Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala. Aimar Olaizola. Asegarceko pilotaria

«Ez nuen uste sekula buruz burukoa irabaziko nuenik»

Ez dio axola aurkariak, eta, horregatik, harentzat ez da berezia finala Irujoren aurka izatea. «Ni egotea da garrantzitsuena», dio. Bere ibilbideko buruz buruko zortzigarren finala da. 33 urterekin, ez du nahi azkena izatea.

Imanol Magro Eizmendi.
Goizueta
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Goizuetako ibaia hazita dator, eta, aspaldiko partez, eguzkia itzuli da haran berdera. Halere, Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) elizako itzalpea nahiago izan du solasaldirako. Elkarrizketa baino gehiago solasaldia izan da: duela hamabost urteko debutaz, iraganaz, orainaz, buruz burukoaz... Herriko apaizak bakarrik eten du, eliza barruan sartzeko gonbita eginez. «Hor hotza egiten du». Umoreko saihestu du gonbita Olaizola II.ak.

Zure onenean ez zaudela diote, freskotasunik ez duzula nonbait.

Nik ez dakit zer dioen jendeak, baina gaizki egonda ezin da finalera iritsi. Egia da orain baino hobeto egon naizela, baina ez nago gaizki. Puntu hobeak izan ditut, baina igandean ondo egotea espero dut.

Arduratzen al zaitu horrek?

Ez. Nik badakit nola nagoen, eta zer-nolako itxura eman dezakedan. Hemen, aurreko partidek ez dute balio; garrantzitsuena egun horretan egitea da.

Apirilaren 12an hamabost urte bete ziren debuta egin zenuenetik. Datarekin oroitu al zinen?

Egunarekin baino gehiago, jada hamabost urte direla nuen buruan, eta gero eta gazte gehiago ditudala inguruan, eta niri gero eta gutxiago gelditzen zaidala. Nahi gabe bada ere, denbora bizkor pasatzen ari da, eta hori seinale ona da, gozatzen ari naizelako. Baina nik uste dut oraindik urte batzuk baditudala aurretik.

Zenbat? 40 urtetik gora jokatzen ikusten al duzu zeure burua?

Beste sei urterako kontratua dut, eta, neure burua ondo ikusten badut, luzatu nahiko nuke. Dena den, zail ikusten dut nire kasuan berrogeitaka urterekin maila altuan jokatzen jarraitzea.

Zurekin hasitako gutxik jarraitzen dute profesionaletan. Zer pentsataua ez al dizu ematen?

Zortea eduki dugula. Gainera, garai hauetan, zure maila eman ezean azkarrago bukatzen da pilotari ibilbidea.

Debutatu aurretik pentsa zenezakeena baino gehiago lortu duzu?

Hemendik aurrera ezer ez irabazita ere gustura har dezaket erretiroa. Inoiz pentsatu baino txapel gehiago irabazi ditut. Ez da erraza irabaztea, eta hemendik aurrera, gozatzera, eta, ahal bada, txapelen bat irabazi. Noski, gustatuko litzaidake beste txapelen bat irabaztea, baina finalak galdu izan ditudanean ere ez zait asko kostatu kolpea atzean utzi eta aurrera begiratzea.

Zergatik zara zu pelotari?

Ni pilotari jaio nintzen. Baina, tira, hala jaiota ere lan egin behar da, gorputza zaindu eta gauzak egiten saiatu. Baina garrantzitsuena jaiotzea da.

Azken hamar urteetan debutatu duten pilotarien artean ez dago ez buruz buruko finalistarik, ez lau t'erdikokorik, ezta binakako finala jokatu duten aurrelaririk ere. Juan Martinez de Irujo izan zen azkena. Zer pentsatua ematen al dizu zerrenda horrek?

Ez dakit, bada... Azken urteetan Irujo eta biok final askotan egon gara, eta Xala, Bengoetxea... Baina, tira, iruditzen zait gazteak tokia egin nahian dabiltzala eta lortuko dutela. Dena den, egia da urte batzuetan hor egon garela gu, baina gazteak iritsiko dira, ez dakit noiz, baina hor daude Urrutikotxea, Idoate, Ezkurdia, Jaunarena... Apurka guk ere behera egingo dugu.

Zer da zuretzat buruz buruko txapelketa?

Nik ez nuen sekula pentsatu buruz burukoa irabaziko nuenik. Ikusten nuen ni baino kolpe gehiagoko pilotariak bazeudela. Niri lau t'erdikoa gustatzen zait. Baina buruz buruko lehen txapela irabazita, ikusi nuen nik ere txapela irabazteko modua banuela orain jokatzeko era honekin, airez, sotamanoz, botera altuera emanez...

Estilo berriak mesede egin al dizu?

Bai eta ez, lehengo estilora ere nahiko ongi ibili nintzen. Hasieran, botera, 22-23 urte nituenean, Beloki eta enparauen aurka nahiko ongi moldatzen nintzela. Nik uste dut bietara ere ondo moldatu izan naizela.

Botetik aire jokorako bilakaera oso ona izan duzu.

Pilotari batzuek, kolpea izanda ere, ez dutelako airerik. Orain, ahal den gehien airez jokatzen dugu. Gaur egungo pilotek ez dizute atzera joateko denborarik ematen; ahal den gehienetan aurrera egin behar da, eta horrek ekarri du pilotariek hala jokatu behar izatea.

Duela gutxi pilota biziegiak zirela esan zenuen berriz. Kexa baino gehiago, etsipena zen.

Nik uste dut hori denek ikusten dutela, eta nik ere pilota biziak hartu ditut. Nik hori esaten dut pilota horiek ikuskizunerako ez direlako onak; 25 minutuko partidak izaten dira. Nire ustez, aurtengo txapelketako bi partidatan, Barriola eta nirea eta Irujo-Bengoetxearena, pilota gehiegizkoak izan dira, gehiegi irteten zirenak. Nik ez diot niretzat txarrak direnik, ikuskizunarentzat baizik.

Ez zara kexatia izan.

Nik denbora asko daramakit esanez pilota biziegiak direla. Beste pertsona batzuk daude pilotak saskian sartu eta hori kontrolatzeko, baina ez badute ezer egiten... Nik uste dut mundu guztiak esan duela, Bengoetxeak berak esan zuen ez duela inoiz halakoekin jokatu.

Manomanistako finaleko astea eta beste finaletakoak desberdinak al dira?

Ez. Behin finalean egonda, hiru txapelketek garrantzi berbera dute niretzat.

Arraro egoten al zara? Maniarik?

Tentsio handiarekin egoten gara, eta jende guztiak gai berberari buruz hitz egiten dizu. Hori bereziki etxekoek nabaritzen dute. Maniak? Gero eta gehiago; urteekin, okerrera. Partida garrantzitsuetan pilotariek mania gehiago izaten dituzte, baina gero ez dute eraginik izaten. Ez dakit zerk zortea eman dit: arropa berbera jantzi, edo mendi buelta berbera egin gauzak ondo badoaz...

Manomanistako finalak irabazi baino gehiago galdu egin dituzu.

Tira, nik zazpitik hiru irabazi ditudala pentsatzen dut, eta hori asko da, alerik ere ez nuela irabaziko pentsatzen nuelako. Oso gutxi dira hiru irabazitakoak.

Bateren bat bereziki oroitzen al duzu?

Ez dakit... Irujori irabazitako lehenbizikoa berezia izan zen [2005ean]. Baina txapel guztiek dute zerbait berezia.

Eta galdutakoen artean?

Min hartu eta besoa hautsi nuen hura [2003an, Patxi Ruizen aurka]. Orduan gauza asko egon ziren... eta, gainera, aurreneko tantoan zuntz haustura izan nuen.

Xalaren aurkakoak ere eman zuen zeresana...

Aurrekoak gertatu zirelako, eta finalean ni ondo irabazten hasi nintzelako. Baina orduan ere garbi ikusi zen sakea hartuz gero hemen edozeinek irabaz diezaiokeela edozeini, nahiz eta 21-15 irabazten joan. Besterik gabe.

Sake-errematearen finala izan zen hura.

Bai, baina ordurako hasia zen jendea hala jokatzen, eta sekulako takadak egoten dira.

Eta Irujoren aurkako iazko finalaz zein oroitzapen duzu?

Ona. Irabaziz gero, beti da ona. Egin dudan partidarik onenetako bat izan zen. Eman baino gehiago, asmatu egin nuen, gurutzatzen eta sakean. Gakoa sakean egon zen. Ez naiz sakatzaile handia, horregatik, bizi jo ordez, gurutzatzen saiatzen naiz. Eta iaz horretan asmatu egin nuen.

Jendeak aro hau Olaizola II.aren eta Irujoren artekoa izan zela gogoratuko du.

Niretzat garrantzitsuena ni finalean egotea da. Aurkaria zein den? Ez dit axola. Baina garbi dago Irujo eta biok askotan elkarren aurka aritu garela finaletan, eta hori bientzat ona dela. Baina niretzat ez da berezia Irujoren aurka jokatzea. Lau t'erdian Bengoetxearen aurka jokatu nuen, eta berdin-berdin zen garrantzitsua.

Gazteen partidak ikusten dituzu: jaialdiko hirugarrenak, afizionatuenak... Debutatu zuenean, Irujo hain urrun iritsiko zela uste al zenuen?

Ez nuen ezagutzen, eta gero, kolpetik buruz buruko finalean sartu zen. Afizionatuetan ia ez nion partidarik ikusi, DVko bateren bat agian bai, baina kasuak izaten dira, oso goiz nabarmentzen direnak, eta hori da Irujorena.

Irujo al da aurkaririk gogorrena?

Gogorrenetako bat bai behintzat. Baina gaur egun, Irujoz gain, aurkari gogor asko daude: Xala, Bengoetxea... Egun Lehen Mailan dauden pilotari guztiek asko jokatzen dute, eta oso garrantzitsua da euren artean mantentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.