Hezbollahek erresistentziaren garaipena aldarrikatu du bozen ostean

Alderdiak eta haren aliatuek gehiengoa lortuko lukete Libanoko Parlamentuan, lehen emaitzen arabera. Haririren alderdiak diputatuen herenak galdu ditu, eta 21 lortu ditu

Hezbollahen jarraitzaileak, Beirut hegoaldean, herenegun. NABIL MOUNZER / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Emaitza ofizialen zain, Libanoko parlamenturako hauteskundeen behin-behineko emaitzek gorakada handia eman diote Hezbollahen eta haren aliatuen blokeari, diputatuen gehiengoaren eta gehiengo osoaren arteko kopuruetan aritu baitira lehen kalkuluak. Ganberak 128 eserleku ditu, eta horietako 67 lortuko lituzkete, emaitzak baieztatuz gero. Porrot handiena Saad Hariri lehen ministroaren Etorkizuna Mugimenduak jasan du: 33 eserleku lortu zituen 2009ko bozetan, eta 21 ditu orain. Diputatuen herenak galdu ditu, beraz, Haririk berak atzo azaldu zuenez. Hezbollahen idazkari nagusi Hassan Nasrallahentzat, erresistentziarentzat garaipen «moral eta politikoa» izan da igandekoa, Israeli erreferentzia eginez, eta bere blokearen behin-behineko garaipenak herrialdearen subiranotasuna «babesten» duela ziurtatu zuen.

Parlamenturako hauteskundeak bederatzi urtean lehen aldiz egin zituzten arren, parte hartzea txikia izan zen herenegun: 3,8 milioi herritarrek zuten botoa emateko eskubidea, atzerrian bizi direnek lehenengoz, baina ia erdiak joan ziren soilik bozkalekuetara—%49,2, duela bederatzi urte baino bost puntu gutxiago—, Nuhad Machnuk Barne ministroak zabaldutako datuen arabera. Hauteskunde lege berria erabili zuten estreinakoz, eta Haririk aldaketa hori jo zuen parte hartze txikiaren errudun, herritarrek funtzionamendu berria ulertu ez zutelakoan: boto emaileek bi boto eman behar izan zituzten, bata zerrenda baten alde, eta bestea diputatugai baten alde. Gainera, lehenengoz, sistema proportzionala erabili dute. Legea lehenengoz erabiltzeagatik atzeratu dira behin betiko emaitzak, atzo gau aldera Machnukek azaldu zuenez.

Emaitzak baieztatuz gero, Saudi Arabiaren eta Mendebaldearen aliatuek beherakada nabarmena izango lukete, eta Haririk zilegitasuna eta boterea galduko luke nabarmen. Aldiz, Iranen eta Siriaren aliatuek gorakada handia izango lukete, eta batez ere Teheranek lortuko luke bere influentzia handitzea Libanon, eta, beraz, Ekialde Hurbilean, Hezbollahen bitartez. «Ordezkaritza zabala behar dugu parlamentuan, bi arrazoirengatik. Batetik, erresistentziarentzat segurtasun babesa bermatzeko, eta, bestetik, parlamentuko bloke indartsu bat duzunean, hauteskunde programako edukiak indarrean sartzeko boterea izango dugulako», gogorarazi zuen atzo Nasrallahek, Libanon datozen barne zein kanpo erronkei begira.

Herrialdeko sistema politikoa botere banaketan oinarritzen da: presidenteak katoliko maronita izan behar du; lehen ministroak, sunita; eta parlamentuko presidenteak, xiita. Ganberan, berriz, diputatuen erdiak musulmanak dira, eta beste erdiak, kristauak, eta horren ondorioz dira blokeetako aliantzak.

Behin-behineko datuen arabera, Haririrena alderdi suniten artean boto gehien duen alderdia litzateke, eta horrek ahalbidetuko dio, ezustekorik ezean, lehen ministro karguan jarraitzea. Horregatik, gobernua «ahalik eta azkarrena» adosteko eta osatzeko deia egin zuen atzo. Kristauei dagokienez, Libanoar Indarrak alderdiaren gorakada nabarmendu da, betiere behin-behineko emaitzen arabera: 2009an zortzi diputatu zituen, eta egun gutxienez hamabost lituzke. Ordea, ez luke lortuko kristauen artean indarrik handiena izatea, eta litekeena da Michel Aounek Libanoko presidente karguan jarraitzea.

Independenteen emaitzak

Alderdi tradizionalen aurkako hainbat hautagai aurkeztu ziren herenegungo hitzordura, baina ez zuten aurreikusitako emaitzarik lortu. Beren burua aurkeztu zuten sektarismoaren eta ustelkeriaren aurkako aukeratzat, eta, ia barruti guztietan zeuden arren, bik soilik lortu dute ganberan sartzea, lehen emaitzen arabera. Horietako bat Paula Yacubian da, Denak Gara Abertzaleak alderdiarekin aurkeztu den kazetaria.

Ekialde Hurbilean interes handia sortu dute hauteskunde horiek, batez ere Iranen eta Saudi Arabiaren arteko etsaitasun historikoaren ikuspuntutik. Teheranen iritziz, Libanorentzat «lorpen demokratiko handia da» hauteskunde «zehatzak» egitea, eskualdearen «egoera kaotikoa» kontuan hartuz gero. Ez du iritzi bera Israelek, Hezbollahen eta Iranen etsai nagusietako batek,behin-behineko emaitzez. «Libano Hezbollahen gauza bera da. Israelgo Estatuak ez du desberdintasunik ikusiko bi horien artean», ohartarazi zuen atzo Naftali Bennett Hezkuntza ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.