Urte gutxi barru enpresek langile falta izan dezaketela ohartarazi du Adegik

Gaur egun Gipuzkoako langileen %30 dira 50 urtetik gorakoak, baina %42 izango dira 2029rako.Hego Euskal Herria 110.000 biztanle galtzeko bidean da

Langileen zahartzea areagotu egingo da hurrengo urteotan. Irudian, beharginak Fagorren lantegi batean, Arrasaten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Biztanleria aktiboaren ia %15 eta praktikoki bi gaztetik bat lanik gabe dagoenean bitxia dirudien arren, Adegik ohartarazi du hemendik urte batzuetara arazoa langile falta izan daitekeela. Gazteenek lan merkatuan sartzeko dituzten arazoak ikusita, azken urteotan handitzen aritu da langileen batez besteko adina, eta jada Gipuzkoako beharginen %34 50 urtetik gorakoak dira. Biztanleriaren zahartzeak oraingo erritmoan jarraituz gero, 2029rako langileen %42 izango dira 50 eta 65 urte artekoak.

INEk joan den urrian biztanleriari buruz kaleratutako proiekzioak erabili ditu Gipuzkoako patronalak lurralde hartako lan merkatuaren bilakaeraz gogoeta egiteko. Gipuzkoari buruz esandakoak beste lurraldeentzat ere balio du, bilakaerak oso antzekoak direlako.

Adegik nabarmendu du 2014tik 2029ra 36.000 biztanle galduko dituela Gipuzkoak, orain dituenen %5,1. 2.500 biztanle gutxiago urtero. Proiekzio hori oraingo biztanleriaren bilakaera naturala da, oso zaila baita emigrazioa kalkulatzea.

Hego Euskal Herri osoan biztanle galera %3,9koa izango dela kalkulatu du INEk: 2014ko 2,8 milioietatik 2029ko 2,69 milioira igaroko da. Gipuzkoan (-%5,1)etaBizkaian (-%6,2) bilduko da galeraren zati handiena; biztanle kopuruari hobeto eutsi ahal izango diote Arabak (-%0,5) eta Nafarroak (-%0,1).

Baina lan egiteko adinean dauden lagunen jaitsiera lurralde guzti-guztiei dagokie. Gipuzkoan %11 jaitsiko dira 16 eta 64 urte artekoak, 52.000 lagun gutxiago. Jaitsiera are handiagoa izango da langile gazteen artean, 30-44 adin artekoen artean: %40,6 gutxituko dira Gipuzkoan, %42,1 Bizkaian, %39,4 Araban, eta %33, berriz, Nafarroan. Kopuru osoetan are deigarriagoa da jaitsiera: 2014an 650.000 hego euskal herritar zeuden 30-44 adin tartean, eta 395.000 izango dira hamabost urte barru, 255.000 gutxiago(-%39,3).

Immigrazioa emigrazioa baino handiagoa bada —eta hala izan da urte gehienetan mendea hasi denetik—, kopuru horiek aldatuko dira. Jaiotze tasak, ostera, ez dueraginik izango biztanleriaren galeran, dagoeneko jaio baitira 2029tik aurrera 16 urtetik gorako guztiak.

Are gehiago, Adegiko aztertzaileek uste dute ezer egitekotan beherantz egingo duela jaiotze tasak, «oraingo krisi ekonomikoak gazteak gurasoen etxetik alde egin eta familia bat sortzeko itxaropenetan agian izango duen eraginagatik». Beste hitz gordinago batzuetan, langabeziak, soldata eskasak eta lan prekarioak ez direla bultzadarik onena bizimodu independente bat antolatzeko eta seme-alabak izateko.

Dagoeneko badira arazoak

Horiek horrela, Adegi kezkaturik azaldu da biztanleriaren gutxitzeak eta haren zahartzeak lan merkatuan izango duen ondorioengatik. «Langabezia tasa handia dugun une batean, zenbait arazo sortu dira enpresa batzuetan, azaldu baitute ez dituztela soslai egokiko pertsonak aurkitzen zenbait lanpostu betetzeko. Horrek adierazten du arazoak sor daitezkeela [lanpostu] eskaintzaren eta eskariaren artean».

Adegiko aztertzaileek ez dute uste erretiro adin ofiziala atzeratzeak eragin handia izango duenik lan merkatuan. 2011n Espainiako gobernu sozialistak CEOEren, CCOOren eta UGTren babesarekin onartutako erreformaren ondorioz, urtarrilaren 1etik aurrera dagoeneko 65 urte eta lau hilabete egin behar dute lan pentsio osoarekin erretiroa hartu nahi dutenek. 2027rako adin hori 67 urtera igoko da, eta halaber atzeratuko da erretiroa aldez aurretik hartzeko adina. Adegik kalkulatu duenez, Gipuzkoan gehienez beste 3.300 lagun batuko dizkio hori lan merkatuari, %50ek erretiro aurreratua hartu ahal izango dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.