Elkarrengandik gertuegi

AEBek hiru egunean Siriako armadaren bi aireko bota dituzte. Australiak gerra hegazkinen hegaldiak eten ditu, Errusiak koalizioari ohartarazpena egin ondotik

Siriako armadako soldaduak A-Tanf hiritik hurbil, herrialdearen hego-ekialdean. STR / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Sirian ugaritzen ari dira EI Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari direnen arteko liskarrak. Bi dira tentsio puntu nagusiak: bata, Al-Tanfen, Irakeko mugan eta Jordaniatik hurbil; eta, bertzea, Raqqatik mendebaldera, Tabqako urtegiaren inguruan. AEBek adierazi zuten «Iranen egindako drone bat» bota zutela atzo Al-Tanfen. «Asmo erasokorra erakutsi zuen, eta koalizioaren indarrengana hurbildu zen», adierazi zuenAEBek EIren aurka zuzentzen duten koalizioak ohar batean. Igandean koalizioak Siriako armadaren hegazkin bat bota zuen gerra hasi zenetik lehenbiziko aldiz, Tabqatik hurbil. Horren ondoren, Errusiak adierazi zuen Eufrates ibaitik mendebaldera barneratutako hegazkin guztiei «helburu gisa» jarraituko diela. Egoera horretan, AEBen koalizioko kide batek, Australiak, gerra hegazkinen hegaldiak etetea erabaki du «badaezpadako neurri gisa».

EIren aurkako gerra fase kritikoan sartu da. Nagusiki kurduen miliziek osatzen duten SDF Siriako Indar Demokratikoak Raqqa hirian daude jadanik —EIk 2014tik Sirian izan duen hiriburuan—, eta Irakeko armadak eta paramilitar xiitek maiatzaz geroztik Mosulgo barruti batean zokoratua dute muturreko talde islamista sunita —Irakeko bigarren hiria da, eta 2014an EIk kalifa herria aldarrikatu zuen han—. Testuinguru horretan gaiztotu da AEBak eta Errusia bazkide nagusitzat dituzten aldeen arteko tentsioa.

Al-Tanf, base estrategikoa

AEBek base militar bat dute Al-Tanfen, eta, diotenez, EIren aurkako talde armatuak entrenatzeko eta laguntzeko erabiltzen dute. Reuters agentziak joan den astean argitaratutakoaren arabera,AEBetako indarrak iaz ezarri ziren Al-Tanfen. «Aldi baterako base bat da», adierazi zuen Ryan Dillon koronelak. «ISIS [Estatu Islamikoa] garaitzeko entrenatzen ditugu hango indarrak, eta Siriako hegoaldean dugun base bakarra da». Han dauden talde armatuek, ordea, ez dute zerikusirik iparraldeko SDFekin. Komando Iraultzailearen Armada izenpean jarduten dute, eta etsaitzat daukate Siriako Gobernua.

Al-Tanfen kokapena, ordea, estrategikoa da, Damasko eta Bagdad lotzen dituen autobidean baitago. Joan den larunbatean, Irakeko armadak talde paramilitar sunita baten laguntzarekin mugaren bertzaldeko postutik bidali zuen EI, Reutersek jakinarazi zuenez. Al-Tanfekin, eta Irakeko aldeko mugako postuan paramilitar sunitak ezarrita, AEBek bermatuko lukete Iranen aldeko indarrei autobidea moztea. Horrez gain, Deir ez-Zorrera jotzeko abiapuntutzat erabili nahi dute Al-Tanf, Abu al-Atheer Komando Iraultzailearen Armadako bozeramaileak Reutersi erran zionez. Raqqatik hegoaldera dago Deir ez-Zor, eta EIren menpe dago. Ez osoki, ordea, Siriako armadak setiopean dagoen eremu bati eutsi baitio 2014tik. Armada mendebaldetik gerturatzen ari da Deir ez-Zorrera; iparraldetik, SDFek Raqqa hartuko balute, Deir ez-Zorrerako bidea irekiko lukete.

Horregatik, Al-Tanf tentsio gune bat bihurtu da. Hilaren 6an,AEBen koalizioak lehenbiziko aldiz eraso zien Siriako Gobernuaren aldeko indarrei, Al-Tanfetik 100 kilometrora zegoen konboi bat bonbardatuta. AEBek adierazi zuten ez hurbiltzeko ohartarazi ziotela konboiari, baina Errusiak eta Siriak ez zituzten azalpenak onartu.

NBE, «kezkatuta»

Tabqan, berriz, armada etaSDFak elkarrengandik kilometro gutxira hurbildu dira EIri lurraldea kendu ondoren. AEBen arabera, igandean Siriako armadaren hegazkin batek SDFei eraso zien, eta horregatik bota zuten. Damaskok ukatu egin zuen akusazioa. Bi aldeek elkarri egotzi diote Raqqa inguruan erasoak egitea, baita EI bakoitzak bere mesedetan erabiltzea ere. «Kezkatuta nago, eta espero dut gatazka gehiago ez gaiztotzea, aski gaiztotuta baitago jadanik», adierazi zuen atzo Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.