dituzten start up-ak, eta uste dugu Gipuzkoa leku egokia dela hori garatzeko.

Eta erreferentzia zentroak egin nahi dituzue. Zenbat?

Erreferentzia zentroak? Ez dugu aipatu beste sektore estrategiko bat gastronomiarena izango dela. Eta hor, adibidez, ez dugu zentrorik aurreikusten, Basque Culinary Center hor baitaukagu; azterketa egingo da, eta, beharrezkoa bada, moldatu egin beharko da, solairu bat edo, baina hor badaukagu zentroa. Beste estrategietan, ikusten dugu elkargune bat behar dela. Batzuetan, izango da zentro bat, Pasaiakoa bezala. Zibersegurtasunerako ere ikusten da toki baten beharra. Energia bilketaren kasuan, aztertuko da entsegu banku bat edo nolabaiteko laborategi bat behar den.

Hala ere, lurraldeko enpresa bakoitzak bere estrategia du. Badago elkarlanerako nahi, borondate edo beharrik?

Badago, baina hobetu daiteke. Adibide asko ditugu elkarlan hori mugatua izan denekoak; eta adibide asko ditugu ondo egin denean arrakasta izan dutenak.

Baina zenbait enpresa konpetentzia zuzenean sartzekotan dira. Adibidez, CAF eta Irizar.

Lehengoan, CAFek esaten zuen: «Fabrika handia gara, baina munduan txikiena; Siemens, Alstom eta Bombardier batekin konparatuz gero... txiki-txikienak gara». Gure ustez, egon daitezke proiektu batzuk, lizitazio moduan edo, elkarrekin atera litezkeenak kanpora, tamaina handiagoarekin, proiektu gehiagotara aurkezteko aukerarekin.

Enpresetan langileen parte hartzea bultzatu nahi duzue.

Langileek parte hartzen duten enpresetan erabaki zentroa hemen gelditzen da. Gipuzkoan enpresen ia %95 enpresa ertain eta txikiak dira, eta, teknologia ona dutelako, ondo lan egiten dugulako, gure enpresak oso erakargarriak dira tamaina irabazteko xedea duten beste funts edo enpresa batzuentzat. Guk enpresa horiek hemen geratzea eta erabaki zentroa ez galtzea nahi dugu. Eredu asko dauzkagu langileen parte hartze horretarako, jardunaldi batzuk ere prestatzen ari gara jendea sentsibilizatzeko, eta jakinarazteko zein diren aukerak kasu bakoitzean, egitura, errealitate eta asmoen arabera; batzuetan, zuzendaritzak akzioen zati bat hartzen du, beste batzuetan langilegoaren gehienak, beste batzuetan faseka doaz... Helburua enpresa lehiakorra bihurtzea da, baina baita enpresa lehiakor horiek lurraldean errotzea ere.

Enpresekin asko egoten zara. Bizkaian, CEBEKek esan du enpresak «mimatu» egin behar direla. Halakorik eskatu dizute?

Nik sentitzen dudana da enpresek, mimoak baino gehiago, balioa aitortzea eskatzen dutela; balioa ematea bai ekintzaileek eta bai enpresek egiten duten lan horri. Gure ekonomiaren motorra industria da; hor oinarritzen da gure ongizate guztia.

Dena den, sindikatuek diote sozietate zergarekin enpresak ez ote diren gehiegi mimatzen.

Nik uste enpresek esfortzu handia egiten dutela. Sozietate zergaren kenkari garrantzitsuenak ezartzen dira ikerketa eta garapena egiten denean, inbertsioak egiten direnean eta langileak kontratatzen direnean. Hiru horietan gure enpresak punta-puntakoak dira. Irabaziak asko berrinbertitzen dituzte; I+G hobetu beharra daukagu, baina esfortzu handi bat egiten da; eta langabezia estatuko tasa txikiena daukagu. Guk nahi dugu enpresak lehiakorrak izatea, eta faktore horiek guztiek horretan laguntzen dute. Ogasunekoak gaia aztertzen ari dira, baina guk beti defendituko dugu lehiakortasun hori laguntzea.

Lehen sektoreaz ere galdetu behar dizut. Nola dago Aralarko pistena?

Momentu honetan ikusi da azkenean inpaktua ez dela hain handia. Mankomunitateak eskatu zigun martxan jartzeko; lehenengo pista egin da, eta, orain, bigarrena planteatzen ari da. Hor, nik uste informazio oker bat banatu dela. Orain dela hamabost urtetik dator eskaera, eta ordukoa da banatzen ari den informazioa. Orain planteatzen duguna da Eniriotik Doniturrietarako pista, eta horrek bere prozedura dauka.

Ikusi dugu pauso bat egin behar zela eta baldintza duinak izaten lagundu behar genuela. Ezinbestekoa da artzainek eta ganaduzaleek Aralarren jarraitzea, eta, baldintza duin batzuk ez badituzte, azkenean, poliki-poliki... Naturaren eta ingurumenaren ikuspegitik ere, artzainak eta abeltzainak bertan egoteak bermatzen du eremu babestua izatea, parke naturala izatea, beraiek mantentzen dutelako paisaia, ingurumena, larreak... Hori dena kontuan hartu da, ondo, planifikatuta, prozedura guztiak betez... Behar den bezala.

Lurralde Orekako diputatua ere bazara. Desoreka dago?

Edo desoreka egoteko arriskua, ez dakit. Guk oreka bultzatu nahi dugu. Gipuzkoan, 49 herri txiki ditugu 2.500 biztanle azpitik, herrien erdiak baino gehiago. Eta haientzako zerbait ad hoc behar zela ikusten genuen.

Esperientziatik diozu hori, ezta? [Gabiriako alkate izan zen]

Hori da. Ni eta nire zuzendari gehienak ere herri txikietakoak dira. Beizama, Zegama, Errezil... Gipuzkoa askotarikoa da, eta hor behar berezi batzuk daude. Apustu bat egin behar da hirietako zerbitzu maila herri txikietan ere, nolabait, bermatzeko. Landa Gipuzkoa Plus programa hor dugu, lau ildorekin: baserri bideak berritzea, elektrifikazioa, banda zabal azkarra zabaltzea eta herri txikietako jarduera ekonomiko lehiakorrei laguntzea. Gehienak abian jarri ditugu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.