Palestinarren lur pribatuetan eraikitako koloniak legeztatu ditu Israelgo Parlamentuak

Abbas nazioarteko auzitegietara jotzekoa da: «Gure herriaren aurkako erasoa da». Trump presidente denetik, 6.000 etxebizitza eraikitzeko agindu du Israelek

Israelgo bi polizia, hizketan. Parean, Zisjordanian dagoen Ofra kolonia. ABIR SULTAN / EFE.
ander perez zala
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Palestinarren jabetza pribatuko lurretan dauden 53 kolonia—4.000 bat etxe— legeztatu ditu Israelgo Parlamentuak. Astelehen iluntzean onartu zuen legea Knessetak, 60 diputaturen aldeko eta 52ren kontrako botoekin. Etxe Judua alderdiak aurkeztu du legea. Erabaki horren bidez, Israelen kontrolpean dagoen Zisjordaniako eremua (C gunea) estatuaren lur izendatu ahalko du Tel Avivek, eta jabeei debekatu egingo die lurrak erabiltzea. Trukean, kalte-ordainak emango dizkiete palestinarrei.

Arauaren helburua da kolonien «garapena eta kokatzeak baimentzea eta arautzea», Israelgo auzitegientzat horietako zenbait legez kanpokoak diren arren. Nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik ere legez kanpokoa da legea, eta hala adierazi dio Israeli NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek: «Legezko ondorioak izango ditu». Lehen aldia da parlamentuak palestinarren lur pribatuei buruzko lege bat onartzen duela. Erabakiak, espero bezala, kritikak eta haserrea eragin ditu palestinarrengan eta nazioartean. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek kritikatu dugogorren onartutako legea: «Gure herriaren aurkako eraso bat da. Nazioarteko auzitegiekin lan egingo dugu gure lurrei eutsi eta gure existentzia babesteko». Gogorarazi du bere gobernuaren helburua bakea lortzea dela, eta Israelen legeak «lurrak lapurtzeko» aukera emango duela. Bestalde, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusi Saeb Erekatek Israelen legea salatu du: «Israelek Palestinako lurren lapurreta legeztatzeko araua onartu du». Haren iritziz, Israelek «kolonoei eta okupazio indarrei modua emango die palestinarren eta haien lurren aurkako erasoak egiten jarraitzeko». Palestinako Gobernuko hainbat kidek ere erabakiaren aurka egin dute, tartean Rula Ma'ayah Palestinako Turismoaren eta Antzinako Ondarearen ministroak: «Ezin du inork legeztatu palestinarren lurrak lapurtzea. Koloniak krimen bat dira, nazioarteko legeen aurkakoa».

Israeldik ere jaso ditu kritikak. Yesh Din erakundeak uste du «legez kanpokoa» eta «immorala» dela, eta «lapurreta saritzen» duela. Estatuko fiskal nagusi Avicai Mandelblitek gogorarazi du legea konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela, eta NZA Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzeko aukera dagoela. Bitartean, giza eskubideen aldeko Israelgo elkarte ugarik helegite bat aurkeztuko dute Israelgo Auzitegi Gorenean.

Lege berriak nazioarteko harremanetan ere izan du eragina. EB Europako Batasuneko Atzerrirako Kontseiluak Israelgo ordezkariekin hil bukaeran zuen bilera atzeratzea erabaki du, eta Federica Mogherini EBren atzerri politikarako buruak legea gaitzetsi du. Tel-Avivi eskatu dio ez dezala aplikatu.

Nazioarteak legez kanpokotzat ditu Zisjordania eta Jerusalem ekialdeko kolonia guztiak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak nahiago zuen legea otsailaren 15etik aurrera bozkatu, orduan baita biltzekoa Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin. Netahayuk jada eman dio legearen berri Trumpi.

The Guardian-i emandako elkarrizketa batean, Hannen Zoabik diputatu israeldar-palestinarrak ohartarazi du Israel dela Trumpen garaipenaren ondoren «beldurrik ez» duen herrialde bakarra. Izan ere, Tel-Avivek Trumpen babesa espero du NBE Nazio Batuen Erakundeak egingo duen bozketan, eta hori baliatuz hartu ditu astelehen gauekoaren moduko erabakiak. AEBetako presidentea boterera iritsi zenez geroztik, Israelek 6.000 etxebizitza inguru eraikitzeko agindu du lurralde okupatuetan.

Kfar Tapuajen eraistea

Israelgo Auzitegi Gorenak, berriz, agindu du Zisjordanian dagoen Kfar Tapuaj koloniaren zati bat eraisteko. Ordea, ez du agindu kolonia osoa husteko, astelehen gaueko legea kontuan hartuta. Hala, hamazazpi etxe suntsituko dituzte, eta hemezortzik bere horretan jarraituko dute.

Egun 360.000 kolono baino gehiago bizi dira Zisjordanian—beste ia 300.000 bizi dira Jerusalem Ekialdean—, eta horietako 80.000 inguru bakartutako kokalekuetan daude. Horiek dira, hain justu, beste estatu bat sortzea oztopatzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.