Ikusten ez denari begira

Itziar Barrioren azken urteetako lanak batu ditu Bilboko Azkuna zentroak 'Bide guztiak erabiliz' erakusketan. Lengoaia artistikoa deseraikitzen dute haren piezek

Eskulturak, performanceak, bideoak eta diseinu lanak uztartzen dituzte Itziar Barrio artistaren proiektuek. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Filma proiektatu ahala erakusten ditu zinemagintzaren mekanismoak Itziar Barrio artistak (Bilbo, 1976). Literalki. Erdiko pantailan aktorea kamerari mintzo zaion bitartean, grabazioa zuzenean ikustera joan den publikoa ikus daiteke eskuinekoan, eta, aldi berean, besoak luze jarrita, bere txanda helduko zain dagoen aktorearen asperdura erakusten du ezkerrekoak. Hirurak batera. Hain zuzen ere, aldiberekotasun hori da funtsa Obedientziaren arriskuak piezaren kasuan, baina, bestela ere, argi ikusten da konstante bat dela bere ibilbide osoan deseraikuntza ariketa hori. Urteak daramatza artistak New Yorken bizitzen, eta Euskal Herrira ekarri dute orain haren lana. Barrioren azken urteetako proiektu nagusiak bildu ditu Bilboko Azkuna zentroak Bide guztiak erabiliz erakusketan. Maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik.

«Errealitatea sortzen duten mekanismoak jarri nahi izaten ditut agerian nire praktika artistikoaren bidez », azaldu du sortzaileak. Izan ere, normalean ezkutuan egon ohi diren edo oharkabean pasatu ohi diren mekanismoak bistaratzen dituzte haren lanek, eta, kasu honetan, erakusketa aretoraino eraman du ideia hori.

Areto sarreran jarri dituen hormigoizko pieza batzuek eman diote oraingoan horretarako bidea. Irekiera egunean hiru bloke besterik ez zegoen sarreran, baina, erakusketak zabalik iraun bitartean, haziz joango da kopuru hori. Bi astean behin aretoan bertan sortuko ditu hormigoizko pieza gehiago langile batek, eta hala begi bistan geratuko dira erakusketa bat eraikitzeko mekanismoak. «Aretoa bizirik egon zedin nahi genuen», azaldu du.

Johanna Burton izan da erakusketako komisarioa. Keith Haring fundazioko zuzendari eta New York Museumeko komisarioa ere bada, eta Azkuna zentroaren bidez jaso zuen Barrioren erakusketa antolatzeko proposamena. Artistak aldi berean globalki eta lokalki pentsatzeko duen gaitasuna nabarmendu du. «Umorea topatuko du bisitariak erakusketan, eta baita pathos-a eta edertasuna ere, baina bizi dugun neokapitalismoari buruzko gogoeta sakonak ere badaude».

Urdin kolore elektriko bat da nagusi erakusketako hormetan. Eta ez da debaldekoa hautaketa hori ere. Chroma key efektua sortzeko erabiltzen dute kolore hori bideogintzan eta zineman. Urdinez edo berdez margotutako atzealde batean grabatzen dituzte aktoreak halakoetan, eta gero digitalki nahi duten atzealdea txertatzen dute gero hondo horren gainean. «Nolabait ere, fikzioari egiten dio erreferentzia kolore horrek, eta hori da nire lanaren gaietariko bat ere: fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko esparru hori. Mekanismo zinematografiko hori deseraikitzen du nire lanak».

Latexa eta hormigoia

Erakusketan badira Barriok behin eta berriz erabiltzen dituen bi material ere: hormigoia da bata, eta latexa da bestea. Eta badu bere sinbolismoa haietako bakoitzak, artistaren hitzetan. «Eskulanarekin lotuta dago hormigoia, eta merkea izanik, langile klasearekin ere lot daiteke. Eta latexa, berriz, [bondagearen, diziplinaren, dominazioaren eta sumisioaren bidezko praktika erotikoen multzoa biltzen duen] BDSM subkulturatik dator, eta sedukzioarekin, sexualitatearekin eta desirarekin lotuta dago hori. Bi mundu horiek gurutzatzen ditut, eta botere dinamikak lantzeko balio dit horrek. Egia esan, beti ari naiz horri buruz».

Proiektuka egiten du lan Barriok, eta azken zortzi urteetan landutako lau proiektuk osatzen dute erakusketaren bizkarrezur nagusia. Normalean ideia baten bueltan hasten da lanean, eta hainbat formatu baliatzen ditu gero proiektu haietako bakoitza garatzeko. Maiz artelan multzo bakarra osatzen dute horregatik ideia beraren bueltan sortutako performanceek, bideoek, eskulturek eta diseinu lanek ere. Eta atalka antolatu dute erakusketa horregatik.

Barriok maite du pop kulturako nazioarteko ikurrekin lan egitea ere. Adele abeslaria da proiektuaren abiapuntua erakusketa ixten duen Ia dena eduki genuen piezan, adibidez. Haren We Could Have Had It All abestiaren hitzak oinarri hartuta, abesti horri erantzuten jarri zituen 2011n Maialen Lujanbio bertsolaria eta Chavisa Woods poeta, eta performancea, bideoa, diseinua eta testua uztartzen dituen pieza bat da prozesuaren emaitza.

Maiatzaren 6ra arte hazten eta hazten jarraituko du erakusketak. Astez aste gero eta hormigoi pieza gehiago izango ditu sarreran, eta itxiera modura Gutxiago lan egin nahi dugu denok performancea eskainiko dute aretoan maiatzaren 4an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.