Darponek lan eskaintzaren auzian «frogak» eskatu ditu, «asmakeriak» daudelakoan

Oposizioko kideei kargu hartu die Osasun sailburuak; «etika falta» egotzi die. ELAri LAB eta ESK atxiki zaizkio: fiskaltzan salaketa jartzea ebatzi dute hirurek

Osasun sailburu Jon Darpon atzoko kontrol saioan. DAVID AGUILAR / EFE.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Salaketa gogorrak egin zizkioten atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponi Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan; Osakidetzako lan eskaintza publikoan salatu berri diren irregulartasunen larritasunaz ohartarazi, eta argibideak eskatu zizkioten.Etsaminetako galderen filtrazioen inguruko salaketak zabaldu dira, hain justu, asteon; ezagutu dira, besteak beste, sindikatuek azterketetako emaitza ezohikoen berri emateko egindako txostenak. Administrazioak hasiera batean erantzun zuen ez zegoela horien gaineko salaketa formalik, baina gero eta zantzu gehiago agertu direla onartuta, neurriak hartu behar izan ditu: geratuta daude orain lau espezialitatetako lan eskaintzak, espedienteak irekita daude horiek aztertzeko, kanpoko organo baten ikerketa agindu dute lan eskaintza osoari erreparatzeko, eta fiskaltzari eta Arartekoari ere adierazi diete lankidetza ilunak argitzen laguntzeko. Deus oker egin izanaren zantzua agertzen bada administrazioak ez duela atzera egingo agindu zuen atzo Darponek: «Guk dugu interesik handiena. Ezer frogatzen bada, irmo jokatuko dugu». Halere, «asmakeriak» uzteko eskatu zien oposizioko ordezkariei, eta «frogetan» oinarrituta aritzeko. «Irmo erantzungo dugu esaten diren gauza faltsuen inguruan, bai eta irregulartasunen inguruan ere: frogatzen badira».

PPko, Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko legebiltzarkideak solastatu ziren gaiaren inguruan: aski kritikoak izan ziren denak Darponekin. Laura Garrido (PP): «Gaizki eta berandu erantzun duzue. Egoerak gainezka egin dizue». Kristina Makazaga (Elkarrekin Podemos): «Kultura demokratikoa ez da oraindik iritsi osasun zerbitzuetara». Rebeka Ubera (EH Bildu): «Arinkeriaz ari zarete. Bermatu egin behar al duzue gai honen inguruan egon den zigorgabetasuna?». Bereziki gogor mintzatu zen sailburua Elkarrekin Podemoseko ordezkariari erantzuna ematean. Alderdi horrek plazaratu du asteon salaketetako bat; zeresana franko eman duen datu objektibo batekin, gainera. Etsaminetako bat egin aurretik notario baten aurrean izenpetutako agiri bat aurkeztu dute: dokumentu horretan azterketako notarik onenak lortuko zituzten profesionalen izenak ageri ziren, proba egin aurretik idatzita. Biluz-biluzean utzi zuen agiri horrek praktika txarren baten arrastoa. Hala ere, horren atzean zer dagoen argitzen ahalegindu beharrean, sailburuak Elkarrekin Podemosi jokatzeko era horren inguruan kargu hartzea hautatu zuen atzoko saioan: «Politika populista egiten duzue».

Agiria eman zioten

Agiria eskura eman nahi izan zioten Elkarrekin Podemoseko ordezkariek Darponi, eta orduan mintzatu zen, bereziki, sailburua aparteko suminduraz haien kontra: «Gaur ematen didazue? Hori al da zuen estiloa?», galdera egin zien. «Politikan denak ez du balio; etika falta erabatekoa erakutsi duzue». Etsaminen batean jokabide okerren bat gertatuko zen susmoa bazuten, horren berri eman behar zutela esan zien: «Abisatu egin behar zenuten». Bestela jokatzea egotzi zien: «Kontrara, prentsaren aurrean aurkeztea erabaki zenuten. Osakidetzaren izen ona zikintzea besterik ez zenuten nahi».

Kargu hartu zioten alderdien artean, Elkarrekin Podemosek, bereziki, mediku espezialistentzako lan deialdi guztiak gerarazteko eskatu zion sailburuari. Uste dute horien inguruko susmoak daudela. Rebeka Uberak, berriz, «muineko» aldaketen alde egin zuen. «Eredua aldatzen ez den bitartean, honek honela jarraituko du; ez da lan eskaintza publiko garbirik egongo. Zuztarrera joatea nahi dugu».

Argudio horrexekin, LAB eta ESK sindikatuek ELA sindikatuarekin bat egin dute fiskaltzan salaketa bat aurkezteko. LAB sindikatuko Anafran Astigarragak azaldu du lehen urratsa Arabako Fiskaltzan egin zutela ostegunean, eta han esan zietela EAEko Fiskaltza Nagusira jotzeko salaketa ipintzera: «Adierazi ziguten badirela horretarako motiboak». Atzo arratsaldean SER irrati kateak aditzera eman zuen ELA sindikatuaren salaketa aintzat hartu duela dagoeneko fiskaltzak, eta hasi dituela eginbideak horren gaineko ikerketarako. Sindikatuak jakinarazpen ofizialik ez zuen jaso oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.