Iratxe Fresneda. Zinemaren historialaria

«Emakumeok pairatzen dugun errepresioa islatzen du Lars von Trierrek»

Lars von Trierrek emakumezko pertsonaiak erabiltzen ditu zinema akademikoaren moldeen kontra matxinatzeko. Hala ondorioztatu du Iratxe Fresneda EHUko irakasleak haren filmografia aztertuta.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2013ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Iratxe Fresnedak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) Ikus-entzunezkoen eta Komunikazio Sailean irakasten du EHUn, 2004. urtetik. Lars von Trierren zinemako emakumeak aztertu ditu hamar urtez, eta doktore tesia osatu du. Horretaz mintzatuko da gaur, Txokolatea eta Bizkotxoak egitasmoan, 19:30ean, Bilboko Modesto tabernan (Barrenkale).

Argi dago Lars von Trierrek badakiela ikusleen psikeko botoiak sakatzen. Baina, zer da, artista bat edo manipulatzaile hutsa?

Artista bat da. Nik ez dut Lars von Trier psikoanalizatzeko asmorik izan; haren alde artistikoarekin gelditzen naiz. Nik obraren ikerlana egin dut, ez pertsonarena.

Behin iragarki bat egin zuen: pendulu bat eta ahots hipnotiko bat «erosi hau» esaten. Publizisten elkarteak iragarkia kentzeko eskatu zuen, publizitatearen mekanismoak agerian uzten zituelako. Zineman berdin?

Horretan datza haren zinemagintzaren gakoetako bat. «Zer da zinemagintza?», galdetzen du hark, eta film bakoitzean horren inguruan hausnartzen du, zinemaren esentziara gerturatzeko.

Medea telefilmarekin hasi duzu ikerketa. Ikuslea bizitzaren alderik ilunenarekin adiskidetzeko helburua zuen Greziako tragediak. Norbait hobeto sentitu al da Von Trierren film bat ikusi ondoren?

Ni ez, behintzat. Medea-tik Dogville arteko lanak aztertu ditut; bost emakume protagonista badira ere, emakume beraren bilakaera gisa irakur daiteke. Von Trierrek Medearen alde egiten du. Medea basatia da, emakume askea, naturaren errepresentazioa, arrotza, gizarte zapaltzaile baten kontra doana. Baina Medeak, beste emakume pertsonaiak bezalaxe, zinemagintza errepresentatzen du; Von Trierrek emakumeak erabiltzen ditu zinemagintzaren eredua irudikatzeko eta horren aurka jotzeko. Medea zigorrik gabe ateratzen da garaile, eta Dogville-ko Grace Medea berri bat da, komunitate osoa akabatzen duena: hau da, dagoen zinemagintza suntsitzen du. Horregatik, agertokian, klarionaz margoturiko herria besterik ez dugu ikusten, zinemagintzaren esentzia aldarrikatzeko; hau da, artifiziorik gabeko emozio garbia.

Alberto Barandiaranek egin zuen galdera egunkari honetan joan zen ostiralean: Von Trier misoginoa al da?

Nik ez dakit misoginoa den, ez dut ezagutzen. Haren filmak ezagutzen ditut, eta filmak beti dira ordena sinboliko baten eramaileak eta artista baten pentsamenduaren ispilu, noski. Baina indarkeria agertzen duten zinemagileak bortitzak al dira? Zalantza egiten dut: batzuetan baliteke, gehienetan ez dut uste.

Idioterne (1998) filmean, esaterako, soilik emakume batek, Karenek, lortzen du arauak hausteko jokoa bere benetako bizitzara eramatea. Emakumea da heroi bakarra.

Emakumezkook pairatzen dugun errepresioaren kontrako ikuspegi bat islatzen du. Emakumeak bortxa egoeran jartzen ditu beti, gizartearen aldetik edo familiaren aldetik. Beste zinemagile askok ere egin dute; Dreyerrek, kasurako. Eta egia da: horrela bizi gara oraindik emakumeok. Von Trierrek ispilua jartzen du.

Abenduan Nymphomaniac estreinatuko duela dio. Zer espero duzu?

Edozein gauza, baina, ziur aski, interesgarria izango da. Berriz ere, ika-mika sortuko duelakoan nago. Halere, hauek urte gogorrak izan dira niretzat haren filmak aztertzen, eta beste norbaiti utziko diot lana, nire buruko osasunaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.