Miguel Urban Crespo. Podemoseko eurodiputatua

«Mozioa da 1978ko erregimena amaitzeko baliabide bat»

Prozesu eratzaile baten oinarriak finkatzeko balioko duela uste du Urban Crespok. Zalantzati agertu da PSOEren eta Sanchezen norabideaz, bi alderdien artean sor litekeen aliantza bati begira.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ander perez zala
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Podemos alderdiaren sortzaileetako bat da Miguel Urban Crespo (Madril, 1980). Kanpora begira Pablo Iglesiasen eta Iñigo Errejonen sektoreak ezagunenak diren arren, hirugarren korronte baten buru da Urban Crespo, Teresa Rodriguezekin batera: antikapitalistak. Hain justu, korronte horren zerrendaburua ere izan zen Vistalegre IIn, eta, harrez geroztik, alderdiaren buruzagitzan dago. Espainiako Kongresuan gaur egingo den mozioaren garrantziaz aritu da BERRIArekin.

Zerk justifikatzen du zentsura mozio bat aurkeztea? Eta zergatik orain eta ez lehenago?

Justifikatu ezin duguna da ez aurkeztea. Azkenaldiko gertakariak ikusita, uste genuen beharrezkoa zela baliabide parlamentariorik garrantzitsuena erabiltzea erakundeen bidez lapurretak egiten ari den gobernu bat boteretik kanporatzeko. PPren gobernuaren aurka egin genuen, baina Ciudadanosen eta PSOEren gestorari esker osatu egin zen. Gainera, EAJren botoekin bizirik jarraitzen du, aurrekontuetan alde bozkatu ostean. Gurtel auzian, Punica auzian, eta, Lezo operazioarekin gertatutakoa ikusita, mozioa aurkeztea eginbeharra zen guretzat. Ikusi dugun bezala, estatuko aparatuak erabiltzen dituzte beren mesedetarako. Mafia bat dira.

Ana Pastor Espainiako Kongresuko presidenteak mozioa aurkeztu eta hilabetera eman du gaurko data, aurrekontuen negoziazioak amaitu ostean. Hain justu, gaurko mozioan aliatu izan zitezkeen alderdi batzuk aurrekontuen alde egin dute.

Egoera ezohikoa da. Pastorrek egindakoak erakusten du estatuko edozein aparatu erabiltzen dutela beren mesedetarako. Pastorrek egindakoa ez zen inoiz gertatu, ezta Madrilgo Erkidegoan zentsura mozioarekin gertatutakoa ere. Lotsagarria izan zen, PP ez zelako saiatu ere egin gure proposamenen aurka egiten. Ez zien gure akusazioei erantzun. Ez duguna ulertzen da zergatik EAJ bezalako alderdiek babesten duten PPren gobernua. Argi dago Pastorren jokaldiaren helburuetako bat zela, besteak beste, EAJ salbatzea.

Zuen aldetik, mozioa aukera bat da Iglesiasen figura indartzeko?

Ez. Iglesias bada nahiko ezaguna. Gure ideia da Kongresuko baliabide garrantzitsuena erabiltzea mafia bat boteretik botatzeko. Gainera, esan genuen prest geundela mozioa kentzeko PSOEk beste bat aurkeztuko balu. Gure helburua ez da Rajoyren ordez Iglesias jartzea. Uste dut hori nabarmentzea garrantzitsua dela. Eta, guretzat, mozioa da 1978ko erregimena amaitzeko baliabide bat. Gero eta ustelagoa da. Trantsizioko hautsetatik lokatza jaso dugu egun, ez baizen garbiketarik egin; frankistek hor jarraitzen dute oraindik, eta PPk ordezkatzen ditu, hein handi batean. Gaurko emaitzaz gaiz, mozioak behar du PP ahalik eta azkarrena gobernutik botatzeko, eta prozesu eratzaile baten oinarriak finkatzeko.

Gaur zein izango da zuen estrategia, arreta jartzea Rajoyrengan, ala Iglesiasengan?

Mozioa aurkezten duen hautagaiak bere proiektua defendatu behar du, hala dio araudiak. Iglesiasek, beraz, hori egingo du, eta azalduko du zergatik aurkeztu dugun mozioa. Hori ezinbestekoa da. Baina gehien interesatzen gaituena da zer-nolako herrialdea nahi dugun eraiki: lurralde eredua, estatu eredua, eredu soziala, eta abar. Horregatik aipatu dizut ikuspegi eratzaile bat izan behar duela mozioak.

Zeintzuk dira aurkeztuko duzuen programaren oinarriak?

Oso luzea izango da. Orain arte izan ditugun iritziak bilduko ditu. Ekoizpen ereduaren aldaketa; eredu energetikoaren aldaketa; trantsizio ekosozialaren beharra; eta estatu eredu baten aurkezpena, demokrazia garatzeko balioko lukeena eta desberdintasun guztiak sartzeko balioko lukeena.

Iglesiasek Katalunia Espainiaren parte izateko modu berriak proposatuko dituela zabaldu da. Zein eredu litzateke? Aukera guztiak aipatu dituzue dagoeneko Espainiako alderdiek.

Gauza bera defendatu dugu beti. Arazo politikoek irtenbide politikoak behar dituzte, eta, gure ustetan, zentzudunena da gure inguruko demokraziek egin dutena egitea. Alegia, akordio bat lortzea, adostutako galdeketa egitea, Eskoziaren kasuan bezala. Hori proposatuko du, eta elementu pedagogikoa izan daiteke estatuko gainontzekoentzat. Horrelako akordioaren alde egiten dugun indar nagusia gara Espainian.

Puigdemontek erabaki du Kongresuan agerraldia egiteko eskaria abiaraztea. Hori egiteak, ordea, ez dirudi asko aldatuko duenik egoera desblokeatzeko.

Uste duguna da agortu egin behar direla elkarrizketarako baliabide guztiak. Trenen talkak ez die mesede egiten herriei, gutxi batzuei soilik. Dena den, elkarrizketarako prest egotea erakustea, negoziaziorako prest dagoela erakustea garrantzitsua da. Eta beti balio du zerbaitetarako.

Gai horren inguruan, alderdiko zure sektoreak, antikapitalistek, ohar bat atera du alde bakarreko erreferendumaren alde. Orain arte Generalitateak jarraitutako bideorria babesten duzue?

Ez. Defendatzen duguna da erreferendum bat egitea, bi aldeen artean adostua, ez dago diferentziarik Podemosen. Egiten bada, ez du baliorik izango, baina kataluniarren beste mobilizazio bat izango da. Eta mobilizazio izaera horren alde gaude. Iglesiasek argi utzi du: ezin dira hautetsontziak kondenatu. Jokaleku egokiena litzateke adostutako erreferendum bat, bermeekin.

Baina zuen oharrean jakinarazten duzuen iritzia aldaketa bat da ohiko jarrerarekiko. Desberdintasun handia da.

Alderdiaren barruan beti daude ikuspuntu anitz, baina gai horren inguruan akordio bat dugu. Ez dago diferentziarik, oraintxe jarri dut Twitterren: Domenechek, Iglesiasek eta hiruok iritzi bera dugu galdeketaren inguruan.

Zure sektorearen ustetan, Kataluniako erreferendumak 1978ko erregimenaren desegite prozesua azkartu dezake.

M-15 mugimenduak 1978ko erregimenaren desegite prozesu bat abiatu zuen. Zatiketa bat egon zen, eta horren erakusle da 2011n Konstituzioko 135. artikulua aldatu izana; ahalbidetu zuten zorra ordaintzea edozein eskubideren gainetik. Beraz, desegite prozesu bat baldin badago, prozesu eratzaile bat egon behar da. Ez da soilik Kataluniari buruzko gatazka bat, demokrazia zabaltzeko aukera bat zabaldu da. Bozkatzea eta erabakitzea elementu demokratikoak dira.

PSOEk kongresua egingo du asteburuan, eta programa adostuko dute. Sor litekeen aliantza bati begira, zer espero duzue asteburuan gertatzea?

Ikusteko dago benetan aldatu ote den Pedro Sanchez. Militanteen aldaketarako nahiak eraman dituzte alderdiko eliteekin haustera, eta beste politika batzuen alde egitea Corbyn edo Sandersekin gertatu bezala. Baina oraindik goizegi da PSOEn gauza bera gertatu ote den jakiteko. Sanchezek gauza bat dio egun batean eta hurrengoan kontrakoa. Jakin izan du militanteen sentimendua baliatzen idazkaritzara itzultzeko. Ikusiko dugu praktikan aldaketarik izan ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.