Kaxmirko muga goria

Indiako independentziaren urtemugan bost pertsona hil dira. Hilabete darama indarrean etxeratze aginduak. Azken sei urteetako protesta larrienak piztu dira

Indiako soldaduak, etxeratze agindua betetzen ari ote den ikuskatzen, Srinagarren. FAROOQ KHAN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Munduan gehien militarizatua den muga gori-gori dago berriro ere. Jammu eta Kaxmir estatuan hilabete luze darama indarrean etxeratze aginduak, eta, egunero-egunero daude borrokak gazte independentisten eta polizien artean. Indiaren independentziaren 69. urtemuga ez da salbuespena izan. Srinagar hiriburuan, meskita baten inguruan izandako erasoan ustezko bi ekintzaile eta polizia bat hil ziren atzo, eta kontrol mugan, berriz, ustezko beste bi ekintzaile hil zituen tiroz Indiako Poliziak. Hildakoen, zaurituen, eta atxilotutakoen zerrenda gero eta luzeagoa da. Azken sei urteetako protesta larrienak dira.

Burhan Wani 22 urteko ekintzaile independentistaren hilketa izan da oraingoan indarkeria oldearen abiapuntua. Indiako Poliziak uztailaren 8an hil zuen gaztea, tiroz, eta haren hileta mugimendu independentistaren elkarretaratze isila bilakatu zen. Wani HM Hizb-ul-Mujahideen gerrilla independentistako kidea zen, eta haren heriotza protesta oldea eragin du, gaztea independentisten sinbolo bihurtu baita. Burhanen odolak iraultza ekarriko zuen leloa zabaldu zen haren hiletan, eta, ekitaldiaren ostean protesta latzak piztu ziren. Orduz geroztik, etxeratze agindua indarrean badago ere, egunero izan dira borrokak; hileta bakoitzaren ostean protesta gehiago.

Kalibre txikiko balak

Dagoeneko 60 lagun hil dira protestetan. Zauritutakoak, berriz, 7.000 inguru direla jakinarazi dute hainbat informazio iturrik. Indiako Poliziak negarra eragiteko gasarekin eta kalibre txikiko balekin erantzuten die gazteen harri eta makila jaurtiketei, eta, perdigoien eraginez, gaztetxo askok begiak galdu dituzte. Kaxmirko Konferentzia Nazionalak, oposizioko alderdi nagusiak, umeak tirokatzeari eta zibilak hiltzeari uzteko eskatzeko elkarretaratzeak egin ditu. Hurriyat independentziaren aldeko aliantzak, berriz, kaleak eta errepideak blokeatzera eta greba egitera deitu du. Polizia zibilen kontra baliatzen ari den indarkeria neurriz kanpokoa dela salatu du Pakistanek. Nawaz Sharif lehen ministroak babesa eskatu dio nazioarteari «odol isuria» amaitzen laguntzeko: «Ume errugabeak torturatzea eta zibilen kontrako indarkeria terrorismoa da». Protestetan, baina, mila lagun inguru atxilotu dituzte, tartean abokatuak eta medikuak.

Indiak, baina, ekintzaile independentistei babesa ematea leporatzen dio Pakistani. Rajnath Singhy Barne ministroak argudiatu du poliziek eta militarrek «baliabide guztiak» erabil ditzaketela protestak isilarazteko baldin bada. Narendra Modi lehen ministroak, berriz, independentziaren 69. urtemuga ospatzeko ekitaldi nagusian, «terroristak goratzen dituztenak» salatu zituen, eta «armak hartu» dituzten gazteei eskatu die «gurasoekin etxera itzultzeko».

Azken egunotan, hala ere, independentziaren urtemuga gerturatu ahala, bi aldeetako ordezkari politikoak egoera baretzearen aldeko mezuak helarazi dizkiote elkarri. Modi alderdi politiko guztietako ordezkariekin elkartzeko prest agertu da. Aizaz Ahmad Chaudhry Pakistango Atzerri idazkariak, berriz, elkarrizketarako deia egin zion atzo bertan bere homologo Subrahmanyan Jaishankarri.

Kolonialismoaren ondarea

Kaxmirko gatazka kolonialismoaren ondarea da. Britainiar Inperioak Indiako kolonia bi estatu independentetan zatitu zuenean piztu zen gatazka, 1947an. Indiaren eta Pakistanen artean zatituta dago orduz geroztik Kaxmir: Indiako zatia Jammu eta Kaxmir estatuak osatzen du, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir (Kaxmir librea) eta Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam.

Jammu eta Kaxmir estatuan, herrialdeko gainontzeko estatuetan ez bezala, musulmanak dira nagusi. Indian hinduak dira nagusi, eta estatuko musulmanak diskriminazioaz kexu izan dira betidanik. Independentzia aldarrikatzen duen mugimendua ere errotuta dago; 1989an hasi zen independentziaren aldeko borroka armatua.

New Delhik beretzat jotzen du estatua. Islamabadek, berriz, estatu horren estatusa erreferendum bidez erabaki behar dela aldarrikatzen du, eta, bien bitartean, autodeterminazioa eskatzen duten mugimenduak eta taldeek borrokan jarraitzen dute.

Sua sekula erabat itzali ez bada ere, bi potentzia nuklearren artean, hirutan piztu da gerra: 1947, 1965 eta 1999. Azken gerra bi hilabetez luzatu zen. Pakistango soldaduak mugaren bestaldera pasatu zirenean piztu zen gerra hori. Lerro baten inguruko gatazka baita Kaxmirkoa. Munduko borroka fronte garaiena eta militarizatuena da; 6.000 metroko garaian, 700 kilometro luzeko banaketa lerroan, milaka eta milaka soldadu baitaude. Ia 70 urtez luzatzen den gatazkak emandako datuak ere haniak dira: 47.000 hil eta ehunka mila desagertu. Gerrak eragindako zenbaki latzak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.