Errefuxiatuentzako kanpaleku handienak irekita jarraituko du

Kenyako Gorenak ebatzi du konstituzioaren aurkakoa dela Dadaab gunea ixtea. Gobernuak helegitea aurkeztuko du

Errefuxiatuentzako kanpaleku handienak irekita jarraituko du.
ander perez zala
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Errefuxiatuentzako munduko gunerik handiena ixtea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Kenyako Auzitegi Gorenak. Hala, epaitegiak baliogabetu egin du gobernuak joan den azaroan bultzatutako dekretua: gunea ixtea, Dadaab kanpalekuan dauden 262.000 somaliarrak beren herrialdera itzularazteko. 300.000 errefuxiatu inguru daude orotara Dadaaban.

1991n zabaldu zuen gunea UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, eta 350.000 pertsona ere izan ditu. Basamortuaren erdian dago, 50 gradu arteko tenperaturak izaten dira han, eta familiek berek aurkitzen dutenarekin eraikitzen dituzte babeslekuak. Han bizi direnen artean, gehienak somaliarrak dira. Izan ere, 1991z geroztik Somalia armadaren eta Al-Shabab talde jihadistaren arteko gerra zibilean murgilduta dago, eta gatazka horretatik ihesi doazenak Kenyako kanpalekura joan ohi dira. Iazko maiatzean, eremua ixtea erabaki zuen Uhuru Kenyatta presidentearen gobernuak, milizia jihadistek errefuxiatuak errekrutatzen dituztela argudiatuta. Bi hilabeteren ondoren hasi ziren eremua husten, baina, azaroan, erabateko itxiera sei hilabete atzeratzea erabaki zuen gobernuak—maiatzera arte—, «arrazoi humanitarioak» direla medio.

Giza Eskubideen Kenyako Batzordeak eta Kituo Cha Sheria GKE gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztu zuten helegitea, AI Amnesty Internationalen babesarekin. Horien alde egin du John Mativo epaileak, somaliarrengan arreta ezarriz: «Gobernuak arreta somaliarrengan soilik jarri izana diskriminatzailea da, legez kanpokoa. Talde baten aurkako jazarpena da, eta, beraz, konstituzioaren aurkakoa». Mativok gaineratu du Kenyako Barne ministro Joseph Nkaisseryk eta haren Estatu idazkari Karanja Kibichok zegozkien eskuduntzak gainditu zituztela erabaki hori hartuta, eta ez dagoela frogarik Al-Shabab bertan izan denik iheslariak errekrutatzen. Nkaisseryren ustetan, aberriratzeak modu «humanoan» egin dira, gobernuak horretarako jarritako bederatzi milioi euroak erabilita.

Epaileak, ordea, uste du Somaliara itzularazita errefuxiatuek ez luketela oinarrizko zerbitzurik izango, eta segurtasuna ez luketela bermatuta, herrialde horretan egoera ezegonkorra baita. Herenegun hautatu zuten presidente berria, Mohamed Abdullahi Farmaajo, herrialdean etxeratze-agindua ezarrita. Bozketa NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean egin zuten. Dadaabeko gehienek ez dute aberriratu nahi: 2014an, %20 inguru ageri zen itzultzeko prest.

«Kenyarren segurtasuna»

Mativoren erabakiarekin haserre, Nairobik helegitea aurkeztuko du. Eric Kiraithe gobernuaren eledunak argudioa bera erabili du erabakia justifikatzeko: «Kenyarren segurtasuna da garrantzitsuena kasu honetan. Al Shababentzat eraso terroristak egiteko gunea bihurtu da». Guneak bere izaera «humanitarioa» galdu duela uste du gobernuak, eta «legez kanpoko ekintzen eta terrorismoaren babeslekua» dela.

Bitartean, hilabeteak dira UNHCR Nairobirekin negoziatzen ari dela kanpalekuaren hustea, betiere borondatezko aberriratze programa bat zehaztearekin batera. 2014ko abenduaren 8az geroztik, 40.200 bat somaliar itzuli dira beren herrialdera, borondatez, UNHCRk babestuta. Dena den, azken hilabeteotan AIk eta HRW Human Rights Watchek salatu dute aberriratze programak ez dituela nazioarteko legeak errespetatzen, eta errefuxiatuak dituztela beren herrialdera itzultzeko. Kasu batzuetan, 400 dolarreko «donazioa» ematen diete gunetik ateratzen badira.

MSF Mugarik Gabeko Medikuak-ek, berriz, Nairobiri eskatu dio errespeta dezala epailearen erabakia. Dadaab ixtearen aurka agertu da beti MSF, eta hainbat alternatiba proposatu izan ditu: somaliarrak hirugarren herrialde batean birkokatzea, Kenyan hornikuntza txikiagoetan kokatzea edota errefuxiatuak kenyar komunitateetan integratzea. Errefuxiatuen Kontseilu Norvegiarrarentzat, kanpalekua irekita mantentzeko beharra «larria» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.