Albistea entzun

Iñigo Uzin Danobat Groupeko buruak gidatuko du aro berria Mondragonen

Abuztuaren 1ean ordezkatuko du Javier Sotil. Makina erremintari lotutako ibilbidea du, eta nazioartekotzean eta berrikuntzan egindako lana nabarmendu du korporazioak
Iñigo Uzin Danobat Groupen lantegiaren aurrean, atzo, Donostian.
Iñigo Uzin Danobat Groupen lantegiaren aurrean, atzo, Donostian. JUAN HERRERO / EFE

Jon Fernandez -

2016ko apirilak 16

Bi aroren arteko zubi lana eginda, udan erretiroa hartuko zuela iragarri zuen martxoan BERRIAn Javier Sotilek. Harrezkero, airean egon da Mondragon Taldeko presidentetzan nork ordezkatuko duen, baina Euskal Herriko talde industrial handienak atzo argitu zuen zeinek eta noiz hartuko duen Mondragonen gidaritza: Iñigo Uzin (Azkoitia, Gipuzkoa, 1960) Danobat Groupeko zuzendari nagusiak, datorren abuztuaren 1ean.

Mondragoneko Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen atzo, aho batez, Uzin izendatzea Sotilen ondorengo. Korporazioak datorren uztailaren 20an egingo duen urteroko kongresuaren ostean hartuko du kargua Uzinek. Mondragonek nabarmendu du makina-erremintaren sektoreari oso lotutako ibilbidea izan duela azkoitiarrak, eta nazioartekotzeko eta berritzeko estrategien ingurukoa izan dela haren jarduera. «Bere profilaren ezaugarria da nazioarteko merkatuetan lehiatu beharrari buruz ezagutza praktiko handia duen zuzendari bat dela», azaldu du prentsa ohar batean Mondragonek. Era berean, «makina-erreminta bezalako merkatu lehiakor batean berrikuntzaren alde eman duen bultzada pertsonala» ere azpimarratu du.

Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Uzin, eta berrikuntzaren kudeaketari buruzko master programa bat ere egina du unibertsitate berean. Haren ibilbide profesionala Danobat Groupi lotuta dago erabat, bertan hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta giza baliabideetako zuzendaria ere izan zen. Izarraitzek Danobatekin bat egin zuenean, enpresaren negozio unitateko buru izendatu zuten, eta, aldi berean, taldeko controller lanak ere egiten zituen.

Danobat kooperatibako kudeatzaile kargura ailegatu zen 1998an, eta geroago, 2012ko irailean, Mondragoneko Makina-Erreminta Dibisioko lehendakariorde postua hartu zuen. 2015eko ekainean, kargu hori eta Industria Automatizazioko Dibisioko lehendakariordetza bateratu zituen. Horrez gain, gaur egun Mondragon Unibertsitateko kontseilu errektoreko lehendakaria ere bada Uzin.

Kargua hartu aurretik, bi txosten eztabaidatuko ditu korporazioak uztailaren 20ko kongresuan. Batetik, Etorkizuneko Mondragon proiektua landuko dute; bestetik, 2017-2020 ziklo estrategikorako politika sozio-enpresariala.

Esan daiteke, nolanahi ere, Sotilek lemaren norabidea zehaztuta lagako diola Uzini. Etorkizuneko Mondragon, esaterako, Fagor Etxetresnen duela bi urte pasatxoko hondoratzeak taldean piztutako hausnarketaren ondorioa da, eta hura berriro ez gertatzeko tresnak eta jardunbideak martxan jartzea du helburu. Besteak beste, elkartasun funtsak modu eraginkorragoan baliatzea da Mondragon Taldeko zuzendaritzaren asmoa. Fagor Etxetresnak epe batez bizirik mantentzeko baliatu ziren 300 milioi euroak ikasgai ezin hobea izan dira korporazioan. Elkartasun zorrotz eraldatzailea kontzeptua sortu eta defendatu izan du Sotilek bere bi urteko agintaldian.

2015ean, emaitza hobeak

Mondragon ataka estuenean zegoenean hartu zuen gidaritza Sotilek, eta Fagor Etxetresnen porrotaren osteko Mondragonen fase berrirako trantsizio bidea gidatu du. Txema Gisasolaren dimisioaren ostean hartu zuen kargua 2014ko azaroan. 2013ko urrian sartu zen hartzekodunen konkurtsora Fagor Etxetresnak. Lurrikara haren ondorioak kudeatzea tokatu zaio Sotili, eta taldea krisi ekonomikoari buelta ematen hasia dela nabarmendu izan du bergararrak. 2015ean aurreko urteko salmentak gaindituko direla iragarri zuen azaroko kongresuan, eta 1.300 enplegu industrial sortu zituela iaz. 2014an 10.985 milioi euro fakturatu zituen taldeak, 2013an baino %1,4 gutxiago.

Kooperatibismoaren balioetan sakontzea eta lehiakortasuna indartzea izan da Sotilen errezeta. «Lehiakortasunak eskatzen du inbertsioak egitea, nazioartera ateratzea, baita autoexijentzia maila handia ere. Ezin da pentsatu kooperatibista zarelako edozer gauza egin dezakezula norbait etorriko delako gauzak konpontzera. Norberetik hasten dira soluzioak beti», esan zion martxoan kazeta honi. Mondragon Taldeak marraztutako Uzinen profilak bat egiten du diskurtso horrekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina hori da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Lanbideren bulego bat, Errenterian (Gipuzkoa) ©Andoni Canellada (Foku)

Enplegua galduz hasi da urtea Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Lanbidek eta Lansarek 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopuruak ere behera egin du: 12.237 gutxiago.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur. ©FRIEDEMANN VOGEL / Efe

EBZk %3ra igo ditu interesak, eta martxoan %3,5era iristeko asmoa du

Iker Aranburu

Eurogunea atzeraldian ez sartzeak eta inflazioa jaisteak ez du banku zentrala iragarritako bidetik atera. Interes tasak mugatik «urrun» daudela esan du Lagardek

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Fancisco Azpiazu idazkari nagusia. ©Monika Del Valle / FOKU

Cebekek enpresen lehiakortasuna handituko duen zerga erreforma bat eskatu du berriz

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko patronala «absentismo» handiaz kezkatuta dago, baina onartu du langileen zahartzeak eragina duela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.