«Ez naiz itsutu»

Asteartean ekingo dio buruz burukoari Mikel Urrutikoetxeak, Jokin Altunaren aurka, Donostian. Binakakoan eskuetan izan zituen arazoak ahaztu ditu, eta sasoiko ekingo dio lehiari.

«Ez naiz itsutu».
jon eskudero
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketak azkenekohiru urteetan izan dituen txapeldunak asteburu honetan sartuko dira lehian, eta horietako bat izango da Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989). Iker Irribarriarekin batera,Urrutikoetxea jotzen dute faboritotzat, eta sasoiko dago aurtengo ibiliari hasiera emateko. Lesioak ahaztuta, konfiantza berreskuratu samar sentitzen da, eta, gainera, denbora alde izan du banakakoak eskatzen duen prestaketa fin egiteko. Nahi baino gehiago, akaso. «Luze samar egin zait itxaronaldia, baina ez naiz itsutu, eta presiorik gabe jokatuko dut txapelketa». Donostiako Atano III.ean jokatuko du final-laurdena Jokin Altunaren aurka, datorren asteartean, eta gutxienez partida bat irabaztea du helburu. «Lehen partidan nagusitzeak esan nahi du datorren urtean zerrendaburu izatea berriro, eta gaur-gaurkoz, hori da nire helburu nagusia».

Urrunago begiratu ez arren, horretarako arrazoiak behar lituzke izan Urrutikoetxeak. Ziurrenik, banakakoa izango da ondoen doakion modalitatea, eta, fisikoki daukan gaia aintzat hartuta, harri gogorra da edonor aurrean duela ere. «Fisikoki oso ondo nago. Aspaldi aldatu nuen prestaketa, eta esango nuke asmatzen ari garela. Hauspoa betetzen zaidanean ere azkar suspertu ohi naiz». Fisikoa baino garrantzitsuago bada beste gauza bat, ordea: burua. «Fisikoki ondo egoteak ez du ezertarako balio pilotariak berea ematen ez badu. Gaur egun, pilotari askok sekulako presioa egiten diote euren buruari, eta kalterako izan ohi da. Nik denbora asko izan dut banakakoa prestatzeko, baina ez naiz itsutu. Lagunarteko partidak jokatzen zentratu naiz».

Batez ere, azken hiru asteetan findu du entrenamendua. «Binakako Txapelketatik hain azkar kanporatzea kaltegarria izan zen. Uste dut lan ona egin nuela, baina, azkenerako, behera egin nuen. Eskuak mindu zitzaizkidan zeharo, partidaren bat ere utzi nuen, baina ahaztuta dago hori. Denbora izan dut nire onera etortzeko, eta aspaldian gozatzen ari naiz pilotan». Bide beretik segitu nahi du, itsutu gabe. «Banakakoa hastera doa niretzat, baina saiatuko naiz beste edozein partida bezala jokatzen. Urteekin ikasi dut alferrik dela norbere buruari presioa egitea eta egunak partida horren zain egotea. Tentsioa igarriko dut, banakakoa beti delako berezia, baina beste filosofia batekin ekingo diot. Olaizolarekin binakakoa jokatu nuenean, asko ikasi nuen, batez ere presioa kudeatzen».

Izan ere, Urrutikoetxearen esanetan, entrenamendu gogorrak egin eta ondo sentitu arren, egun txar bat aski da kalera joateko. «Egunak eta momentuak agintzen du, bestela ikusi besterik ez dago zer gertatu zaien Arteagari eta Artolari». Altuna III.aren kontra galduko balu, pena «galanta» izango luke, baina ez litzateke atzerapausoa izango. «Jokoa da hau, eta galduta ere ez litzaidake mundua behera eroriko».

Altuna, «arriskutsuena»

Aurkari oso arriskutsua egokitu zaio hasteko: Altuna III.a. «Guztiek esaten dute artista dela aurrean eta tantoa erraz bukatzen duela, baina ez ditu dohain horiek bakarrik. Kolpe freskoa du eskuinez, pilota frontisetik urrun jartzen du, eta oso pilotari osoa da, defentsa ere ona baitu. Oraindik ez du zeresanik eman buruz buru, baina ziur nago inoiz txapeletik gertu egongo dela». Are gehiago gaur egun banaka nola jokatzen den aintzat hartuta. «Kasik garrantzitsuagoa da atzera jotzea baino aurrean izkinak bilatzea. Horretan trebea da Altuna, eta saiatu beharko dut erasorako aukera gutxi ematen». Taktika etxetik pentsatuta eramango du. «Partidak berak erakutsiko digu nola jokatu, baina agintzea garrantzitsua izango da».

Bilbon, Bizkaia pilotalekuan jokatu duen aldietan, sarritan leporatu izan zaio etxean aritzearen abantaila zuela. Bada, Donostian jokatuko du, eta gipuzkoar baten aurka. «Ez dago arazorik. Irabazten duenak merezita irabaziko du, han edo hemen. Atano III.ean gutxitan jokatu dut, baina badakit frontoi bikaina dela. Ea harmailetan giro ona egoten den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.