Donibane Garazin bikotekide ohia hiltzea leporatutako gizona presondegiratu dute

Prokuradoreak jakinarazi du biktimak salaketa bat jarri zuela iaz tratu txarrengatik. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du ostegunerako

Donibane Garazin lore sorta bat utzi zuten larunbatean, Roxane bikotekide ohiak hil zuen lekuan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Larunbatean Donibane Garazin bikotekide ohia autoz harrapatzeaz eta hiltzeaz akusaturiko 25 urteko gizona presondegira sartu zuen atzo Baionako Auzitegiko epaileak. Hala eskatua zuen prokuradoreak; hark formulatu dituen akusazio guztiak ere atxiki ditu magistratuak: «arma bitartez, intentziorik gabe, baina heriotza eragin duen nahitako bortizkeriaz» jardutea leporatu diote. Alkoholaren eraginpean ibilgailua gidatzea ere egotzi diote; aire litro baterako 0,46 miligramo alkohol neurtu zizkioten atxilotu zutenean. Datorren ostegunean iraganen da haren askatasunaren inguruko eztabaida, eta haren defentsaren prestatzeko epea eskatu du akusatuak.

Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako hirugarren emakumea da Roxane; 32 urte zituen, eta hiru haurren ama zen. Larunbatean aurkitu zuten hilik, 04:00etan, Donibane Garaziko turismo bulegoaren parean. Suhiltzaileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko.

Poliziak ikerketa hasi zuen berehala, zantzuak baitzituzten ibilgailu batek harrapatuta zendu zela emaztea. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak azaldu duenez, haren bikotekide ohia ere lekuan bertan zegoen, bere ibilgailua handik ehun metrora aparkaleku batean utzirik. Larrialdi zerbitzuak iritsi orduko, haiei laguntzen ibilia zen, baina ez zien erran berak harrapatu zuenik emaztea. Poliziak eremua itxi zuenean aitortu zuen berak jo zuela autoarekin, baina adierazi zuen istripua izan zela. Kolpe aztarnak zituen ibilgailuak. Atxiloturik eraman zuten, baina, Vuelta Simonek argitu duenez, larunbatean ezin izan zioten galdeketarik egin, alkoholaren eraginpean zegoelako.

Prokuradoreak jakinarazi du gizonak bortizkeria matxistaren aurrekariak dituela. Iaz, atxilotuaren aurkako salaketa bat jarri zuen emazteak, kolpe eta zauriengatik. «2017ko ekainaren 26an, prokuradorearen delegatuak legea oroitarazi zion», adierazi du Vuelta Simonek. Hedabide batzuen arabera, bereizi ondoren, elkartu berri zen bikotea. 3 urteko alaba bat zuten elkarrekin. Aurreko harreman batetik beste bi haur ere bazituen emakumeak.

Hain zuzen, bi ume horien aitak elkarretaratze «baketsua eta lasaia» galdegin du ostegunerako. Izan ere, egun horretan protesta egitera deitu dute Ipar Euskal Herriko kolektibo feminista zenbaitek; 18:30ean izanen da, Donibane Garaizko herriko etxearen aitzinean. Emakumearen hilketa salatzeko bat-bateko elkarretaratze bat egin zuten jada larunbatean.

Hirugarren hilketa

Hamar egun baino gutxiagoan, hiru emakume hil dituzte indarkeria matxistaz Euskal Herrian. Bi aste ere ez dira igaro aurten izandako lehen hilketetatik: apirilaren 20an hil zituzten Florentina eta Maria Jose ama-alabak, Gasteizen. 69 urte zituen batak, eta 43 besteak. Alabaren bikotekide ohiak hil zituen, labankadaz; 46 urteko gizona espetxera bidali zuen epaileak. Bereizi berria zen bikotea, eta ez zegoen indarkeria matxistari lotutako salaketarik. Bi ume zituzten, 9 eta 11 urtekoak; biak eskolan ziren hilketen momentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.