Linda Dillon. Sinn Feineko kidea

«Bakea lortu nahi baduzu, etsaiarekin hitz egin behar duzu»

Urte luzez, Dillonek udaletik egin du lana Ipar Irlandako bizikidetza sustatzeko, Mid-Ulsterko ordezkari gisa, eta gatazkaren bi aldeei entzun beharra nabarmendu du. Orain parlamentaria da Stormonten.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Linda Dillon (Armagh, Ipar Irlanda, 1978) Sinn Feineko kidea Euskal Herrian izan da egunotan, Foro Sozialak gonbidatua. Iaz, Martin McGuiness ordezkatu zuen Stormonteko parlamentuan. Aurretik, Mid-Ulster udal erakundeko zinegotzia eta lehendakaria izan zen. Argi du bizikidetzarako ezinbestekoa dela Ipar Irlandako gatazkaren bi komunitateei entzutea eta nortasuna bermatzea.

Ostiral Santuko Hitzarmenak hogei urte beteko ditu datorren urtean. Nolako bilakaera izan du bizikidetzak Ipar Irlandan?

Errazagoa da bizikidetza indarkeriarik gabe. Hor daude oraindik komunitateak banatzen dituzten hainbat harresi, baina jendeak igaro egiten ditu, integratzeko. Naturaltasun osoz: kirola, erakundeak, eskola... Udaletan ere nabari da bilakaera; gune unionistetan ziren ekitaldietara joan izan naiz, eta ongi hartu naute. Egiteko asko dago oraindik: harresiak bota, elkarrizketa sustatu... Gizarteak aurrea hartzen die politikariei askotan, eta gobernuak prest egon behar du horri jarraipena emateko.

Stormonteko parlamentari izan aurretik, Mid-Ulster udal erakundeko lehendakaria izan zinen. Nolakoa da eremu hori? Zein ziren bizikidetza beharrak?

%60 nazionalista eta %40 unionista da Mid-Ulster, eta horrek isla du udalean. Immigrazioa ere badugu: poloniarrak, lituaniarrak, eslovakiarrak, timortarrak... Etorkinek aniztasuna ekarri dute, eta haien integrazioaren alde lan egiteak unionistengana gerturatzen lagundu digu.

Nola da hori? Bizikidetzak osagai soziala izateak zama politikoa arintzen duelako?

Ekitaldi batean nazionalistez gain etorkinak egoteak gauzak errazten dizkie unionistei. Errazagoa da antirrepublikano gisa agertzea arrazista gisa baino. Guztien parte hartzeak komunitatea batzea erraztu du. Aniztasuna aberasgarria da, nork bere ekarpena egiten baitio komunitateari.

Ekonomiak eragina du bizikidetzan. Lanerako zailtasunak izan dituzte errepublikanoek sarri.

Gobernuaren erantzukizuna da nazionalisten eremuak berreraikitzea, bizi kalitatea hobetzea. Izan ere, bizi kalitatea hobetuz gero, murriztu egiten da gatazka. Normala da. Gaizki zaudenean, norbaiti egozten diozu errua beti.

Halere, zaila izan behar du udaletik bi komunitate hain kontrajarri elkartzeak.

Bake prozesua herriarentzat egiten duzu, berdintasuna eta bizikidetza lortzeko. Statu quo-a aldarazteko borondate politikoa izan behar du prozesuak; berdintasunik eza eta Irlandako kultura ikusarazi. Ez da zanpatu behar inoren nortasuna. Adibidez, 2015ean Mid-Ulsterko udala lehen aldiz eratu zenean [hainbat udalerri metatzean osatu zuten], unionistek esan zuten justua zela Erresuma Batuko bandera jartzea, herritarren %40 ordezkatzen zuelako. Erantzun genion Irlandakoak %60 ordezkatzen zuela, eta hura ere jarri behar genuela: «Biak ala bat bera ere ez». Ez zen banderarik jarri.Bi aldeak aitortu behar dira gatazka batean bake prozesua garatzeko.

Barneratua al dago beharrezkoa dela beste aldea entzutea?

Guztion istorioa kontatu behar da. Bildu genuen 2015eko Stormonteko itunean, baina abian jarri gabe dago. Aurrerapausoa eman behar dute gobernuek.

Biktima asko daude bi aldeetan. Garrantzitsua da guztiak aintzat hartzea, ezta?

Erresistentzia dago unionisten artean; esango dizute IRAk hildako guztiak errugabeak zirela, eta pertsona bat hiltzeko prest zeudenek heriotza merezi zutela. Guk beti diogu ez duela inongo mailaketarik egon behar, biktima nor den gorabehera. Bai, IRAk jendea hil zuen, hori hala da, baina katolikoen aurkako ekintzak egin dituzte loialistek eta paramilitarrek, gobernuaren parte hartzearekin. Kolusioa egon da.

Martin McGuiness eta Elizabeth II.aren bostekoa une ikonikoa izan zen. Sinn Feineko burua eta Erresuma Batukoa elkarrekin.

Erabaki handia izan zen errepublikanoen buruzagitzarentzat. Baina, azkenean, bakea ez duzu lortuko lagunekin hitz eginez: etsaiekin hitz egin behar duzu. Martin McGuinnesek errepublikanoa izaten jarraitu zuen keinuaren ondoren; are gehiago, agerian utzi zuen estatu gizona ere bazela. Erreginarentzat ere ez zen erabaki erraza; asko deseroso sentiaraziko zituen terroristatzat zuten bati eskua ematen ikusteak. Bakea lortzeko, ez duzu bestearekin ados egon behar beti, ez da ezinbestekoa akordioa lortzeko.

Gobernua osatzeko zailtasunak dituzue Ipar Irlandan. Hamar hilabete daramazue bi aldeek gobernu akordio bat ondu nahian, baina arrakastarik gabe. Londresek muga eguna jarri dizue.

Muga egun ugari jarri dizkigute dagoeneko. Noski, honek ezin du betiko iraun: zirt edo zart egin beharko da noizbait. Negoziatzen ari gara. Elkarrizketa honen aurretik [ostiral goiza] MichelleO'Neilli idatzi diot [Ipar Irlandako Sinn Feineko burua] egoeraren berri izateko. Erantzun dit negoziazioa badagoela, baina akordiorik oraindik ez. Sinn Feinek ez du ezer berririk eskatzen, orain arte adostutakoa ezartzea soilik.

Baikor al zaude?

DUP lubakian gotortuta dago. Hain gogor egin du Gaelikoaren Legearen aurka, ez baitaki nola atera. Nola azaldu boz emaileei Gaelikoaren Legea adostu duela? Hizkuntzatik harago doa afera: legea onartuz gero, aitortuko lukete iparraldeko irlandarren kultur nortasuna ez dela haiena baino gutxiago, batak ez duela bestea auzitan jartzen. Bi aldeek eskubide berberak dituztela onartzea da.

Akordiorik ezean, zer gertatuko da? Erresuma Batuak agintea hartzeko mehatxua dago.

Zuzeneko agintea erabat onartezina da; ondorio larriak eragingo lituzke. Diktadura litzateke.

Zenbat baldintzatzen du DUP Theresa Mayren makulua izatea Erresuma Batuko Gobernuan?

Arazo bat da guretzat. DUPek babesten duenez, Londresek ezin dio presio egin orain.

Hori gutxi ez, eta brexit-a joko eremuan dago, eta mugak sor daitezke.

Izugarrizko erronka da. Iparraldeko herritar gehienak brexit-aren aurka daude, eta hori errespetatu egin behar da. Estatus berezia izan beharko genuke. Hor ere aurrerapausoa egin beharko luke Irlandako Gobernuak, haiei ere eragiten baitie. Muga gogorra ezin txarragoa litzateke.

Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko negoziazioetako giltzarrietako bat da.

Teorian, muga gogor baten aurka dago Europako Parlamentua, baina ezinezkoa da gobernu kontserbadoreak babesten duen brexit mota ikusita.

Halako egoera batean, ba al dago Irlanda bateratua ekarriko lukeen erreferenduma antolatzeko aukerarik?

Erresuma Batuko Gobernuari dagokio antolatzea, egoera aldatu dela irizten dionean. Eta aldatu da: bakean bizi gara, demografian bilakaera izan da, eta, aurki, iparraldean nazionalistak unionistak baino gehiago izan gara. Lan handia dugu, baina. Guztion kultura eta nortasuna errespetatu behar ditu Irlanda bateratuak. Brexit-ak berebiziko garrantzia izango du independentziaren galdeketan: Irlanda bateratu baten ernamuina izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.