Joan Coma. Viceko Udaleko CUPeko zinegotzia

«Espainiako Gobernuak autoritatea galdu du guztiz Katalunian»

Auzitegi Nazionalak aurreko astean artxibatu zuen matxinadara deitzeagatik ireki zioten auzia. Comaren ustez, desobedientzia da bide bakarra hautetsontziak jartzen uzten ez duen estatu baten aurrean.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Tortilla bat egiteko, arrautzak hautsi behar dira». Viceko osoko bilkuran hori baieztatzeagatik zortzi urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatu zuten Joan Comarentzat (Vic, Herrialde Katalanak, 1981). Auzitegi Nazionalean epaitu dute sezesiora deitzeagatik, eta joan den apirilaren 3an artxibatu zuten auzia. Zinegotzia Bartzelonako CUPen egoitzan mintzatu da BERRIArekin.

Amesgaiztoa amaitu da. Nola hartu zenuen albistea?

Londresen nintzen, ANCk antolatu zuen ekitaldi politiko batean. Pozik hartu nuen albistea, baina kausarik ez zegoen: ni inputatzeko erabili zituzten arrazoi berberek balio izan dute auzia artxibatzeko. Bitxia da…

Urtebete luzeko ikerketa izan da. Zein analisi egiten duzu?

Estrategia hutsa izan da. Halako auziak erabiltzen dituzte gizarte zibilaren indarra neurtzeko. Mugimendu independentistaren termometroak dira. Batetik, elkartasuna neurtu nahi zuten, ikusteko ea CUPeko norbaiti zerbait pasatuz gero mugitzen direnak CUPekoak bakarrik ote diren. Eta, bestetik, gizartea probokatzen dute indarkeria erkatzeak sustatzeko. Jokaldia ez zaie ongi atera.

Elkartasun handia jaso duzu. 30/3 mugimendua sortu zen.

Bai, ikaragarria izan da. Adierazpen bat egin zen nire adierazpenekin, desobedientzia defendatuz. PDECat, CUP, ERC eta En Comu Podemek babestu zuten. Alegia, denek, Ciutadans, PP eta PSC kenduta. Mugimenduak balio izan du ez bakarrik niri indarra emateko, baizik eta elkartuta gaudela erakusteko.

Auzia artxibatu da, baina garai latzak ezagutu dituzu. Abenduaren 27tik 28rako gaua Guardia Zibilaren ziegetan pasatu zenuen, Madrilen.

Ikasteko erabili dut. Soziologo gisa, pribilegio bat izan da nire larruan sentitzea botere egiturek nola funtzionatzen duten. Niri ez zait hedabideetan agertzea gustatzen,baina desobedientzia gizarteratzeko borrokan hondar ale bat jartzeko erabili dut auzia.

Ismael Moreno epaileak agindu zuen zure atxiloketa, Madrilgo txotxongilolariak atxilotu zituen berak. Aurretik, polizia frankistaren inspektorea izan zen …

Gisa honetako pertsonaien presentziak egiaztatzen du 78an, egiazko hausturatik urrun, gutun truke bat egon zela, eta ezin da trantsiziorik egon ez badago hausturarik. Onartezina da Audientzia Nazionalean oraindik ere kargu antidemokratikoek jarraitzea. Horregatik ez du tokirik autodeterminazioak Espainiako Estatuan. Desobedientzia da hautetsontziak jartzen uzten ez duen estatu baten aurrean aukera bakarra. Ez dago besterik.

Zure auzia ez da judizializatu duten bakarra.

Ortega, Rigau, Mas eta Homsen kondenak gobernuan daudenentzako abisuak dira. Argi dago hemendik aurrera aukeratu beharko dela: edo eserlekuak mantendu edo erreferenduma gauzatu. Inhabilitazioa saihestea lehenesten duten politikariek ez dute galdeketa ahalbidetuko.

CEOren azken barometroaren arabera, katalanen %73,4 joango lirateke bozkatzera, nahiz eta erreferenduma estatuarekin hitzartu gabea izan.

Argi dago. Espainiako Gobernuak autoritatea galdu du guztiz Katalunian. Kopuru horrek bozka dezan funtsezkoa da Generalitateak argi uztea erreferendumak eragina izango duela.

Puigdemontek hitza beteko du?

Guk ez dugu fede itsurik. Politikan ez baitago fede egikerarik. Kezkatzen gaitu galdera eta datarik ez zehazteak. Kezkatzen gaitu zintzotasun faltak. Nire kasuarekin erakutsi duguna da norbere proiektua politikoki defendatzea dela irabazteko modu bakarra. Masen maltzurkeriaren bitartez, bestearen errepresioa legezkotzat jotzen da. Gakoa da estatuaren errepresioa desobeditzea, egiten ari garena erabat zilegi delako.

Parlamentuak independentziaren aldeko bidea hartu zuenetik kaleko indarra lasaitu dela erraten da. Ados zaude?

Gizartea desmobilizatzeko saiakerak egon dira. Ni kezkatuta nago ANCren desmobilizazio egoeragatik, astero estutzen ibili beharko lukeelako. Ezin dut ulertu. ANC ezin da izan gobernuaren konpartsa. Sekula ez zuen esan behar orain parlamentuaren ordua dela. Parlamentuak mamituko ditu aldaketak, baina iraultzak kaletik datoz, mobilizazio handietatik, eta mugimendu independentistaren aberastasuna da oso plurala dela. Independentismoa uniformetu nahi izateak eragin du agertoki bat non badirudien aniztasunak txirotzen gaituela, kontrakoa denean.

Erran izan da mugimendu independentistak ez lukeela izango duen babesa Artur Mas eta halako politikaririk gabe.

Begi bistakoa da sektore kontserbatzaileak independentismora gehitu izana garrantzitsua izan dela. Gizarte honek ikusi zuen bazegoela masa sozial nahiko esanguratsu bat, eta ez zuten besterik: txalupara igo edo kanpoan gelditu. Onartezina izan zena inbestidurarekin gertatutakoa da. Masek baldintzatua izan zuen herria hiru hilabetez, boterean mantentzeko. Prozesu independentista posible izan da herriari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.