Txalupak alde zaharrean

Ebroko urak Tuterako hainbat karrika hartu zituen atzo azpian.Erriberako bertze hainbat herritan ere gainezka egin zuen ibaiak.UPNk laguntzak eskatu ditu

Babes zibileko kideek txalupa baliatu zuten atzo Tuterako alde zaharreko bizilagunak laguntzeko. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Tutera
2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hiri barrura sartu zen. Osteguneko gaua Ebro ibaiari so eman zuten Tuterako (Nafarroa) herritarrek, gainezka eginen ote zuen beldur. Eta hala gertatu zen, azkenean. Atzo goizean nabarmena zen uholdeen arrastoa, oraindik ere: ur azpian ziren alde zaharreko hainbat karrika. Kezka sortu zuen egoerak tuterarren artean; bai eta ikusmina ere: herritar anitzek egin zuten bat alde zaharrean, Ebrok azpian hartutako karriketan argazkiak egiteko. Babes zibileko kideek txalupak baliatu zituzten urak hartutako kale horietako bizilagunak haien etxeetatik ateratzeko. Uholdeek ez zuten arazo larririk eragin, hala ere. Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio kontseilari Jose Javier Esparza Tuteran eta Erriberako bertze hainbat herritan izan zen atzo, eta «lasaitasun» mezua zabaldu nahi izan zuen.

11:30ean ailegatu zen Esparza Tuterara. Ordu horretan 7,54 metroko mailan zen Ebro ibaia. Orduan hasi zen egonkortzen. «Maila gorenera 07:00etan iritsiko zela uste genuen hasieran; gero 10:00etan, gero 11:00etan. Badirudi azkenean igotzeari utzi diola urak». Babes zibileko kide Esther Perez Miguel Servet karrika zaintzen aritu zen atzo goizean. «2003ko uholdeetan baino gorago egin du urak oraingoan», nabarmendu zuen.

Erriberan ostegunean hasi ziren arazoak. Valtierran A-15 autobideko bide bat itxi behar izan zuten, hainbat orduz. Atzo zabalik ziren bide guztiak, baina uholdeen tamaina igartzen ahal zen, autobidearen pare baitzen Ebroko ura, bi aldeetatik. Valtierran eta inguruko herrietan soroak hartu zituen urak azpian, batez ere. Fustiñanan, ur azpian gelditu zen soro batean gizon bat hilda aurkitu zuten atzo goizean. Traktorean zegoen, baina, antza denez, berez hil zen.

Tuteran hiriko karriketaraino iritsi zen ura. Ebroren maila behera egiten hasi zenean, Buñuelen egin zuen gora kezkak. Herri hori Fustiñanarekin lotzen duen errepidea itxi behar izan zuten atzo, urak gainezka egin zuelako. «Ebroren emaria segundoko2.400 metro kubo ingurura iritsi da», azaldu zuen Esparzak, atzo, Tuteran.

Ibaia garbitzeko eskaera

Gaur Ebro ibaiaren emariak behera eginen duela espero du Nafarroako Gobernuak, baina oraindik ere handia izango da. Azken egunotan, 20.000 hektarea inguru hartu ditu urak azpian, Erriberan, behin-behineko datuen arabera.

Nekazariek haien kexa agertu dute azken egunotan, hain zuzen, eta Ebroko Ur Konfederazioari egotzi diote, batez ere, gertatu denaren ardura. Gogoratu dute bertze hainbat aldiz ur emari handiagoarekin kalte arinagoak eragin dituela Ebrok. Jose Javier Esparza kontseilariak kexa horrekin bat egin zuen atzo, eta iragarri zuen gobernuak ibaia garbi dezala eskatuko diola, astelehenean, Ebroko Ur Konfederazioari. Esparzak erran zuen, halaber, ezohiko laguntzak eskatuko dizkiotela Espainiako Gobernuari, oraingo uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko.

Amaiurrek ere azalpenak nahi ditu, eta Ebroko Ur Konfederazioko eta Kantauriko Ur Konfederazioko arduradunek agerraldia egin dezatela eskatu du, Espainiako Kongresuan.

Ebroren egoera izan zen atzo tuterar anitzen mintzagai, alde zaharreko karriketara ailegatu zen urari so egiten zioten bitartean. «Ibaiak beti bilatzen du bere tokia», gogoratu zuen Antonio Ostak. 1960ko hamarkadako uholdeak ekarri zituen gogora Tuterako bizilagunak. «Ordukoak oraingoak baino gogorragoak izaten ziren». Atzoko egoera, berriz, 2003. urtean gertatutako uholdeekin parekatu zuen Ostak. «Akaso gaur [atzo] pixka bat gehiago egin du gora urak». Ibaiak berea hartzen duela gogoratu zion lagun batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.