Bostekorik desiratuena

Ernesto Valverde eta Athletic ados jarri dira entrenatzaileak 2017ra arte berritu dezan.Valverdek seigarren denboraldia beteko du; laugarrena jarraian

Ernesto Valverde eta Josu Urrutia, elkarri bostekoa ematen, kontratua sinatu berritan, atzo, Ibaiganeko jauregian. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2016ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Askatu da korapiloa, eta uste baino lehenago. Ernesto Valverdek Athletic entrenatzen jarraituko du ekainaren 30etik aurrera ere. Entrenatzailea eta kluba ados jarri dira euren arteko lan hitzarmena beste urtebete luzatzeko, 2017ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere.

«Oso pozik nago beste urtebetez Athleticez gozatzen jarraitzeko aukera izango dudalako. Eskertzen diot klubari kontratua berrituta erakutsi didan konfiantza, baina ez horregatik bakarrik: egunero erakusten dit nigan konfiantza duela. Espero dezagun bide honetan jarraitzea eta, ahal badugu, hobetzea». Horra Valverderen adierazpenak. Athleticek atzo goizean webgunean jarritako bideo labur batean esandakoak dira. Argazkietan, berriz, Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta Valverde ageri dira, Ibaiganeko jauregian, kontratua sinatzen eta hura sinatutakoan. Urrutiaren adierazpenik ez dago. Valverderenak, bai, ordea. Halere, gaur argibide gehiago emango ditu, taldeak 10:30ean Lezaman egingo duen lan saioa bukatutakoan.

Akordioa sinatuta, amaitu dira Valverderen eta Athleticen artekoaren inguruko zalantza guztiak, sarri egon baita entrenatzailearen izena nahastuta zuri-gorria ez den beste talde batzuekin; Real Madril eta Bartzelonarekin, adibidez. Izan da haren alde egin duenik ere Vicente del Bosqueren ordezko izan dadin Espainiako selekzioan. Valverde, hala ere, ez da mugituko Bilbotik.

Beraz, uda honetan laugarrenez jarraian ekingo dio denboraldi-aurreari, talde zuri-gorriko lemazain moduan. Eta oso esanguratsua da hori, salbuespena baita haren entrenatzaile ibilbidean. Izan ere, Athletic entrenatzen ari den bigarren aldi honetan ez beste, entrenatu dituen beste talde guztietan ez da egon bi urte baino gehiago jarraian lanean. Athletic zuzendu zuen lehen aldian ere bi urtez egon zen aulkian, 2003-2004 eta 2004-2005eko sasoietan. Gehiago egin zitzakeen, baina Fernando Lamikiz orduko presidentearekin hainbat desadostasun izan zituen, eta taldea uztea erabaki zuen bigarren denboraldia amaitutakoan. Espanyolen aritu zen jarraian bi urtez, Olympiakosen urtebetez, Vila-realen beste urtebetez, Olympiakosen bi urtez eta Valentzian urtebetez.

Horrela, bi urte baino gehiagoko egonaldirik egin gabe egon zen Valverde, 2013ko udan Lezamara itzuli zen arte. Etxean aldatu du ohitura hori. Aurreko sasoian, ligako azkeneko norgehiagoka jokatu bezpera arte ez zioten elkarri bostekoa eman Urrutiak eta Valverdek sinatutako kontratu baten aurrean. Maiatzaren 22a zen. Aurten, ordea, askoz laburragoa izan da itxaronaldia, bi hilabete eta erdi pasatxo laburragoa.

Iazkoarekin alderatuta, hala ere, lasaiago zeuden Athleticeko agintariak entrenatzaileak egingo zuenaren inguruan. Azken hilabeteetan gutxi izan dira Valverde prentsaurrekora irten eta haren etorkizunaz galdetu ez dioten aldiak. Argibiderik ez du eman inoiz. Hori bai, makina bat aldiz esan du «oso gustura» zegoela Athleticen, eta beti gaineratu du beretzat «etxea» dela talde zuri-gorria. Ez da harritzekoa, 11 urte baitaramatza klubari lotuta: aurreneko seiak jokalari gisa, eta hurrengo bostak entrenatzaile gisa. Zelaian, 188 partida jokatu zituen, eta 50 gol sartu. Aulkitik, berriz, 241 partidatan zuzendu du taldea. Haren aginduetara lortu du Athleticek titulu bakarra azken 30 urteetan, Espainiako Superkopa. Hurrengorako horrenbeste ez itxarotea da orain helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.