Irudikapenaren atarian

Henri Michaux artistaren sei hamarkadako lana biltzen duen atzera begirakoa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. 200 margolan inguru batu dituzte

Gizon bat Bilboko Guggenheim museoak zabaldu duen Henri Michaux artistari eskainitako erakusketa ikusten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Berez aski errealitate ez balego bezala». Jakin-min handirik ez zion pizten perspektiba italiarrak eta pintura naturalistak Henri Michaux poeta eta margolariari (Namur, Belgika, 1899- Paris, 1984). Beste zerbaiten bila zebilen bera. Sei hamarkada eman zituen orbanen eta irudikapenen arteko muga lausoan esperimentatzen, eta sona lortu zuen horri esker XX. mendeko bigarren erdiko pentsalari eta artista garrantzitsu askoren artean. Pintatzekomomentuan sortzen ziren istripuei segika azaleratzen zuen bere barne mundua. Giza pertzepzioaren mugak eta funtzionamendua aztertu zituen droga psikotropikoen eraginpean egindako margolanekin. Beti egin zion ihes abangoardiako mugimenduen diziplinari, eta akaso horregatik izan zuen eragina mugimendu batean baino gehiagotan. Eta ahalegin horien guztien lekukotza bildu du orain Bilboko Guggenheim museoak Henri Michaux: beste aldea erakusketan. Artistaren ibilbide osoaren lagin esanguratsua osatzen dute ikusgai jarri dituzten 200 lanek, eta tartean badira aurrez sekula erakutsi gabeko lanak ere. Maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik.

Berez, poesia idazten hasi zuen bere ibilbidea, eta jokoz kanpo utzi zituen 1927an kritika eta irakurleak bere lehen liburuarekin. Sona ere lortu zuen. Jorge Luis Borgesek berak ere itzuli zizkionpoemetariko batzuk gaztelerara hurrengo hamarkadan, eta bada Jacques Prevert eta Rene Char poeten pare kokatzen duen aditurik ere. Eta garai bertsu hartan hasi zen margogintza ere lantzen.

Ez zitzaion interesatzen pinturarekin errealitatea irudikatzea. Eraiki egin nahi zuen. Eta Paul Klee artistaren lanekin izandako enkontruak aldatu zuen Michauxen norabidea, Manuel Cirauqui Bilboko erakusketako komisarioak dioenez. Haren lanei erreparatuta amaitu zitzaion pinturarekiko sentitzen zuen «apatia». Bai, bazegoen naturalismoaz bestelako bide bat.

Cirauqui: «Kleerekin topo egin arte, pintura errealitatearen garrantzirik gabeko errepikapen soila iruditzen zitzaion, eta baztertu egiten zuen hori, bera muturreko irudimena defendatzen zuen poeta zen heinean». Kleerekin ikusi zuen bazela margotzeko beste modu bat ere, eta orduan hasi zen pinturarekin esperimentatzen. «Michauxek berak esan zuenez, beste aldera pasatzearen modukoa izan zen hori».

Eta hortik erakusketari eman dioten titulu orokorra.

Drogaturik margotzea

1930eko hamarkadan hasi zen Michaux margolanekin, eta 1980ko hamarkadara arte jarraitu zuen lanean. Beti beste alde horretan. Eta gaika antolatu dute erakusketa orain, ibilbide hori erakutsi ahal izateko. Hiru aretotan banatu dituzte margolanak. Giza irudia du ardatz lehen margolanen bildumak, alfabetoaren ideia dute abiapuntu bigarren guneko lanek, eta drogekin egindako esperimentuak biltzen ditu azken artelan sailak.

Eta, hain justu, azken horiek dira publiko zabalarentzat Michauxen lanik ezagunenak. Baina zehaztapena egin duteerakusketako arduradunek: Michauxek ez zituen drogak hedonismoz baliatzen. Kontrara. 55 urterekin hasi zuen ikerketa bide hori, eta giza pertzepzioaren mugak ezagutzea zen bere helburua. «Ez zitzaion desordena interesatzen», zehaztu du Cirauquik. Horregatik medikuak izaten zituen inguruan halako esperimentuetan, eta bizi izandako esperientzia irudikatzea lortzen zuten irudiak soilik jotzen zituen gero balekotzat.

Zientziak ere baliatu zituen Michauxen lanak. Franck Leibovici artista, poeta eta Michauxen lanean adituak eman du azalpena. «Mediku talde batek egin zion aztoratutako kontzientzia egoera horien irudikapena egiteko eskaria, garai hartan oraindik ez zegoelako horren irudi medikurik. Erakusketan ere argi ikusten da jolas estetikoarekin batera jolas zientifiko bat ere bazegoela irudi horien oinarrian».

Etengabea izan zen Michauxen jarduna. Milaka eta milaka margolan egin zituen.

Manuel Cirauqui erakusketako komisarioaren hitzetan, «sukartsua» izan zen Michauxen sorkuntza, eta, horregatik, asko izanik ere, artistaren lan osoaren zati txiki bat baino ez du osatzen Bilbon ikus daitekeenak. Ziurtatu du, ordea, ikus daitezkeen margolan guztiak direla «esanguratsuak» Michauxen ibilbidean. Milaka margolan ikusi ditu hautaketa egiteko, eta hautaketa lan horren garrantzia eta zorroztasuna nabarmendu ditu Michauxen artxiboen arduradun ere baden Leibovicik. «Eskaini zaion erakusketarik ederrena da».

Kontrolaren mugan

Margolana sortu ahala agertzen zitzaion margolana. «Hitzontzikeria» iruditzen zitzaion surrealistek proposatutako idazkera automatikoa Michauxi , eta kontrolaren eta lema aske uztearen arteko orekaren bila eman zuen bizitza. Leibovici: «Horregatik, sekuentzialki lantzen zituen bere margolanak. Jaurtitzen zuen pigmentua orrian, eta bere keinuaren ikusle bat balitz bezala aztertzen zuen bere keinua gero, sortu zen horretan zerbait ikusi nahian. Eta gero agertutako forma hori finkatzen eta egonkortzen saiatzen zen hurrengo saioetan».

Prozesu hori ere bildu nahi izan dute erakusketan, eta markorik gabe jarri dituzte horregatik pieza batzuk hormetan. «Estudioko giro hori lortzeko».

Artistaren margolanekin batera, haren lanaren testuingurua ulertzeko hainbat objektu ere bildu ditu Guggenheimek, eta katalogoa ere kaleratu dute, gazteleraz eta euskaraz, aurrez sekula argitaratu gabeko bi testurekin. Michauxen hitzak irakur daitezke haietako batean, eta haren gertuko kolaboratzaile izan zen Julian Ajuriagerra neurologo bilbotarrarena da beste testua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.