Euskal artearen orainaldia

Eremuak programak Euskal Herriko 31 artistaren azken lanak bildu ditu Bilboko Azkuna Zentroan, 'Bi dos two' erakusketan. Sortzaile guztiak 1960ko eta 1990eko hamarkaden artean jaioak dira

Bi emakume Bi dos two erakusketako piezei begira, Bilboko Azkuna Zentroan, atzoko irekiera ekitaldiaren ostean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal artearen orainaldirik garaikideena erakutsi nahi izan du Eremuak programak Bi dos two erakusketarekin. Horretarako, Euskal Herriko 31 artistak azken urteetan egindako lanak bildu ditu Bilboko Azkuna zentroko jarduera osagarrien zentroan, eta, nolabait ere, erakusketak egungo sorkuntza plastikoaren argazki moduko bat ematen du. Gai komunik ez, teknika bateraturik ez, material hautaketa amankomunik ez, eta, halere, badira ezaugarri partekatu moduko batzuk, 31 sortzaileen ikuspegiak nola edo hala uztartzen dituztenak. «Ezberdintasun horien guztien gainetik, gu saiatu gara lan batzuk eta besteak harremanetan ipintzen, eta garai honetako joera orokor posible batzuk seinalatzen», azaldu du Iñaki Imaz artista eta erakusketako hautaketa batzordeko kideak. Apirilaren 8ra arte izango da zabalik erakusketa.

Eta zein dira, beraz, garai honetako joera horiek? Imazek erantzun posible batzuk proposatu ditu. «Ezin dut inolako ismo berrien izenik eman, baina badaude nahikoa errepikatzen diren kezka batzuk. Materialtasunaren inguruko kezka da horietako bat, hemen oso gordin ikusten baita zerekin egina dagoen dena. Komunikabideetako irudien antza duten irudiak erabiltzen direlaere ikusten da; bideoetan, berriz, kontenplaziorako joera nagusitzen da, eta ez hainbeste narraziorako joera. Horiek guztiak, eta baliabideen ugaritasuna».

Deialdi irekia egin zieten erakusketan parte hartu nahi zuten artistei, eta 205 proposamen jaso zituzten. «Ez genuen espero hainbeste izango zirenik», onartu du Imazek. Banan-banan aztertu zituzten proiektu guztiak, eta hautaketa horren emaitza da 31 sortzailez osatutako taldea. Imazekin batera, Pello Irazu eta Leire Bergara artistek osatu dute hautaketaz arduratu den lan batzorde teknikoa, eta Itziar Okariz eta Emily Pethick artisten laguntza ere izan dute horretarako.

60ko hamarkadan jaiotakoak dira erakusketan topa daitezkeen sortzailerik zaharrenak, eta 90eko hamarkadan jaiotakoak, berriz, gazteenak. Imazek zehaztu du hautatu dituzten lan ia guztiak «berri-berriak» direla. «Azken urteetan egindakoak dira guztiak edo ia-ia guztiak». 2015. urtetik honakoak dira lan gehienak, eta tartean badira erakusketarako espresuki sortutako batzuk ere.

Sahatsa Jauregi Azkarateren lana da horietako bat. Bazekien erakusketa Azkuna Zentroan egingo zela, eta, aretoaren ezaugarriak ezagutzen zituenez, sabaitik zintzilikatutako pieza batzuk egiteko proposamena bidali zien lan batzorde teknikoko kideei: prozesu horren emaitza ikus daiteke orain. «Behetik gora doazen eskulturak sortu ordez, goitik beherakoak egin nahi nituen. Orain arte, gauzak metatu egin izan ditut, eta oraingoan bestelako joskerak bilatu ditut». Pozik dago erakusketarako deialdiak horretarako aukera eman diolako. «Orain arte egindako lanen inguruko informazioa bidali behar zen deialdira, eta hor azaldu nuen erakusketan egin nahi nuena».

Muntaketa «konplikatua» izan da , halere. «Hainbeste artista izanik, oreka bilatu behar izan dugu norberaren lanaren eta besteenaren artean».

Oier Iruretagoiena Arregik mache paperez egindako hiru eskultura dauzka erakusketan. Dioenez, baina, erabilitako materiala da hiru lanak batzen dituen bakarra. «Hirurak dira azkenaldian egindakoak, baina ez dira serie beraren parte ere. Formarekin egindako lan bat da. Elkarrekin jarri ditut hainbat lekutatik etorritako irudiak, baina ez dago narraziorik. Collage moduko bat da».

Performance programa

Klase guztietako artelanak daude erakusketan: esaterako, badira eskulturak, margolanak eta instalazioak, eta areto bereizia eskaini diete bideoei. Gainera, performanceak ere txertatu nahi izan dituzte erakusketan, eta aparteko emanaldi programa prestatu dute horregatik.

Eremuak programaren aurpegirik ikusgarriena erakusketa da, baina euskal artearen testuingurua sustatzea da asmo orokorra. Artistek eta arte eragileek gidatzen dute proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak proiektua diruz laguntzen du. Horregatik, Bilboko erakusketarekin batera, arteari buruzko gogoetak biltzen dituen Eremuak aldizkaria ere publikatzen dute, eta laugarren alea kaleratu berri dute orain, zeinak artearen eta hezkuntzaren gaia lantzen baititu. Bestetik, artisten lanak herriz herriko kultur etxeen programazioetan txertatzeko proiektu bat ere badute martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.