Sanferminak Iruñean

Plaza zezenik gabe nahi dutelako

Zezenketen kontrako manifestazioa egin dute Alde Zaharrean, besta giroan, Iruñeko Zezengorri taldeko kideen eskutikZezenketen ordez, zezenik gabeko egitarau bat nahi dute, ekimen herrikoiz betea

Zezengorri taldeak antolatuta, zezenketen aurkako manifestazioa egin zuten atzo Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gauzak aldatzen hasi dira Iruñean. Aldaketa, akaso, ez da kontra direnek nahi bezain azkar gertatuko, baina abian dela ezin da ukatu. Zezenketen inguruko eztabaida Iruñean da. Mamitzen hasi da iruindarren artean. Gero eta gehiago. Eta horren adierazgarri da atzo bertan, San Fermin egunean, Iruñeko karriketan zezenketen aurka egin zuten manifestazioa. Sanferminak hasi baino lehen, Peta eta Anima Naturalis agertu ziren Nafarroako hiriburuko karriketan, zezenen aurkako tortura eta haien erailketa salatzera. Eta atzo, berriz, Iruñeko bertako Zezengorri taldeak hartu zuen zezenketen aurkako aldarriaren lekukoa. Manifestazioa egin zuten, besta giroan, Nafarreria plazatik zezen plazaraino, zezenketen aurkako mezu hori Alde Zaharreko karriketan barrena zabalduz. Iruindarrok gazte peñako kideak ere elkarretaratzean izan ziren, eta, haien elektrotxarangarekin, bazterrak girotzen aritu ziren. Zezenketen aurkako peña da hori.

«Ni ez noa». Horixe erran zuten Zezengorri taldekoek eta manifestazioan parte hartu zuten pertsona guztiek, atzo, ozen. Zezen plazara ez doazela. Ez dutela joan nahi. Zezengorriko kideek argi eta garbi dute haien ezezko borobilaren arrazoia zein den: plazan zezenak torturatu eta akabatu egiten dituztela eta halakoek gizarte zibilizatu batean ez luketela lekurik izan behar. Mezu hori manifestazioa zabaltzen zuten pankartetan islatu zuten Zezengorriko kideek, Ni ez noa, zezenketarik ez leloa idatzita baitzuten.

Aukerak profitatu

«Jendeak pentsa dezan nahi dugu, gogoeta egin dezan zezenketen inguruan». Zezengorri taldeko kide Eguzki Abadenak dira hitzak. Atzoko manifestazioan izan ziren iruindarretako bat da. Iruñean gauzak aldatzen hasi direla argi du Abadek, eta aldaketa hori erabateko bilakatu arte, hau da, zezenketak bertan behera gelditu arte, lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuen atzo.

Lan hori erraztuko duten aukerak sortzen ari direla nabarmendu zuen Abadek, atzo egindako manifestazioaren harira. Hau da, gogoeta bultzatzea erraztuko duten bideak zabaltzen ari direla, eta horiek profitatu behar direla erran zuen, zezenketen inguruko eztabaida ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz.

Egungo krisi ekonomikoak ireki du, Abaden ustez, kontuan hartu beharreko bide horietako bat. «Kontua da krisiaren ondorioz gero eta jende gutxiago joaten dela zezenketetara». Iruñeko peñen artean ere kezka sortu du egoera horrek; hau da, peña horietako kideei plazatik at bertzelako ekitaldiak eskaintzeko kezka. «Besta herrikoien aldeko aldarriarekin ere zer ikustekorik badu horrek», erran zuen Abadek. Iruindarren artean egitarau ofizialetik at ekimen propioak martxan jartzeko interesa badela azpimarratu zuen. Aurten, adibidez, zezenketen ordu berean askariak antolatu dituzte peñek, San Frantzisko plazan. «Akaso ekimen horiek guztiek ez dute animalien eskubideen inguruko kezkarekin lotura zuzenik, baina sortu den aukera baliatu beharra dago animalien alde». Abadek argi du plazatik at besta jorratzeko aukerek mesede handia egiten ahal diotela zezenketen aurkako mugimenduari.

Horregatik, hain zuzen ere, peñekin, ekologistekin, Gora Iruñea! plataformako kideekin eta bertze hainbat eragilerekin hartu-emanak hasi dituzte jada, denen artean sanferminetarako zezenketak bazter utzi, eta bertzelako ekimenak sortzeko asmoz.Datozen hilabeteotan hartu-eman horiek fruiturik emanen dutela espero du Eguzki Abadek, atzoko manifestazioaren ondotik azpimarratu zuenez.

Zezenak sanferminetako egitarautik at uztea da kontua. Zezengorrikoek lortu nahi duten helburua. Ohiturak aldatzea. Eta ohitura berriek animalien eskubideak errespetatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.