Juan Martin Elexpuru. Idazlea eta filologia doktorea

«Faltsuak direla esanaz, gure ondare zati bat zakarrontzira joateko bidean da»

Indarrean dago oraindik Iruña-Veleian aurkitu ziren ezohiko grafitoek sortutako zalaparta. Gaur egun aztarnategiaren egoera zein den azaltzeko, hitzaldi bat antolatu dute biharko Bergaran, Irizar jauregian.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hil honetan beteko dira hiru urte Iruña-Veleiako auzia lehertu zenetik: 2008an, Arabako Foru Aldundiak faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006 artean Iruña-Veleian aurkitutako ezohiko grafitoak. Aztarnategia itxi, eta auzibidean jarri zituen zenbait lagun. Ordutik, grafitoen izaera argitzeko eskatu dute hainbat adituk. Horien artean da Juan Martin Elexpuru (Bergara, Gipuzkoa, 1950). Ostrakak hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik aztertu ditu, eta benetakoak direla uste du. Zer gertatzen da Iruña-Veleian? hitzaldia emango du bihar,19:00etan, Irizar jauregian, auzia zertan den argitzeko.

Zein arrazoi daude ostrakak benetakoak direla pentsatzeko?

Gaiak luze joko luke, baina euskarazko idazkiei begiratuta, ez dago euskararen ikuspuntutik berez garai horri ez dagokion ezer. Hau da, ez dago, adibidez, neologismorik. Adituen batzordeak emandako arrazoien artean -a artikuluaren lekuz kanpokotasuna aipatzen da. Erromatarren garaiko hilerrietan, ordea, agertzen da dagoeneko. Lexiko aldetik batzordeak argudiaturiko ezintasunek ez dute funtsik.

Hain zuzen, ekarpen ugari egin dira Adituen Batzordeak txostena plazaratu zuenetik.

Harrezkero hamazazpi txosten mardul daude idatzita ostrakak benetakoak direla diotenak. Bederatzi naziotako adituek idatziak. Ikuspegi askotatik aztertu dira ostrakak: latina, egiptologia, euskara, arkeologia... Oso material ona dago.

Arabako Diputazioak, baina, ez du bere erabakian atzera egin nahi. Ze argudio eman ditu?

Jakintsuz osatutako batzordeakfaltsuak direla erabaki zuela esaten du eta ez du atzera egin nahi. Jakina, bai politikariek bai unibertsitateko katedradunek hanka sartudutela onartzea litzateke atzera egitea.

Hala ere, hasiera batean ez zen zalantzarik agertu gezurrezkoak ote ziren; gerora etorri ziren.

Aurkikuntzen hasieran, benetakotakoak zirela zioten gerora faltsutzat hartu zituztenek ere. Bi arrazoik lehertu zuten, nire ustez, auzia. Batetik, euskal filologoen arinkeriak, hitz arina erabilita. Duela bi mila urteko beren euskararen berreraiketa eta ostraketako euskara bat ez zetozela ikustean, nahiago izan zuten ostrakak faltsutzat jo, beren teoriak egokitu baino. Egia da zalantzarako bidea ematen dutela. Horregatik, are hobeto aztertu behar dira. Eta, bestetik, unibertsitateak, arkeologia sailak, aspalditik nahi zuen aztarnategi hori bereganatu.

2009. urtean herri plataforma bat sortu zen auziaren harira.Zein eskakizun ditu?

Ia eskakizun bakarra du: laborategiko analisiak egitea. Gauza oso erraza da, goiz bateko lana. Hizkuntza aldetik desadostasunak badaude, ebidentzia fisikoak aztertu behar dira. Arkeologo independenteek kontrasteko indusketak egitea ere eskatzen da.

Hizkuntza eta kulturaren aldetik zenbateko balioa lukete idazki horiek, benetakoak balira?

Kontua da benetakoak diren edo ez. Faltsuak direla esanaz, gure ondare zati bat zakarrontzira joateko bidean da. Egiazkoak izatekotan, euskaraz agertu diren lehendabiziko esaldiak eta izen arruntak lirateke. Garai hartan Araban euskaraz hitz egiten zela ere frogatuko litzateke.

Zein da aztarnategiaren oraingo egoera?

Diputazioak unibertsitateari eman zion. Iaz indusketa hondeamakina batez hasi zuten eta egundoko txikizioa egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.