Juanjo Arregi. Realeko entrenatzailea

«Zaila da urtero Nerea Eizagirre edo Nahikari Garcia bat ateratzea»

Realak bihar ekingo dio ligari Valentziaren aurka, Zubietan. Txuri-urdinen lemazain berria da Arregi. Hasiberrien ilusioa eta eskarmentua dutenen sosegua antzematen da haren hitzetan.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iragan igandean Athleticen aurka 3-0 galdu bazuten ere, egindako denboraldi-aurrearekin pozik dago Juanjo Arregi (Urnieta, Gipuzkoa, 1964) Realeko entrenatzaile berria. «Entrenamenduetan oso erritmo handia izan dute, eta inplikazio handia». Bihartik aurrera hasi beharko dute aste hauetan landutakoa zelaian erakusten. Arregik argi du jokalariei emango dien mezua: «Ahalegina negoziaezina dela, eta disfruta dezatela zelaian. Beraiek egiten badute, za leek ere egingo dute».

Aurkezpenean esan zenuen entrenatzaile moduan izan duzun erronkarik handiena dela Reala entrenatzea. Nola doaz erronka horren lehen asteak?

Hasieran, ezustea izan zen aukera hori izatea. Añorgako eta Euskal Selekzioko entrenatzaile izan nintzen, baina lan hau guztiz desberdina da. Izan ere, Lehen Mailako talde bat da, eta horrek gauza asko dakartza berekin. Pozik eta ilusioz nago, erronka ziragarragia delako; baina baita zertxobait urduri ere. Epaileak larunbateko [biharko] partidaren hasiera adierazten duenean amaituko dira urduritasunak, orduan norgehiagokan murgilduko bainaizburu-belarri.

Zerk harritu zaitu gehien aste hauetan?

Jokaldiak gauzatzeko orduan jokalariek duten abiadura. Teknika handia dute, eta fisikoki oso ondo prestatuta daude.

Euskal Kopan Athleticek 3-0 irabazi bazizueten ere, emaitza onak izan dituzue denboraldi-aurrean. Zein balorazio egiten duzu? Ezarriak zenituen helburuak bete dituzue?

Bai. Oso pozik nago jokalariak egiten ari diren lanarekin. Entrenamenduetan oso erritmo handia erakutsi dute, eta ikaragarrizko inplikazioa. Asko eskatzen diete beren buruei. Athleticen aurkako porrota ez genuen espero. 15-20 minutu oso on egin genituen, baina Athletic gai izan zen eusteko. Gero, geldikako jokaldietan huts egin genuen, eta norgehiagoka hor desorekatu zen.

Halako porrotek adiago egoteko balio dute?

Biziago eta intentsitate handiagoz aritzeko balio digu. Porrotetatik ere ikasi behar dugu.

Joko moldean aldaketa asko egiteko asmoa duzu?

Hiru jokalari izan ezik, gainontzekoak aurreko sasoikoak dira. Beraz, moldaketa txikiak egingo ditugu. Gure jokoaren oinarriak ondorengoak izango dira: kontraeraso on bat izatea, jokoa mendean izatea eta defentsan azkarrak eta indartsuak izatea.

Hiru jokalari fitxatu dituzue: Bea Beltran, Claudia Zornoza eta Michi Goto. Nola ari dira egokitzen taldera?

Oso ondo. Hirurak oso jokalari onak dira, maila handia dute. Uste dut asko emango diotela taldeari. Claudiarekin eta Bearekin ezker hegala indartu dugu. Bea oso jokalari azkarra da, eta taldea sakonagoa izango da haren igoerei esker. Claudia ere bizkorra da, eta erasoan ederki bilatzen ditu espazioak. Michi, berriz, oso azkar ikasten ari da, eta oraindik ez ditugu ezagutzen hark dituen abilezia guztiak. Ezuste asko emango dizkigu.

Beltran Atletico Madriletik dator eta Zornoza Valentziatik. Halako talde indartsuetakojokalariak Realera etorri nahi izateak zer esan nahi du zuentzat?

Nire ustez, ahoz ahokoak eragina du horretan. Jokalari gehienek elkar ezagutzen dute, eta Zubietan egiten den lan onaren erreferentzia izango zuten.

Harrobiarentzat ez al da kolpe bat halako taldeetatik jokalariak fitxatzea?

Gipuzkoak 700.000 biztanle ditu, eta emakumezkoen bederatzi kirol talde ditu goi mailan. Kopuru oso ona da hori. Baina hain lurralde txikian zaila da urtero Nerea Izagirre edo Nahikari Garcia bat ateratzea. Pazientzia izan behar dugu jokalari gazteekin. Izan ere, sarritan behar baino gehiago azkartzen ditugu jokalarien prestakuntza prozesuak, eta, horren ondorioz, ez dituzte beharrezkoak diren abileziak garatzen gora iristen direnerako.

Harrobia ondo ezagutzen duzu zuk. Zein da egoera?

Une erabakigarri batean gaude. Ondo bidean, Realak datorren sasoian bigarren talde bat izango du, eta horrek asko lagunduko digu jokalariekin pazientzia izan, eta abilezia horiek garatu ditzaten. Denboraldi-aurrean ere Gipuzkoako hainbat taldetako jokalariak izan dira gurekin teknifikazioa egiten, eta haiei jarraipena egingo diegu.

Liga hasiera gogorra duzue. Lehen hiru jardunaldietan aurreko sasoian lehen hiru postuetan sailkatu ziren taldeen aurka jokatuko duzue: Valentzia, Atletico Madril eta Bartzelona. Nola helduko diozue hasiera horri?

Argi dago hasiera gogorra dela. Zaila izan arren, ahalik eta puntu gehien biltzen saiatuko gara. Valentziaren eta Bartzelonaren aurka etxean jokatzen dugu, eta hor indartsu izan nahi dugu. Emaitzak txarrak badira, espero dut zalantzak ez sortzea. Proiektua berria da, eta pazientzia izan behar da. Partidaz partida joan nahi dugu.

Iragan bi denboraldietan Espainiako Koparako sailkatzea lortu zuen Realak. Sasoi honetan ere hori da helburua?

Bai. Helburua berriz ere sailkapen hori lortzea da, eta denboraldiak aurrera egin ahala ikusiko dugu non gauden sailkapenean. Lehen Maila gero eta gogorragoa eta lehiatuagoa da. Valentzia, Bartzelona eta Atletico Madril goran egongo dira, eta Levantek eta Athleticek urte asko daramatzate maila onean. Gainontzeko sailkapen postuetarako borrokan sei bat talde egongo gara. Gakoa etxean indartsuak izatea da, eta kanpoan puntuak batzea sailkapen hori sendotzeko.

Nola daude jokalariak larunbateko partidari begira?

Azken asteetan jokalarietako batzuk min hartutako dira, baina jada osatu dira. Denak daude jokatzeko moduan. Lehiatzen hasteko irrikaz eta ilusioz daude. Batek baino gehiagok esan didate denboraldi-aurreak luze egiten zaizkiela, eta hasi bezain laster lehiatzeko gogoz egoten direla.

Valentziaren aurka zelairatu aurretik, zer esango diezu jokalariei?

Ahalegina ezin dela negoziatu, eta dena emanda itzuli behar direla aldagelara. Disfrutatzeko ere esango esango diet. Izan ere, beraiek zelaian disfrutatzen badute, zaleek ere berdin egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.