Karlosena hautatu dute

Orain arteko Ikerketarako errektoreordeak irabazi ditu NUPeko errektore izateko bozak.Botoen %70,54 jaso ditu, eta arlo guztietan nagusitu zaio Jorge Nietori

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat kide, atzo, errektorea hautatzeko botoa ematen, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Alfonso Karlosenaren alde egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP). Errektorea hautatzeko hauteskundeak egin zituzten atzo, eta fisikaria erraz nagusitu zitzaion Jorge Nieto bertze hautagaiari: botoen %70,54 lortu zituen fisikariak; %29,46 izan ziren ekonomialariarentzat. Karlosenak hartuko du, beraz, Julio Lafuentek azken zortzi urteotan bete duen errektore kargua.

Sektore guztietan irabazi zuen Karlosenak: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artean, 216 boto jaso zituen, eta Nieto bertze hautagaiak, berriz, 77. NUPeko errektorea hautatzeko hauteskundeetan botoa neurtua da, eta irakasle doktore horien sektorea da pisu gehien duena: %59, alegia. Gainerako irakasleen eta ikerlarien artean 200 boto izan ziren Karlosenarentzat, eta 29, berriz, Nietorentzat; administrazioko eta zerbitzuetako langileen artean 144k eman zioten botoa Karlosenari, Nietok, berriz, 55 boto jaso zituen. Ikasleen artean,azkenik, aldea ez zen hain nabarmena izan: Karlosenak 647 boto eskuratu zituen, eta Nietok, 622.

Ia 9.800 pertsonak zuten atzoko bozetan botoa emateko eskubidea. Ikasleak ziren haietako gehienak, 8.200 baino gehiago. Abstentzioa, ohi bezala, handia izan zen NUPeko kide horien artean: 1.304 ikaslek baino ez zuten eman botoa. 11:00etatik 18:00etara izan zuten NUPeko Arrosadiako campuseko ikasleek eta unibertsitateko gainerako kideek bozkatzeko aukera. Errektore izateko bi hautagaiek goizez sartu zituzten beren botoak hautetsontzian. Tuterako campusean eta Iruñeko Osasun Zientzien Fakultatean 12:00etatik 17:00etara izan zuten botoa emateko aukera. Hautetsontziak itxi eta gero, botoak zenbatu, eta behin-behineko datuak ezagutarazi zituenNUPek. Alfonso Karlosena garaile.

Ikerketarako errektoreorde izan da bozen irabazlea, orain arte. Julio Lafuenteren taldeko kide izan da, hura errektore bilakatu zenetik. Unibertsitateko ardura nagusia bere esku hartu duKarlosenak atzoko hauteskundeak irabazi eta gero. Taldea osatu beharko du, orain, bere programan jasotako proposamenak gauzatzen hasi ahal izateko.

Nahi duen unibertsitatearen inguruko hamaika zertzelada eman ditu Karlosenak kanpainak iraun duen bitartean, eta argi utzi du, adibidez, ordua dela NUPek eskaintzen dituen ikasketen kopurua handitzeko. Medikuntzako ikasketak martxan jarri nahi ditu, bertzeak bertze. Ikerketaren ardura izan du Karlosenak azken urteotan, eta medikuntzako ikasketen bidez, hain zuzen, Nafarroako osasun sistema publikoak ikerketaren esparru hori garatzeko aukera izanen lukeela defendatu du. Unibertsitatearen autonomiaren alde egin du Karlosenak, halaber, eta erakunde horren egitura berrikusteko beharra nabarmendu du. NUPeko kide guztiek elkarren berri izan dezatela funtsezkotzat jo du, gainera.

Ezezkoa 3+2 sistemari

Errektorea hautatzeko bozketa ez zen izan atzo NUPen egindako bakarra. Asteartean bezala, unibertsitateko kideek botoa emateko aukera izan zuten atzo ere hiru urteko graduak eta bi urteko masterrak ezarri nahi dituen erreformaren inguruko erreferendumaren harira. 3+2 sistemari ezezkoak irabazi zuen, ikasle taldeek atzo ilunabarrean ezagutarazi zutenez: %98,14 kontra.

1.718 pertsonak parte hartu dute azken bi egunotan egindako erreferendumean. Haietako 1.642 izan dira ikasleak. Ez da ikasleak erreforma horren aurka agertzen diren lehen aldia. Ikasketak garestitu, eta gazte anitz unibertsitatetik at geldituko direla salatu dute, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.