Arrauna. Kontxako Bandera

«Zuretzat ez bada bandera, niretzat»

Ane eta Eli Pescador ahizpek lehia bizia izango dute datorren igandean Kontxako Banderan. San Juango arraunlaria da Ane, eta Hibaikakoa Eli. Bandera etxeratzeko esperantzan daude.

Aitor Manterola Garate.
Errenteria
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hamar urte direla, Hibaika arraun elkartean neska bakarra zegoen kadeteen adinekoa. Berak bakarrik ezin ezer egin, eta San Juanera joatea erabaki zuen. Han bazen arraunlari nahikoa berari gustatzen zaiona egiteko: arraunean egin nahi zuen. Ane Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1991) zen gaztetxo hura.

Urte hartan bertan, arraunlari berri bat hasi zen Hibaikan. Ane baino helduagoa, zaharragoa. Abizen bera daukate: Pescador.Eli ahizpa zen (Errenteria, Gipuzkoa, 1982). Gaztea klubetik joan, eta zaharra sartu. Harrezkero, behin bakarrik egin dute arraun talde berean: 2009an izan zen, Hondarribian. Beste denboraldi guztietan, aparte ibili dira. Ane, beti San Juanen, eta Eli, Hibaikan ia beti, 2011ko salbuespenarekin, Zumaian aritu baitzen orduan.

Aparte alde horretatik, baina aurtengo Kontxako Banderan ez hain aparte. Bi segundo eta hamalau ehunenek baino ez dituzte bereizten bi ahizpak. Elkarren ondoan dira, ia-ia, baina Ane aurretik. Aste hau berezia bezain astuna ari zaiela egiten aitortu dute biek: «Lanean beste gairik ez dago, eta egunero gogoan izan behar datorren igandekoa». Ez zaie gustatzen horrela ibiltzea: «Urduri jartzen nau», aitortu du Anek. «Aste hau gozatzekoa da, eta amorrua ematen dit ezin gozatuta ibiltzeak», gehitu du Elik.

Urduritasunarena aipatuta, biek aitortu dute aste honetako urduritasunek eragina izan dezaketela igandeko estropadan: «Gauzak bere-berean hartzen ez badira, igandean ondorioak etortzen dira», azaldu Elik, esperientzia lagun. Anek ere antzeko zerbait esan du: «Urduri bazaude, entrenamenduak ez dira ondo ateratzen, eta, orduan, zalantzak sor daitezke, eta zalantzekin, arraunkera galdu ere bai».

Ez dira batera bizi, eta, kontatutakoak kontatuta, ez du ematen aste honetan arrauna hizpide izango zutenik elkarrekin bizi izan balira ere. Eta etxean? Zer diote etxekoek? «Ohituta daude egoera honetara», esan du Elik. «Pozik daude bi ahizpak Kontxa irabazteko aukerarekin ikusita», dio Anek. Ez dira bi ahizpak etxekoengana joaten bakoitzaren alde egiteko eskatzera: «Ez, ez. Konpromiso batean jartzea litzateke hori, eta niri hori egitea ez litzaidake gustatuko; nik ere ez diet egingo». Etxekoak joango omen dira igandean Donostiara: «Han izango dira, bai. Bi taldeetako zapiak lepoan jarrita, ziurrenik», esan du Anek.

Pescadortarrek, hortaz, bi aukera dituzte igandean poza eurenganatzeko. Anek badaki zer den arranplan gora bandera preziatuarekin igotzea. Iaz irabazi zuen. «Oraindik hunkitu egiten naiz argazkiak ikustean», esan du. «Nik ere atera nuen argazkia berarekin eta banderarekin», gogoratu du Elik, baina ez du hor amaitu esaldia: «Ea aurten ni naizen banderarekin».

Estu daude gauzak bi ahizpen taldeen artean, eta Zumaia ere gainean daukate, hiru segundora. Elik ez du uste alde handiak egongo direnik: «Itsasoa zeharo txarra ez badago, behintzat, ez zait iruditzen alde handiak egongo direnik. Berdintasuna izango dugu berriz ere». Anek zorteari bota dio keinua: «Itsasoa zakar samar badago, kaleek eragin handia izango dute, eta zorte ona ere beharko da bandera irabazteko».

Sekulakoa izan zen igandekoa. Arraunlariek era batera bizi izan zuten barrutik: «Nekagarria izan zen oso. Patroia denborak eta aldeak esanez une oro; bat aurretik, bestea…», kontatu du Anek. Elik beste ikuspegi batetik ikusi zuen gero estropada: «Etxean telebistaz ikusi nuen gero, eta hunkitu egin nintzen hain estropada bikainarekin». Haren ustez, ondo gogoan gordeta geratuko da: «Mugarria izango da emakumezkoen traineru estropadetan; urteen joanean ere hor egongo da».

Osaba arraunlariak

Biak arraunari eman eta eman aurreko igandean, eta, bitartean, etxekoak gozamen betean eta urduri aldi berean. «Arraunzalea zen aita, eta ikusten genituen traineruak entrenatzen eta lehiatzen Pasaiako badian», gogoratu du Anek. Orain, bi ahizpak dabiltza lehian, eta horrek eragina izan du etxean: «Arraunaz asko hitz egiten da, hau dela eta bestea dela. Polita da», gehitu du Elik.

Bi osaba izan dituzte gogoan, biak arraunlari izanak. Pescadortarren oihartzuna ez baita gaurkoa arraun munduan: «Bat San Pedron ibili zen, eta bestea, Hibaikan». Aitaren zaletasunarekin eta osaben jardunarekin, ez da harritzekoa bi ahizpak arraunlari izatea. Segitzekotan dira, gainera. Eli, Hibaikan: «Gauzak asko aldatzen ez badira, herriko traineruan segituko dut. Osatzea kosta zitzaigunarekin...». Anek ere buruan dauka Hibaikan arraun egitea, baina ez orain: «Hibaikan bukatu nahiko nuke, baina oraindik ez da heldu garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.