EBren eta Marokoren arteko arrantza ituna ezin da ezarri Mendebaldeko Saharan

Europako Justizia Auzitegiak ebatzi du ituna bidezkoa dela, ez diolako lurralde okupatuari erreferentzia egiten. Fronte Polisarioak pozez hartu du sententzia

Sahararrek Europako Justizia Auzitegiaren ebazpena ospatu zuten atzo errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen (Aljeria). WSRW.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza akordioa ezin da aplikatu Mendebaldeko Saharan. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzo emandako epaiaren ondorioa da hori; izan ere, itunean arrantzarako muga zehatzak dituen eremurik aipatzen ez denez, akordioa bera zilegia dela ebatzi dute epaileek. Bestela balitz, hau da, Saharako uretan eragina izango balu, «nazioarteko zuzenbidearen arau jakin batzuk» urratuko lituzke, «bereziki autodeterminazio eskubidearen printzipioa».

«Marokoko arrantza eremua» aipatzen du espresuki akordioak, eta, epaileen arabera, horrek kanpoan uzten du Mendebaldeko Sahara: «Kontuan hartuta Mendebaldeko Sahararen lurraldea ez dela Marokoko Erresumaren parte, haren inguruko urak ez dira Marokoko arrantza eremuaren parte».

Hortaz, epaileek babesa eman diote EBk eta Marokok 2006an sinatutako dokumentuari, baina ohartarazi dute ontziek ezingo dutela lurralde okupatuetako uretan arrantza egin. Gaur-gaurkoz, Marokok de facto bere egin du itsas eremu hori okupazioaren bidez, eta Saharako uretan arrantzatzea baimentzen die ehun ontziri baino gehiagori —126 eta 138 artean—, urtean 36 milioi euroren truke. Bereziki Espainiako arrantza ontziek arrantzatzen dute hango kalan, eta urtean 7.400 tona arrain jasotzen dute.

Europako Justizia Auzitegiaren ebazpenak egungo kontraesana zilegi egiten badu ere, garaipen politiko handia da sahararrentzat, aitortza ematen baitie. Alde horretatik, Fronte Polisarioak pozez hartu du erabakia, eta, bide batez, Saharako uretan ari diren ontziei «berehalakoan» erretiratzeko eskatu die. WSRW Mendebaldeko Saharako Baliabideen Behatokiak ere jakinarazi du epaia «albiste ona» dela. Erakundeak legez kanpokotzat jo du Fronte Polisarioaren oniritzirik gabe egiten den edozein jarduera.

Rabaten erreakzioa

Baina Marokoren erreakzioa oso bestelakoa izan da, eta garrantzia kendu nahi izan dio epaiari. Aziz Ajanuch Nekazaritza ministroaren iritziz, sententziak ez du «debekatzen hegoaldeko uretan» arrantzatzea, eta, iragarri duenez, ontziek han jarraitu ahal izango dute akordioa indarrean dagoen bitartean. Etorkizunerako negoziazioak abiatzeko epean daudela ere adierazi du ministroak.

Egun indarrean dagoen ituna uztailaren 14an iraungitzen da, eta ordurako adostu beharreko testua zein baldintzatan idazten den da orain gakoa. Oraingoz, Europako justiziak eragotzi egin du aliatu nagusietako batekin krisi diplomatiko bat zabaltzea, immigrazioaren eta segurtasunaren alorrean nolabaiteko lasaitasuna bermatzearen truke. Rabatek egunotan Bruselari ohartarazi dio akordioa legez kanpokotzat joz gero «ondorioak» edukiko lituzkeela.

Europako Batasunak elkarlanari eusteko konpromisoa berretsi du. Catherine Ray EBko Atzerri Politikarako bozeramaileak aditzera eman duenez, epaiaren edukia aztertuko dute, «ondorioak zehaztu eta behin behineko neurriak hartzeko»; alabaina, iragarri du Marokorekin negoziatzen hasiko direla, sententziara egokitzeko: «Bazkide giltzarri bat da, eta auzi honetan elkarlanean arituko gara, horretarako beharrezko tresnak aztertuz» .

Auzi honek estatu kideentzat duen garrantziaren erakusle, Europako Justizia Auzitegiak ez du aintzat hartu Melchior Watehlet abokatu orokorrak duela bi aste plazaratutako txostena.

Abokatuari muzin

2013ko protolokoari aipamena eginez —Saharako uretan arrantzatzea baimentzen zuela ulertuta—, Watehletek ituna legez kanpokotzat izendatzeko gomendatu zion Europako Justizia Auzitegiari. Epaileek, ordea, ez dute abokatu orokorraren irizpidea bere egin; ez da loteslea, baina kontuan hartzen dute kasuen %80an.

EBk eta Marokok 1996an egin zuten lankidetza akordioa, eta, handik hamar urtera sinatu zuten arrantzarena, 2006an; gerora bitan berritu dute, 2013an azkenekoz. Urtebete lehenago, beste itun bat egin zuten arrantza eta nekazaritza produktuak liberalizatzeko. Fronte Polisarioak itun horren kontrako helegitea jarri zuen, eta justiziak arrazoia eman zion, eta 2015ean ituna baliogabe utzi zuen. Europar Kontseiluak, baina, helegitea jarri zuen, eta epaileak berdin mintzatu ziren 2016ko abenduan: itunak ez zuen eraginik Mendebaldeko Saharan.

Oraingo salaketa gobernuz kaponko erakunde batek jarri du: Erresuma Batuko Western Sahara Campaign (Mendebaldeko Saharako Kanpaina). Erresuma Batuko Justizia Auzitegiak Europakora bideratu zuen auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.