Gaici Nah Bachir. Ingeniari militarra eta ekintzailea

«Saharako harresia 'apartheid'-aren bertsio marokoarra da»

Mendebaldeko Sahara banatzen duen harresia gizateriaren kontrako krimen bat da ikertzailearentzat: «Ondorio militar, politiko, sozial eta ekonomikoak eragiten ditu; okupazioaren ikonorik handiena da».

JON URBE / FOKU.
Kristina Berasain Tristan.
Tolosa
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gaici Nah Bachir (Tiris, Mendebaldeko Sahara, 1970) basamortuan jaio zen, «saharar gehienak bezala». Gaur egun haren jaioterria bitan zatituta dago, harresi batez, eta murru horretaz gehien dakien pertsonetako bat da, harresia ikertzearen bidez bihurtu baita ekintzaile. Ingeniari militarra da, eta aholkulari lanak egiten ditu gobernuz kanpoko hainbat erakunderentzat. El muro marroquí en el Sáhara Occidental. Historia, estructura y efectos (Marokoren harresia Mendebaldeko Saharan. Historia, egitura eta ondorioak) liburua idatzi zuen iaz, eta orain haren berri ematen dabil. Tolosaldea Sahararekin elkarteak berriki antolatutako hitzaldiaren aurretik mintzatu da BERRIArekin.

Mendebaldeko Sahara bitan banatzen duen harresia ikertzen aritu zara urtetan. Zer ondorio ditu harresiak?

Ondorio militarrak, politikoak, sozialak eta ekonomikoak ditu. Lau helburu murru bakar batekin; Mendebaldeko Saharan dagoen harresia apartheid-aren bertsio marokoarra da. Bitan banatzen du Mendebaldeko Sahara: alde batean, lurralde okupatuak daude; han bizi diren sahararrek jazarpena jasan behar dute egunero, tartean torturak eta atxiloketak. Beste aldean, lurralde liberatuak daude, eta handik gertu errefuxiatu sahararrak, basamortuen basamortuan, Tindufen, Aljerian. Harresiak bitan banatzen du herri bat. Batzuk okupaziopean bizi dira, eta besteak erbestean. Apartheid-aren ideia gauzatzen du murruak: black edo white bezala, okupazioa edo erbestea. Ez dago besterik. Giza eskubideen urraketa sistematikoak egitea baimentzen du. Zaindari bat da urraketa horiek guztiak egin ahal izateko. Arpilaketaren zentinela da ere. Marokoko militarren %90 lurralde okupatuetan daude,arrantzatzen dutenaren %90 han dagoen bezala.

Sahararrek Lotsaren Harresia deitzen diozue murruari.

Bai, munduan marka guztiak hausten dituen harresia baita. Txinako harresiaren ostean luzeena da, baina ez hori bakarrik; iraunkorrena da, herri bat bitan zatitzen duen bakarra, minatuena, isilduena, krudelena... Harresi fisiko bat da, artifiziala, beste baten lurraldean eraikia, helburu jakin batzuekin, eta egunero ereiten ditu izua eta beldurra, familiak zatituz, giza eskubideak urratuz, bakea eragotziz. Harresia gizateriaren kontrako krimen bat da, okupazioaren ikonorik handiena.

Zergatik eraiki zuen harresia Marokok?

Gerra galtzen ari zelako. Mendebaldeko Sahara militarki hartzeko saiakera etengabe eta hutsalen ostean eraiki zuen harresia. Maroko gerra garaian ez zen gai izan sahararren erresistentziari eta ausardiari aurre egiteko, baliabide militar gehiago bazituen ere. Gerra asimetrikoa zen. Hala ere, marokoarrak behartuta joan ziren gerrara, soldata baten truke, eta sahararrak sinesmen osoz ari ziren borrokan, askatasunaren alde. Marokoarrak ohartu zirenean bide horretatik ez zituztela sahararrak garaituko, murrua eraikitzeari ekin zioten. Baina, harresia eginda ere, borrokek jarraitu zuten. Harresiarekin gerra irabaziko zutela pentsatzen zuten, baina ez dute gerra irabazi, ez eta bakea lortu ere.

1987an bukatu zuten harresia, eta handik lau urtera sinatu zen su-etena, 1991n.

Bai. Epe laburrean, harresiaren asmoa zen erasoak eragoztea, baina Marokori harresiak ez dio balio izan gure lurra konkistatzeko. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen, baina ez du konkistatu. Horregatik sinatu zuten su-etena harresia bukatu eta lau urtera. Marokok gerra bukatu nahi zuen, baina ez zuen bakea nahi. Su-etena helburu bat zen armak isilarazteko, baina gerraren kausak bere horretan daude menia sinatu eta 25 urtera. Harresiarekin ez zuten espero zutena lortu. Fronte Polisarioari, berriz, aurkaria jartzeko aukera eman zion harresiak; gerra eremua mugatu egin zen, eta koordenatu geografikoak ezagututa eraso zehatzagoak egiten hasi ziren. Maroko harresian babestu zen, eta sahararrek hartu zuten erasorako ekimena. Goizaldean eta iluntzean egiten zituzten erasoak, udan zein neguan, eta operazio bakar batean 100 eta 200 soldadu artean ere hil zituzten. Harresia ere zulatu zuten, eta etengabe lapurtzen zizkieten armak. Lau mila eguneko gerran ez zuten lortu sahararrak geldiaraztea. Marokok, hori ikusita, estrategiaz aldatu zuen; gatazka luzatzea erabaki zuen, eta horregatik asmatu zuten erreferenduma. Maroko ohartu zen gerrak ez ziola mesede egiten.

Hainbat fasetan egin zuten harresia, ezta?

1980ko abuztua eta 1987 apirila bitartean, sei murru egin zituzten. Bat bukatzean beste bat egiten zuten, eremuak bereganatu ahala, estrategikoenetatik hasita. Murru guztien batuketa 2.720 kilometro dira.

Marokok hainbat herrialderen babesa izan zuen harresia egiteko. Zer herrialde?

Hamahiru guztira. Israelena izan zen ideia eta aholkularitza; estrategia, AEBena; babes politikoa, Frantziarena; finantzaketa, Saudi Arabiarena. Espainia ere harresiaren konplize izan zen; Felipe Gonzalez presidente zen garaian zutitu zuten seigarren harresia. Espainiak armamentua eman zion Marokori, eta, trukean, arrantza akordioa egin zuten. Feliperen garaian, Marokok inoiz ez bezalako armamentua eta munizioak jaso zituen.

Enpresak ere aipatzen dituzu.

Ehun bat enpresak babesten dute murrua egun; Espainiako enpresak eta baita Euskal Herrikoak ere: Eibarko Rio Tinto, esate baterako. Bilboko enpresa batek zodiakak saltzen dizkio Marokori.

Marokoko pobrezia tasa itzela bada ere, harresiak gastu militar itzela eragiten du.

Harresian 160.000 soldadu daude. Gerran, eguneko 1,5 eta 3 milioi dolar artean gastatzen zuten. Hamar urtean, gastu militarra %143 handitu da, eta Barne Produktu Gordinaren %3a doa harresira. Gaur egun, sendotzen ari dira, eta tristeena da pobre bizi diren marokoarrek ez dutela horren berri; existitzen denik ere ez dakite.

Munduko eremurik minatuena dela ere salatu duzu.

Mendebaldeko Saharan, hamar milioi mina daude; mina gehien dituen herrialdeen artean dago, eta Sahara osorik minen biktima den herri bakarra da munduan. Harresia puntatik puntara dago minez josita, eta eredurik sofistikatuenak daude; 72 mina eredu. Fronte Polisarioak minak debekatu zituen, Ottawako Hitzarmena sinatu baitzuen, baina Marokok minak erabiltzen jarraitzen du. Mina horiek 2.500 biktima baino gehiago eragin dituzte. Sahararen Lagunen Taldeko kide diren herrialdeetan sortuak dira harresiaren inguruan dauden minen %40. Bakea sustatu ordez, minak saltzen dizkiote arerioari.

Paradoxikoki, estatu bakar batek ez du onartzen Marokoren subiranotasuna Mendebaldeko Saharan.

Diskurtso bikoitza da; gero, giza laguntza banatzen dute. Horrela estaltzen dute moralgabekeria. Mendebaldeko herrialde horiek sortzen dituzte gerra odoltsuak demokraziaren izenean. Nekez uler daiteke, baina hala da. Ekialde Hurbila, adibidez, beterik dago. Berlingo Harresia erortzea sustatu zuten herrialde berek laguntzen dute harresi honi zutik eusten. Reaganek Gorbatxovi harresia botatzeko eskatu zion; gu harresia botatzeko eskatuko duen lehen presidentearen zain gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.