Kolpea eman nahi du

Jon Rahmek jauzi itzela egin du azken urte erdian, eta, horri esker, faboritoen artean dago lehiatzen den torneo guztietan, Hala dago gaur hasiko den AEBetako Irekian ere.

Julen Etxeberria.
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bost egun barru beteko da urtebete Jon Rahm (Barrika, Bizkaia, 1994) profesional egin zela. Denbora zeraman golf munduak haren zain. Ez zen gutxiagorako, amateur mailan makina bat marka apurtuak baitzituen. 19 urterekin, munduko txapeldun izan zen, Jack Nicklaus handiak lortutako marka hobetuta —parraren azpitik 23 kolperekin gailendu zen, estatubatuarrak baino sei kolpe gutxiagorekin—. Balentria horri beste hamaika gehitu zizkien Arizona State AEBetako unibertsitatearekin: munduko amateur onena izan zen bi urtez, bitan irabazi zuen AEBetako amateur onenaren Ben Hogan saria —inork ez du lortu halakorik—, eta 11 torneo irabazi zituen unibertsitateen arteko txapelketan —Phil Mickelson estatubatuarrak bakarrik irabazi ditu gehiago, hemezortzi—.

«Heldu egin naiz. Gozatu egin nahi dut profesionaletan, eta egunero zerbait ikasi», aitortu zion BERRIAri profesionaletan debuta egin bezperan. Antzik ez zuen hilabete batzuk lehenago egunkari honi esanarekin: «Historiako onena izan nahi dut». Apalduta ote zebilen galdetuta, ordea, Rahmek berehala altxatu zuen gandorra. «Ez. Ez dut asmorik onena izateko ametsari uko egiteko».

Harrokeria zirudienak, ordea, ez dirudi hain harrokeria urtebete geroago. Munduko sailkapeneko hamargarrena da jada. Bederatzigarren ere izan da. Horretan ere onenen artean dago. Izan ere, lau jokalarik bakarrik lortu dute lehen hamarren artean egotea hura baino gazteago izanda. Jauzi itzela egin du denbora gutxian, urtea amaitu aurretik 100. postutik gora baitzegoen. Azken urte erdian lortu dituen emaitza bikainei esker iritsi da horren gora. Hamabi torneotan lehiatu da 2017an, eta horietatik erdietan sailkatu da aurreneko bosten artean.

Bi emaitza nabarmentzen dira horien artean. Joan den urtarrilaren amaieran San Diegon (AEB) irabazitako Farmers Insurance torneoa da bat. Barrikarrak zirkuitu profesionalean lortutako estreinako garaipena izan zen. Arnold Palmer, Nicklaus, Tiger Woods, Mickelson, Txema Olazabal... makina bat golflari handi bertan irabazitakoak dira, baina haietako inor ez zen horren gazte nagusitu. Ez haietako inor, ezta beste inor ere. Torneo horretan gailenduta, gainera, sari handia eskuratu zuen: Augustako Masterserako sailkatzea, sasoiko lehen Grand Slamerako, alegia.

Onenekin lehian

Balentria hori, ordea, txiki geratuzen bi hilabete eskas geroago. Buruz buruko munduko txapeldunorde izan zen, Austinen (AEB). Kevin Chappell, Shane Lowry, Sergio Garcia, Charles Howell III.a, Soeren Kjeldsen eta Bill Haas mendean hartu ondoren, Dustin Johnson estatubatuarra izan zuen aurkari finalean: munduko lehen sailkatua. Johnson indarrean hasi zen: zortzigarrenen zuloan, bost zulo zen aurretik. Lehiak erabakita zirudien. Egoera hartan, amore emango zuen edozeinek. Baina Rahmek ez. Urduritasuna alde batera utzi, eta, arriskatuz, eta zorte apur batekin, egoera irauli zuen. Zuloz zulo, kolpez kolpe, aldea murriztuz joan zen, eta pentsaezina zena lortu zuen: partida azken zuloan erabakitzea. Zoritxarrez, erdibidean geratu zen. Galdu arren, Rahmek berriro erakutsi zuen gaia eta kalitatea sobran dituela onenekin lehiatzeko.

Horregatik ageri zen astebete geroago jokatu zen Augustako Mastersa irabazteko hautagaien artean. Espero zen baino pattalago aritu zen, ordea, 23. postuan, baina kontuan hartu behar da bigarren torneo handia zuela. Argi dago barrikarrak gaizki ohitu dituela zaleak.

Gaurtik aurrera, aukera izango du arantza ateratzeko, AEBetako Irekian lehiatuko baita. Hain zuzen, han aritu zen estreinakoz Grand Slam batean, iaz. Amateur mailako azken torneoa izan zen, eta bikain aritu zen orduan ere. Hura izan zen amateurren artean torneoak iraun zuen lau egunetan lehiatu zen bakarra. Beste guztiek ez zuten gainditu gutxieneko marka lan erdietan. 23. postuan sailkatu zen azkenean, 288 kolperekin, Johnsonengandik hamabi kolpera. Estatistikak baino argigarriagoa da datu hau: ez Olazabal, ez Woods bera ez ziren horren goian sailkatu euren lehen handian —hondarribiarra 25. izan zen, eta estatubatuarra, 41.—.

Zelai aproposa harentzat

Rahmek aukera ona du iaz egindako lana hobetzeko. Erin Hills zelaian jokatuko da estreinakoz AEBetako Irekia, eta zelai hori oso aproposa da bizkaitarrarentzat. Bola gogor jotzen duten jokalariak ondo moldatzen dira han, eta, hain zuzen, hori da Rahmen dohainetako bat. «Oso ondo pasatu dut han entrenatzen. Oldarkor izan naiteke hasieratik. Bola gogor jo dezaket, eta green-etan irudimentsu jokatu», azaldu du lehiatu bezperan.

«Baikor» dago horregatik, baita azkenaldian lortu dituen emaitzengatik eta lortu duen eskarmentuagatik ere bai. «Egoera aldatu egin da, baina ez neure buruari jarritako helburua: beti nire onena ematea. Jokalari helduagoa naiz, eta dezenteko eskarmentua lortu dut jada. Beraz, uste dut zelaian erabaki hobeak har ditzakedala. Prest nago gerra emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.