Kutxaren kultur ekoizpenaren kokagunea Tabakaleran egongo da

5.600 metro koadro izango ditu erabilgarri eraikinean.Solairu nagusiko aretoan erakusketa handi bat irekiko dute, Kutxaren funtseko pieza garaikide nabarmenenekin

Areto balioaniztuna izango denaren erreprodukzioa. KUTXA FUNDAZIOA.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Instituzioek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak, Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko«laugarren hanka» izatea proposatu zioten Kutxa fundazioari, orain hiruzpalau urte. Finantzatze beharrak zirela eta, proposatu baino gehiago «exijitu» egin zitzaion, Carlos Ruiz fundazioko zuzendari nagusiaren esanetan. Baina ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, eraikinean kultur eskaintza bat ere gauzatu zezaketeela iruditu zitzaien Kutxakoei. Beraz, deliberatu dute Tabakalera bihurtzea instituzioaren gizarte ekintzaren kultur ekoizpenaren kokagune. Fundazioak 5.600 metro koadro izango ditu erabilgarri han, eta Tabakalerak eskainitako programazioa osatuko du, Kutxa Kultur izenpean. «Espazioa ikusgarria eta identifikagarria izango da», adierazi zuen Ruizek atzo Donostian, proiektuaren aurkezpenean.

Kutxak 900 metro koadroko eta bi pisuko erakusketa areto bat edukiko du eraikineko solairu nagusian. Sarrera nagusitik iritsi ahal izango da hara, Nestor Basterretxea deituko den plaza igarota;udan dira Tabakalera irekitzekoak. Cristina Beloki fundazioaren erakusketa aretoen zuzendariak atzo jakinarazi zuenez, «artista garaikide gipuzkoarren obrarekin» osatutako erakusketa «handi bat» irekiko dute hanudazkenean. «Gure ondareari buruzko erakusketa nagusia izango da». Kutxa fundazioak 1.600 bat piezako funts bat du eskultura, margolan eta besteren artean, eta horretako lan «bikainenak» jarriko dituzte ikusgai, Ruizen hitzetan. «Ur taldekoenak, Gaur taldekoenak...», zehaztu zuen Belokik. Hautatuko dituztenetako batzuk sekula ez dituzte erakusketa batean jarri. Bi adibide ematearren, Ruizek aipatu zituen Nestor Basterretxearen Zuhaitza serieko pieza bat [jaiotzez bizkaitarra zen], eta baita Jorge Oteizaren eskultura bat ere, Kutxaren egoitza nagusiko sarreran dagoena, Donostiako Garibai kalean.

Areto horretan «artista garaikide kontsakratuen lanak» erakusteko asmoa dute —dozena bat pieza modu iraunkorrean erakutsiko dituzte—. Horrek ez du esan nahi, ordea, aurrerantzean Kursaaleko Kubo aretoan ez dutela erakusketarik egingo. «Bere bidea egin du, eta egiten jarraituko du», nabarmendu zuen, badaezpada ere, Belokik.

Moda emankizunak, antzerki emanaldiak eta musika kontzertuak egiteko egokitutako 150 metro koadroko espazio balioaniztun bat izango du alboan areto horrek.

Hirugarren pisuan, eraikineko ganbaran alegia, Kutxaren Fototekan, azaleratzen ari diren artistentzako sortzeko espazioak, tailerrtarako guneak eta Kutxa Gelak programa gauzatzeko tokia bilduko ditu fundazioak. Ruizen arabera, Kutxak bultzatutako ekintzek beteko dute, ia osorik, hirugarren solairuko jarduera. «Bestela, hotel bat eta Tabakalerako artisten egonaldietarako egoitza bat daude aurreikusita hor».

«Orain ezinezkoa litzateke»

Eraikina zaharberritzeko obren aurrekontuaren %23 Kutxak finantzatuko duela gogoratu zuen Ruizek. «13 bat milioi euro». Aurten 4,1 milioi euro emango dituzte horretarako, eta beste 1,2 milioi euro, gune horiek guztiak egokitzeko lanetarako. Dena den, Ruizek nabarmendu zuen egungo egoera sozioekonomikoan ezinezkoa litzatekeela akordio hori iristea. «Ez dugu parte hartzen tamaina honetako proiektuetan. Fundazioaren lehentasuna ez da proiektu berriei aurre egitea. Plan estrategikoaren barruan, kulturak mantentze funtzio bat dauka». Udazkena eta 2016ko uda bitartean abiaraziko dituzte jarduerak, «pausoka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.