Jamixel Bereau. Kalakan taldeko kidea

«Gure kultura gaur egun nola bizi dugun erakutsi nahi dugu»

Kantu zaharrak «gaur egungo moldean» interpretatuko ditu Kalakan taldeak 'Ekhi' ikuskizunean, Ipar Euskal Herriko hainbat artistarekin batera, Bereauren arabera. Bihar aurkeztuko dute, Donostian.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Diziplina desberdinetako hainbat artista elkartuko ditu Kalakan taldeak bihar, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko duen Ekhi ikuskizunean. Jatorrian, hala ere, Ipar Euskal Herriko kantu tradizionala dute ia guztiek, Jamixel Bereau Kalakaneko kidearen arabera.

Ikusi ala entzun beharrekoa izango da, batez ere, ikuskizuna?

Denetarik izango du; kantuak izango du leku gehien, baina musika eta dantza ere izango dira. Kolaborazio asko izango ditugu; besteak beste, Beritza dantza taldea, hip hop mundutik datorren Belgikako dantzari bat eta beste hainbat. Sorpresa bat ere izango dugu, baina ezin dugu esan zein izango den, bestela ez baita sorpresa izango.

Hogei artista inguru ariko zarete, guztira. Oholtza gainean ezagutu al duzue elkar?

Beritza konpainiarekin aurrez lan egin gabe geunden, baina gainontzeko gehienekin aurrez arituak ginen. Bazen elementu komunik guztiok egiten genuenean, eta hori guztia batu nahi genuen. Ohartu gara kolaboratzaile guztiok bata bestearekin lotzen gaituen zerbait badela, izan daitekeena kultura ulertzeko ikuspuntu antzeko bat. Elementu komun hori oholtza gainera eramatea ideia polita iruditu zitzaigun.

Artista horien artean profesionalak eta amateurrak zaudete?

Erdi eta erdi gara, gutxi gorabehera; batzuek ez dute profesional bilakatzeko pausoa eman, arrazoi desberdinak medio, eta beste batzuek horretan dihardugu. Edonola ere, guztiok plaza berdinetik gatoz. Lehentasunak eta aukerak desberdinak izan dira hor gaudenentzat; kirolean gertatzen den gauza bera da: kirolaren arabera, goi mailara iristeko aukera gehiago edo gutxiago duzu.

Hortaz, musika tradizionala ogibide bihurtzeko orduan, gabeziak sumatzen dituzu?

Mundu profesionalak amateurraren beharra du, ezinbestean. Ekoizpen amateurrean bada freskura eta xalotasun bat, eta, hori guztia profesionalizatuko balitz, ez ginateke gai izango gauza horiek bereizteko. Behin profesionalizatuta, beste kode batzuk errespetatu behar izaten dira. Ipar Euskal Herrian, benetako arazoa estrukturetan eta ekoizpen moduetan dago; ez dira nahikoa profesionalak, eta hemengo talde asko Hego Euskal Herrira joaten dira euren lanak ekoiztera. Bestelakoan, mundu amateur hori bere horretan utzi behar dela uste dut. Mundu hori, eta inguratzen duen kultura dira, azken finean, musika hori hain berezi egiten dutenak.

Ekialdera, sorlekura itzuli nahi izan al du Kalakan taldeak Ekhi ikuskizunarekin?

Sinbologia desberdin asko ditu ekialdeak. Alde batetik, eguzkia bertatik ateratzen da; bestetik, gu Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ekialdean gaude, iparraldean bainoago, eta hangoak gara parte hartuko dugun artistak. Eguzkiaren eta argiaren sorlekutzat hartu izan da ekialdea, eta, aldi berean, historian zehar, poetek eta bestelako sortzaile askok jo izan dute ekialdera inspirazio bila.

Pierre Sanglak Thierry Biscary ordezkatu du taldean. Zer moduz egokitu da?

Berak jakingo du hori inork baino hobeto, baina ondo esango nuke nik. Perkusioa oso ondo ezagutzen du. Bateria jotzaile moduan aritua da hainbat taldetan, eta, jotzeaz gain, koroak ere sartzen zituen gehienetan. Hortaz, gurekin egin beharreko ariketa ezaguna du. Taldera moldatzeko eta kideon arteko kimika hori sortzeko denbora pixka bat behar da. Ondo egokitu da, baina, normala denez, prozesu horrek bere denbora behar izaten du.

Musika tradizionalaren barruan kokatu duzue ikuskizuna. Aurrez, ez al zenuten zuen musika eremu horretan kokatzen?

Noski, euskal kantu zaharra dago gure musikaren muinean. Txikitatik inguruan bizi izan dugu, eta ondare hori erabili eta interpretatzen dugu, bestelako ildo batzuetako doinuekin batera. Oholtza gainean izango garen artista guztiok daukagu presente ondare hori, eta ikuskizunean agerian geratuko da nondik gatozen, eta nola bizi dugun, gaur egun, errepertorio zahar hori.

«Ipar Euskal Herriko kulturaren argazki bat» erakutsi nahi duzue. Zenbateraino da gaur egungoa argazki hori?

Kanta zaharrak dira iraganeko elementu bakarra. Artistak gaur egungoak dira, eta, obrak interpretatzeko orduan, gaur egungo moldean egiten dugu. Ez da gure asmoa kantu horien antzinako bertsioak errepikatzea. Sortzeko momentuan ez daukagu horrelako kezkarik. Gure kultura gaur egun nola bizi dugun erakutsi nahi dugu, iraganeko elementuei gaurkotasuna emanez.

Tradizioaren eta modernitatearen arteko uztarketa zaila al da?

Horixe da, hain zuzen, gure erronka: bien arteko oreka aurkitzea. Modernitatea sartu beharra dago kantu zaharretan, bizirik iraungo badute. Hori egin ezean, kultura museo bilakatuko da, gauza hila. Funtzionaltasun aldetik begiratu behar zaio; gaur egunerako balio ez badu, berrasmatu egin beharko da.

Zergatik erabaki duzue lan berri honen aurkezpena Donostian egitea?

Donostia Kulturaren proposamen bat izan zen, eta hala suertatu zen aukera; ez da bestelako arrazoirik.

Baduzue asmorik lana, nolabait, formatu fisikoren batean jasotzeko?

Oraingoz, ez. Ez dakit aurrerago zer egingo dugun, baina pausoz pauso joatea gustatzen zaigu. Estreinua, behintzat, ez dugu grabatuko; aski lan eta presio badugu bestela ere ikuskizuna prestatzen, halako kontuetan pentsatzen jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.