Urte osorako Gabonak

Hilaren 28an euskal selekzioak eta Kataluniak Bilbon jokatuko duten partida ziklo bat amaitu eta beste urrats bat egiteko baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Euskadi eta Kataluniako federazioetako ordezkariak, bi selekzioetako hautatzaileak, euskal selekzioko zenbait jokalari eta Jon Redondo, San Mamesen. M. D. V. / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hilaren 28an jokatuko du euskal selekzioak San Mamesen, 20:30ean. Kataluniako selekzioa izango du aurkari. Horrek kutuna bihurtuko du partida antolatzaileen esanetan, bi taldeen jarraitzaileen artean giro berezia sortzen duen partida izaten delako, eta bi selekzioek lehen partida jokatu zuteneko mendeurrena beteko delako. Ilusioz daude egunaren zain, beraz. Lehia sentimenduz jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek, baina «futbol festa» izan dadila eskatu dute; liskarrak saihesteko eta eguna jai giroan gozatzeko. Litekeena da, gainera, halako azken partida izatea aurtengoa. «Ziklo bat amaitu behar da», adierazi zuen atzo aurkezpenean Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. Hurrengo urteari begira, beste zerbaitetan pentsatzen hasia da.

Redondoren ustez, agortua dago urteetan egin den hitzordua. «Gabonetako partiden zikloak amaitu behar du», esan zuen. Baina horrek ez du esan nahi selekzioaren lana amaitu denik. Are gehiago, «beste pauso bat» emateko aldatu nahi du ohitura: «Etxean partida bat eta kanpoan beste bat jokatzera ausartu behar dugu».

Jakinarazi zuenez, horretarako gonbita egina dio Euskadiko Federazioari. Gaia mahai gainean dute, eta aztertzekotan daude. Euskal selekzioaren lana ohikoagoa bihurtzea da helburua, eta nazioartekotzea. Hain zuzen, FIFAren egutegiarekin bat egin nahi dute horretarako. «FIFAren sailkapeneko lehen hamarrekin edo hogeirekin jokatu ahalko genuke horrela».

Beste bi partida asteburuan

Gabonetara mugatuko den azken partida izan daitekeena, hala ere, berrikuntzekin dator. 28an jokatuko den partida nagusiaren bezperan, beste bi partida izango dira: 16:15ean, areto futboleko selekzioena, Santurtziko El Puerto kiroldegian (Bizkaia), eta, 18:30ean, emakumezkoen selekzioena, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian (Bizkaia). Hilaren 27ko bi partida horietako bakoitzeko sarrerak bost euroan salduko dira, eta hurrengo eguneko partida nagusikoak, 20, 23 eta 25 euroren truke. Hirurak izango dira euskal selekzioaren eta Kataluniaren arteko norgehiagokak, eta oso partida onak izango direla ziurtatu dute bi herrietako ordezkaritzetako arduradunek.

Jose Mari Amorrortu euskal selekzioaren hautatzaileak azaldu zuenez, aukeratu gabe daude oraindik jokalariak, baina Athleticeko, Realeko eta Eibarreko kideak izango dira gehienak, seguruenik. Hala ere, talde horien partidak amaitu arte ez dutela jokalariengana joko jakinarazi zuen.

Edozein modutan, ordezkaritza bikaina izango dela seguru agertu da, eta Kataluniakoa ere hala izango dela: «Harro nago bi taldeak direlako harrobiko futbolaren adierazle», azpimarratu zuen Amorrortuk. Harrobiarekin ere lorpen handiak izan daitezkeela nabarmendu zuen, euskal selekzioa nazioartera ateratzeko nahia azaltzearekin batera: «Gure herria kanpoan ordezkatu ahal izatea ere garrantzitsua da».

Bi herrietako ordezkariek azaldu zuten selekzioak ofizial izateko nahia, eta duten ahalmena areagotuko dutela. «Halako partidak ohikoagoak bihurtuko diren esperantza dut», aitortu zuen Andreu Subies-ek, Kataluniako Futbol Federazioko presidenteak; «futbolak beste gauza askotan laguntzen du».

Bestalde, aurtengoa «asteburu osoko festa» izango dela iragarri, eta Areatzan festa gune bat antolatzeko asmoa dutela esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.