Iñaki Alberdi. 'Kafekonpon'-eko parte hartzailea

«Norberak konpondu ezin dituen tresna asko konpon daitezke besteen laguntzaz»

Plantxak, ile lehorgailuak, erlojuak, berogailuak... Bergaran etxe tresnak konpontzeko biltzen hasi dira, 'Kafekonpon' egitasmoan. Pixkana-pixkana tresnak berrerabiltzeko filosofia bultzatu nahi dute.

Etxe tresnak konpontzeko biltzen dira hilean behin Bergarako San Joxepen. Irudian, azaroko saioa. BERRIA.
Arnaitz Lasarte.
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Cafe repair egitasmoaren berri izan zuenean, Iñaki Alberdiri (Bergara, Gipuzkoa, 1948) jaioterrian antzeko zerbait abiaraztea otu zitzaion. Udalari proposatu, eta urriaz geroztik hainbat herritar San Joxepen elkartzen dira, hileko bigarren astean. Etxeko tresnak konpontzea dute helburu, berrerabilpena bultzatzea. Gaur, 16:00etan dute hurrengo saioa.

Zer da Kafekonpon egitasmoa? Zein helbururekin jarri duzue martxan?

Kafekonpon egitasmoaren helburua da etxeko tresnak konpontzeko eta berrerabiltzeko filosofia indartzea. Ahalik eta jende gehiena elkartzea nahi dugu, eta norberak konpondu ezin dituen etxeko tresnak besteren baten laguntzaz konpontzeko. Etxeko tresna asko bota egiten ditugu, matxura txikiren bat izanez gero. Guk joera hori aldatzea nahi dugu. Tresnak konpontzen ikastea. Hori da Kafekonpon. Kafe bat hartuz, arratsalde-pasa, elkarri lagunduaz gauzak konpontzen saiatzea.

Nola bururatu zaizue ideia?

Cafe repair deitutako egitasmoaren inguruan Zazpika aldizkariak argitaratutako erreportaje bat irakurri ondoren hasi ginen buruari buelta eta buelta. Cafe Repair horiek Herbehereetan egiten dira. Kafetegi batzuetan elkartzen da zenbait alorretan aditua den jendea: elektrizitatean, mekanikan... Langintza horiei buruz gutxiago dakitenekin esperientziak trukatzen dituzte. Oso ideia ona iruditu zitzaigun, eta pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela Bergaran antzeko zerbait egitea. Batetik, etxe tresnak konpontzeko; eta, bestetik, jende gazteak ikasteko tresna asko konpon litezkeela. Ikasteko beti ez dela egin behar zaharra bota eta berria erosi. Konponketa sinple bat nahikoa da askotan.

Berrerabiltzeko filosofia indartu nahi duzue. Herritarrak prest al daude horretarako?

Ni gaztea nintzenean dena konpontzen zen. Azken urteetan, berriz, funtzionatzen ez zuena segituan botatzeko joera izan dugu. Baina hori, orain arte. Orain badirudi filosofia pixka bat aldatzen ari dela. Belaunaldi gazteagoak hasi dira filosofia aldatzen. Krisiak eraginda edo zentzu pixka bat hartuta, baina konpon daitezkeen tresnak konpontzen hasi dira, gero berrerabili ahal izateko.

«Gazteak ez dira entxufe bat ere konpontzeko gai». Sarritan entzuten den esaldia da. Hori horrela al da?

Nik ez nuke esango gaitasun kontua denik. Gazteak badira gai gauzak konpontzeko. Ohitura falta zaie, batez ere. Orain, hala ere, uste dut pentsaera aldatzen ari dela. Lehen konpontzen bazituzten, orain zergatik ez? Komeni dena da gazteei eragitea pixka bat, ideiarik ez daukanari laguntzea. Zerbait egiten ez dakizunean, horretan hasteak beldurra ematen dizu. Ondoan erakusteko norbait baduzu errazagoa da.

Dagoeneko hiru saio egin dituzue. Zer-nolako jendea joan da?

Askotariko herritarrak etorri dira orain arteko saioetara. Hori bai, lehen ilaran erretiratuak daude, gauzak konpontzen ohituta daudenak. Esperientzia dute, eta ez dakienari erakusteko prest daude. Kafekonpon ez da 'etorri, konpondu eta joan' soilik. Harremanak hobetzen dira, eta gazteagoei ikusmira aldarazten saiatzen gara. Lagunduta gauza asko egin daitezke, eta uste baino gehiago daude laguntzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.