Egipto. Presidentetza hauteskundeak. Hamdin Sabahi. Egiptoko presidenterako hautagaia

«Militarren lana herritarrak babestea da, eta politikatik at utzi behar ditugu»

Al-Sisi faborito argia da Egiptoko presidentetzarako bozetan, eta jeneral ohiaren aurkari bakarra Hamdin Sabahi politikari nasserista da. «Iraultzaren hautagai gisa» aurkeztu da bozetara.

Ane irazabal
Kairo
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Egiptoko presidente berria izateko aukerak badituela uste du Hamdin Sabahik (Baltim, Egipto, 1954). Azken asteotan buru-belarri ibili da Egiptoko txoko guztiak bisitatzen, eta ahalegin betean aritu da menderaezina dirudien aurkariari ahalik eta boto gehien kentzeko. Horretarako, sistema militarraren alternatiba gisa aurkeztu da egiptoarren aurrean.

Politikari nasseristak ziurtasunez esaten du herritarren artean babes zabala daukala —2012ko bozetan hirugarren geratu zen—, eta zalantzati daudenen botoa erakartzeko gai dela uste du. Zurrumurruak ukatu, eta Al-Sisiren gobernuan ez lukeela ministro izatea onartuko esan dio BERRIAri.

Hauteskunde hauen garbitasuna zalantzan dagoen arren, hautagai aurkeztea erabaki duzu. Zergatik?

Egiptoarrok bi iraultza egin ditugu: 2011n Hosni Mubarak boteretik kendu zuena, eta iazko ekainaren 30ean Anaia Musulmanen aurka bultzatu genuena. Bi matxinadetan herritarrek hainbat eskaera egin zituzten, baina oraindik ez dira bete. Horrenbestez, eskakizun horiek boto eskubidearen bidez aldarrikatzeko ordua iritsi da.

Nolakoa izan da hauteskunde kanpaina?

Zailtasun asko jarri dizkigute, batez ere mitinak egiteko baimenak emateko orduan. 2012ko presidentetzarako bozetan askatasun giroa izan genuen, ez zegoelako sistema zaharrak babestutako hautagairik. Orain, berriz, Al-Sisi daukat aurrez aurre. Hala ere, ziur gaude kanpaina osoan izandako trabak gainditzeko gai izan garela.

Egiptoarrek presidente aukeratzen bazaituzte, zeintzuk izango dira zure hiru lehentasunak?

Lehenbizi, pobrezia erauztea. Egiptoko arazorik larriena da, herritarren erdiak baino gehiago txiro bizi direlako. Bigarrenik, sistema demokratiko bat sortu nahi dut, eta instituzioak garbitu. Hirugarrenik, Egipto aske bat garatzea da nire helburua, beste inoren estatu satelitea izan ez dadin.

Hauteskunde kanpainan asko hitz egin duzu ustelkeriaren inguruan. Nola egin nahi diozu aurre arazo horri?

Sistema politikoaren gardentasuna bermatzeaz arduratuko den nazio mailako batzorde bat sortzea proposatu dut. Egipton ustelkeria gehiena maila txikian ematen da, funtsean haien soldatekin bizirik irauteko nahikoa ez duten herritarren partetik. Hala, gutxieneko soldata handitu, eta gehieneko soldatari muga bat jarri nahi diot.

Presidentetzarako bozketa gizarte zatiketa sakon baten barruan egingo da. Agintariek hainbeste iragarritako adiskidetzea ez da lortu...

Horregatik da beharrezkoa trantsiziozko justizia sistema bat sortzea. 2011ko urtarriletik orain arte egin diren bidegabekeria guztiak epaitu behar dira. Iraultzaren martiriek justizia merezi dute, haien familiek barkatzeko aukera bat izan dezaten. Uko egin behar diogu erlijioa arma politiko moduan erabiltzeari. Haatik, gorrotoaren diskurtsoa amaitu nahi dut, eta horregatik, hezkuntza sistema eta hedabideak erreformatu nahi ditut. Adierazpen baketsu guztiak errespetatu behar dira.

Anaia Musulmanen aurkako militarren esku hartzea sutsuki defendatu zenuen iaz. Orain, Al-Sisi jeneral ohia duzu aurkari. Tradituta sentitzen al zara?

Oso gai delikatua da. Iazko iraultzaren bultzatzaileak egiptoarrak izan ziren. Nik biziki errespetatzen dut armadak orduan hartu zuen erabakia, Egiptoko herriaren alde jarri zelako. Baina, orain, beharrezkoa da erregimen demokratiko eta zibil bat sortzea. Militarren zeregina herritarrak babestea da, ez estatua kontrolatzea edo hauteskundeetan eskua sartzea. Guztion onurarako, militarrak politikatik at utzi behar ditugu.

Al-Sisik ere ideia bera nabarmendu du, baina armadaren eragina begi bistakoa da bere kanpainan...

Al-Sisi Egiptoko presidente izaten bada, politikatik urrun utzi beharko ditu militarrak. Izan ere, iritzi publikoa oso indartsua da eta ez du nahi armadak prozesu politikoan eskua sartzea.

Errepresio politikoak gora egin du azken hilabeteetan. Protesta eskubidea mugatzen duen legearen kontrakoa zara zu. Zer egin daiteke egoera hobetzeko?

Giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoek amaitu egin behar dute. Protesta legea ez da justua, eta horregatik, araudia erreformatzea proposatzen dut. Konstituzioak ez dio inori baimenik ematen herritarren askatasunak mugatzeko. Legea zuzendu egingo dut, eta hala, araudiaren ondorioz kartzelan sartu dituztenak aske geratuko dira.

Anaia Musulmanek ba al dute tokirik jokaleku politiko berrian?

Auzitegiek argi esan diete erakunde moduan desegin egin behar direla. Halaber, konstituzio berriak debekatu egin ditu oinarri erlijiosoa duten alderdi politikoak, eta nik araudia errespetatzen dut, ez bakarrik Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiaren kasuan, baita Al-Nur alderdi salafistaren edo bestelako taldeen kasuan ere. Legeriak argi dio: izaera zibila izatea onartzen badute, ongi etorriak izango dira sistema politikoan.

Halere, ezin dira zaku berean sartu erakundeak eta gizabanakoak. Sistema politikoak herritar guztiak babestu behar ditu, haien iritziak era baketsuan ematen dituzten bitartean. Ez dio axola islamistak, nasseristak, liberalak, ezkertiarrak edo eskuindarrak izatea. Adiskidetasuna lortzeko benetako bidea da konstituzioa errespetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.