Kolpez Trump, kolpez Xi

AEBek Txinako 1.333 produkturi muga zergak jarriko dizkiela iragarri eta ordu gutxira, Pekinek 106 produktu zigortu ditu, tartean autoak, behikia eta soja

Zamaketari txinatarrak, soja deskargatzen Nantong hiriko portuan, martxoko irudi batean. XU CONGJUN / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gerri azpiko kolpe mingarri eta bizkorrekin hasi dute merkataritza gerra AEBek eta Txinak. Donald Trumpen gobernuak jomugan jarri du Xi Jinpingen Made in China 2025 egitasmoa, zeinak bilatzen duen urte gutxian Txina potentzia nagusia izatea teknologia handiko produktuetan. Pekingo gobernuak, berriz, erantzun du Trumpen boto emaile jakin batzuei kalte handia egin diezaieken kolpe batekin: sojaren, artoaren eta autoen inportazioa zergapetuko ditu.

Txinak erakutsi nahi izan du prest dagoela kolpe azkarreko borroka baterako. Ordu gutxi batzuk besterik ez zuen behar izan AEBen erabaki bati erantzuteko. Astearte gauean (Euskal Herriko ordua) kaleratu zuen AEBetan saldu ahal izateko muga zerga handiagoak ordaindu beharko dituzten Txinako 1.333 produkturen zerrenda luze bat. Makinak, robotak, tren eta hegazkinetarako motorrak, botikak, armak eta LED argiak agertzen dira zerrenda horretan, besteak beste. Zerrenda horretan ikusten da Trump saiatu dela oinarrizko kontsumo produktuak salbuesten, herritarrek ez ditzaten antzeman supermerkatura jotzen dutenean. Kontsumitzaileei, ordea, zeharka etor dakieke kaltea, material edo osagaien inportatzaileek beren produktuen prezioa igotzera behar ditzaketelako muga zergek.

Washingtonek argudiatu zuenez, Txinak AEBetako enpresen jabetza intelektuala «lapurtzeagatik» jarri ditu zigor horiek. Zehazki, Txinan ezarri nahi duten konpainiak teknologia partekatzera behartzeko neurriak salatu ditu Trumpen administrazioak.

Muga zergak ez dira maiatz edo ekain arte indarrean jarriko, baina Pekinek ez du itxoin nahi izan Trumpen aurrean makurtzen ez dela erakusteko. AEBetako autoen, produktu kimikoen, sojaren eta beste 103 produkturen inportazioei %25eko aduana zerga jarriko diela iragarri zuen asteazken goizean. Txinako Finantza Ministerioak ziurtatu du bere neurriek bete egiten dituztela Munduko Merkataritza Erakundearen arauak, eta gatazka organo horretan konpondu behar dela jakinarazi du.

Sojari muga zerga handiak jartzea kate luzea ekar dezake. Badu bere garrantzia bi herrialdeen arteko harreman komertzialean—11.400 milioi euro inportatzen ditu Txinak—, baina hori bezain garrantzitsua da soja ekoizpen gehiena Trumpen aldeko lurraldeetan egiten dela, Mendebalde Ertaineko nekazaritza eremuan (Illinois, Iowa, Minnesota, Nebraska...).

Baina Txinarentzat ere arriskutsua da soja inportazioak garestitzea. «AEBetatik kanpo ez dago nahiko sojarik Txinaren beharrak betetzeko», ziurtatu dio Reuters agentziari Mark Williamsek, Capital Economics agentziako Asiako adituak. Munduko soja merkatuaren %60 hartzen du Txinak, bere abereak elikatzeko eta sukalderako oliorako. Brasildik inportatzen du erdia, udaberrian eta udan; beste heren bat AEBetatik, udazkenean eta neguan.

Mezuen gerra

Merkataritzan ez ezik, mezu publikoetan ere xextran dabiltza Txina eta AEBak. «Ez gaude merkataritza gerra batean Txinarekin: gerra hori duela urte asko galdu zen, AEBak ordezkatzen zituzten tontoen eta ezgauzen erruz», esan zuen AEBetako presidenteak txio baten bidez, eta bere kexu nagusiak errepikatu zituen: urtean 500.000 milioi dolarreko defizita dutela AEBek Txinarekin, eta beste 300.000 milioi «lapurtzen» dizkiola jabetza intelektualean.

Erronkari erantzuteko prest azaldu zen Pekin. «Txinak ez du merkataritza gerrarik nahi, inork ez duelako irabazten. Baina norbait horrelako borroka batean tematzen bada, han izango gara gu», erantzun zion Wang Showen Merkataritza ministrordeak.

Trumpek elkarrizketak abiatu nahi ditu Txinarekin, defizita 100.000 milioi dolar jaits dadin. «Ezinezkoa da», erantzun zion Wangek, bere gobernuak ezin duelako defizitean «artifizialki» esku hartu, enpresen erabakien eta herritarren kontsumo ohituren menpe dagoelako.

Gatazkaren galtzaile zeintzuk izan daitezkeen burtsan ikus daiteke. Arratsaldearen erdian %4,1 galtzen ari zen Deere traktore egilea, eta %2,5 Boeing.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.