Sendotasuna ehuntzen

Balentziaga museoaren une goxoa nabarmendu dute, zentroa zabaldu eta bost urtera. Museoak transmititzen duen konfiantza azpimarratu dute arduradunek

Hurrengo larunbatetik hasita, hainbat jarduera egingo dituzte Getariako Balentziaga museoan, bosgarren urteurrena ospatzeko. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Getaria
2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
2011ko ekainaren 7an ireki zituen ateak aurrenekoz Getariako (Gipuzkoa) Cristobal Balentziaga museoak, irregulartasun zantzu eta salaketaz jositako urteen ostean. Goi mailako moda sortzailearen lana gorde, ikertu eta zabaltzeko zentro bat eraikitzeko «ametsa» errealitate bihurtu zen hala, lehen aldiz proiektatu eta hamabi urtera. Atzo bete ziren bost urte egun hartatik, eta urteurrenaren karietara, balantzea egiteko agerraldia egin zuten museoko arduradunek, Miren Vives zuzendaria buru zutela. Izan ere, aipatu zuenez, bost urte denbora luzea ez izanagatik, «proiektu baten hasiera beti da inportantea», etorkizunerako oinarriak hor jartzen diren heinean.

Arduradunen balantzea ona da, goitik behera, eta zabaldu zenetik gaur egun arteko «gorakada» ere nabaria da, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak atzo nabarmendu zuenez. Mahai gainean dira datuak: bost urteko epean, 284.763 bisitari jaso ditu museoak. Inaugurazioaren ondotik, bisita kopuru esanguratsuak izan zituen zentroak, baina hasierako efektu hori pasatuta, behera egin zuten bisitek hurrengo urteetan. 2014an, ordea, %6ko hazkundea izan zen, eta goranzko joera berretsi berri dute: 2016ko lehen bost hilabeteetan %25 ugaritu dira bisitak, iazko datuekin alderatuta.

Bisita kopuruak bainoago, edonola, museoaren funtsen hazkundea nabarmendu dute museoaren sendotasunaren arrazoitzat. Edozein museoren «oinarria» da ondarea, Muñozen hitzetan, eta Balentziaga museoak jakin izan du bere ondarea handitzen. Diseinatzailearen 1.039 piezarekin abiatu zuten proiektua, baina egun, 2.150 dira museoko bilduma osatzen dutenak. Eta horrek, sailburuordearen hitzetan, «etorkizun interesgarria» ekar diezaioke zentroari.

Ondarea osatzen duten piezen kopurua handitzeaz gain, haien nolakotasuna ere aberastu du museoak, hiru arlo berritan. Study collection izenekoan, Balentziagaren figuraren ikerketa eta lanerako piezak —52 guztira— bildu dituzte: patroiak, erreprodukzioak,infografiak... Bestalde, jostunaren inguruan lanean ibilitako 50 pertsonaren lekukotzak jaso dituzte, haren «giza mundua» ezagutze aldera. Azkenik, nazioarteko aldizkariak jasotzeko ildoa zabaldu dute, ikerketarako erreferentzia garrantzitsuak izan daitezkeelakoan. Oraingoz, 400 ale inguru jaso dituzte.

«Sendotasuna» erakusten dute datuek, Muñozen esanetan, baina, batik bat, «sinesgarritasuna». Dohaintzen kopuruak hala erakusten du: aurten, adibidez, museoan gordailu gisa sartutako materialen %5 dohaintzak izan dira. Alegia, tarte baterako utzitako piezak zirenak museoaren behin betiko bildumaren parte bilakatu dira. Eta hori, arduradunek diotenez, museoak bildumagile eta piezen jabeei transmititzen dien konfiantzaren erakusle da.

Bada adibide zehatz bat, bereziki esanguratsua: 2014an, Balentziagak egindako 400 jantzitik gorako bilduma bat eman zion Bunny Mellon aberats estatubatuarrak museoari. «Horrek erakusten du [museoak] baduela oihartzuna mundu osoan, eta Balentziagaren inguruan erreferentzia dela munduan», Muñozen esanetan. Eta, gainera, jasotako materialen inguruan egindako lana nabarmendu zuen sailburuordeak: «Ez da bakarrik bilduma bat egin eta gauza oso ederrak erakustea; hemen irizpideak daude, lan zientifiko bat egiten da, ikertu egiten da, eta diskurtso bat osatzen da».

Hamabost erakusketa

Bost urteko ibilian, Balentziagaren figuraren inguruko lau erakusketa monografiko antolatu dituzte museoan, bilduma propioko zein kanpotik ekarritako materialak erakutsiz. Horietako bat da martxotik ikusgai dagoena, Balentziaga, parpailan barrena izenekoa, jadanik 17.000 bisitaritik gora jaso dituena. Bestalde, modarekin eta Balentziagarekin lotutako beste 11 erakusketa jarri dituzte azken bost urteetan,jantziak ez diren beste hainbat elementu erakutsiz. Izan ere, atzo nabarmendu zutenez, diseinatzailearen lanaz harago, haren bizitzarekin lotura duten edo haren figura azaldu dezaketen objektuak eta dokumentuak jaso eta erakustea da museoaren beste helburuetako bat.

Erakusketez gain, hezkuntza programa da Balentziaga museoak zabaldu eta indartu dituen ildoetako bat. Azken bost urteetan, ia 5.000 pertsonak hartu dute parte bertan. Miren Vives zuzendariak atzo azaldu zuenez, hain justu, «modaren kultura» sortu eta zabaltzea da museoaren xedea, moda diseinuari «arte adierazpen gisa merezi duen tokia» emate aldera. Alde horretatik, material, patroi eta modeloen artean bereizten jakiteko «irizpideak» eman nahiko lizkioke museoak publiko orokorrari.

Xede horretara bideratuko dituzte urteurrenaren harira prestatutako jardueretako batzuk. Datorren larunbatean hasiko dira ospakizunak, gauez, 21:00etatik gauerdira ateak irekiz. Igandean, gainera, familientzako tailer bat izango da. Hurrengo ikasturteko lehen erakusketa nagusia ere iragarri dute: Jose Ortiz Echague argazkilariak eta Balentziagak jantzi tradizionaletik abiatuta egindako «berrikuspen estetikoa» izango du ardatz, urritik aurrera.

«Lehen pausoak ematen dituzten umeak gara —azaldu zuen Vivesek, museoaren bost urteei erreferentzia eginez—, eta, umeak bezala, tarteka laguntza behar izaten dugu». Horregatik, ondoan izandako instituzioen —Getariako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Kultur Ministerioko ordezkariak izan ziren atzoko agerraldian—, emaileen eta herritarren laguntza eskertu zuen. Laguntza horrek egingo baitu, azken batean, «ibilia sendoago, ibilbidea luzeago eta ametsa, gertukoago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.