Ferixa Nagusikoak Elorrion

Kuadrillak, jaietako gatza eta piperra

Parte hartzea sustatzeko, aurten lehenengoz, kuadrillen arteko lehiaketa egun guztietan egingo dute. Elorrioko Ferixa Nagusiko jaiak hilaren 11ra arte izango dira

Jende ugari biltzen da kuadrillen egunean. BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Kuadrillek berebiziko garrantzia dute edozein herriko bizitzan.Horregatik, Elorrioko jaiak (Bizkaia) antolatzen hasi zirenean, otu zitzaien kuadrillen arteko egun bat sortzea. Aurten, baina, parte hartzea sustatzeko helburuz eta hamaika kuadrilla daudela ikusita, lehiaketa jai guztietara hedatzeko ideia izan dute festetako antolatzaileek.

Maitane Lopez jaietako zinegotzi eta arduraduna da antolatzaile horietako bat. Hark azaldu duenez, «kuadrillen eguna aspalditik antolatzen da: astelehenero, bazkaria eta jolasak eginez plazan». Azken urteetan ia 30 kuadrilla aritu izan dira jokoetan. «Lehen kuadrilla gutxi zeuden, eta euren arteko jolas edo erronka modura hasi zen egitasmoa. Egun gehiago daude, baina ohitura gorde da», aitortu du Lopezek.

Joan den urtean, ordea, lehiakortasuna gutxitzen saiatu ziren, azken urteetan «larregi lehiakorra» bihurtu zelako eguna. «Jokoak aldatu genituen, parte hartzea beste era batera eramateko». Joan den urtean egindako akatsetatik ikasita, aurten ere moldatuko dute lehiaketa, antzinako lehia eta joan den urtekoa nahastuz.

«Aurten, gainera, saiatu gara kuadrillen egunaz aparte kuadrillen arteko olinpiadak egiten, eta, horren ondorioz, jaietan egunero egongo da probaren bat». Bederatzi izango dira guztira, eta egun bakoitza gauza ezberdinetara bideratuta egongo da. Pintxo lehiaketa, kirolak... Ahalik eta eskaintzarik anitzena egingo dute parte hartzea bultatzeko helburuarekin. Lopezen aburuz, «horrela, egun bakarrean izan ordez, jai guztietan egongo da irudikatuta kuadrillen mundu hori».

Bestalde, lehen, kuadrillen eguna 25 eta 30 urte bitarteko jendearentzat bideratuta zegoela azaldu du, baina gaur egun, gauzak asko aldatu direla: «Hamalau urtekoak jada bazkaltzera datoz, eta erretiratuak ere bazkarira etortzen dira».

Gainera, aurten jaiak hasi baino lehen, festa ereduaren inguruan hausnartzea erabaki zuten hainbat herritarrek. «Deialdi publikoa egin zuen udalak eta bederatzi oinarri atera ziren: parekidetasuna, kultur aniztasuna, parte hartzea...». Urte bakarrean zaila zenez guztiak lantzea, bi hartu dituzte autengo jaietarako oinarritzat: berdintasuna, azken urteetan egindako jardunari jarraipena emanez; eta parte hartzea, «herritarrek parte hartu eta jaien parte sentitzeko», argudiatu du Lopezek.

Kuadrillen lehiaketan beraz, eragile ugari izan dira probak antolatzeko ardura izan dutenak. Bederatzi izango dira, eta bakoitza gai batekin lotuta egongo da: gazte egunean proba fisikoak; tortilla lehiaketa eta birziklapena bultzatzeko jai berdeak, kuadrillen egunean; playback-a txosnaguneak antolatuta, baita Sarek antolatutako proba berezia dispertsioaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.