Iraganaren puzzlea, lau ahotsetara

Xabier Montoiak 'Hitzontziak' nobela luzea plazaratu du. Donostiako taberna batean kokatu ditu lau pertsonaiak, eta memoriak nahiz bakardadeak batuko ditu

gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Lau pertsonaia. Lau ahots. Donostiako Parte Zaharreko taberna batek batzen ditu. Nagusia eta zerbitzaria dira bi, gizonezkoak. Emakumezkoak dira bi bezeroak: bata, bi gizonezkoen belaunaldiko bertsukoa; bestea, gazteagoa. «Han aritzen dira hizketan, txandaka». Xabier Montoiaren Hitzontziak nobela berriko abiapuntua da, gaur egunean kokatua. Susa argitaletxearekin plazaratu du bere zortzigarren nobela, ia 400 orrikoa, Azken afaria (2013) aurrekoa argitaratu eta lau urtera.

Gorka Arrese Susako editorearen iritzian, nobelak badu musika obra baten tankera «erritmo eta konposizio aldetik». Baina «antzerkiari ere hurbiltzen zaio», lau pertsonaiak eszenara agertzen baitira, «argitan jartzen baitira», bakoitza bere ahotsaren bidez, «ondoren isildu eta beste baten txanda iritsi arte; pertsonaiak agertu eta desagertu egiten dira, opera batean bezala».

Taberna dute bilgune lau pertsonaiek, baina batzen ditu «mindura edo oinaze bana» izateak ere, Montoiak azaldu duenez. «Beraiek jakin ez arren, arrazoi berarengatik dute oinaze hori». Izan ere, hezur-haragitan azaltzen diren pertsonaiak lau izan arren, «badira beste bi beti hor daudenak, nahiz eta 80ko hamarkada bukaeran eta 90eko hasieran hil zituzten». Arrazoi diferenteak direla medio, «heriotza bortitzak» izan zituzten. «Lau pertsonaien ahotsean eta memorian agertzen dira etengabe. Bi hildakoen presentzia oso handia da, besteena bezain handia, edo handiagoa», dio Montoiak.

Iturri tabernan topo egiten dute Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak. Ez dira elkarren lagunak, baina elkarren berri izaten hasiko dira, eta nola-hala batzen dituen iraganaren puzzlea osatuz joango dira.

Belaunaldi erretratua

«Gauza askotaz» hitz egiten da nobelan. Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidetasuna, amodio harremanak eta beste azalduko dira. Oro har hitz eginda, «harremanei buruzkoa» da, baina hori esatea «ez da egia osoa ere», Montoiak dioenez. «Iraganaren pisuaz ari da nobela. Iraganak eta memoriak haiengan duen eraginaz. Memoria da oso inportantea bakoitzak izan duen sufrimendua nola saihesten duen ikusteko. Memoriak ia guztiongan funtzionatzen du leungailu bezala. Gogoratzen ditugun gauzak askotan ez dira gertatu zirenak, edo ez dira gertatu ziren modukoak, baizik eta guri komeni zaigun bezala agertzen zaizkigu, guk geuk jokatu genuen baino hobeto gogoratzen ditugu: guapoagok eta hobeak agertzen gara».

Bere belaunaldiaren «edo belaunaldiko zati baten» erretratua egin nahi izan du Montoiak lan berrian. Pertsonaien oroimen ariketak 1973 inguruan hasten dira eta gaur egunera artekoa hartzen dute, eta denboran erdialdera gertatzen dira bi heriotzak. «Batere nostalgiarik gabe egin dut erretratu hori, ez baitut garai haien batere nostalgiarik». Iraganaren kontrapuntu gisa, bezero gazteenaren ahotsa erabili du: «Hiper denda bateko kutxazaina da, eta hark gehiago ekarriko ditu oraineko kontuak».

Edonola ere, lau pertsonaiek «elkarren ispilu» moduan jokatzen dute: «Nobela formalki ispilu gisara antolatua dago. Pertsonaiak elkarren ispilu dira. Batek gogoratzen duena modu batean, besteak osatzen du, beste modu batera, ziur aski nahiko modu desberdinean, gainera. Ispilu jolas horretan pertsonaia bakoitzak ezagutzen du bere burua, eta topo egiten du guztiak batzen dituen beste ezaugarri batekin, bakardadearekin. Hori da azpian dagoena guztiengan».

Nobela «musikalena»

Gorka Arreseren hitzetan, ohiko tematikak izan dira Montoiaren nobelagintzan askatasuna, maitasuna eta heriotza. «Oraingo honetan ere horiek ageri dira, eta gehituko nuke Montoiaren nobela musikalena ere badela». Bada zerbait, Montoia musikaria ere badela kontuan izanik. Zera dio Montoiak berak: «Bai, musika pixka bat azaltzen da; rock-and- rolla badago, Bowie ere azaltzen da...». Atzo aurkeztu zuten nobela Donostian, eta Montoiak gogoratu nahi izan zuen bederatzi urte bete zirela atzoko egunez Laboa hil zenetik. Oraintsu argitaratu du Gorraizea diskoa ere. Normalean, ez ditu plazaratzen garai berean literatur eta musika lanak: «Nahiago izaten dut batetik bestera tarte bat uztea, baina orain honela suertatu da, eta aurrera». Apirilaren hondarrerako amaitu zuen idazketa lana: «Hortik aurrera, zuzenketak eta editaje lanak egiten aritu gara». Idoia Unzurrunzagarena da azaleko argazkia, taberna bateko kafe makinarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.