Yayo Herrero. Ekologistak Martxan-eko kidea

«Kapitalismo berdea gezur galanta da: natura ustiatzen jarraitzea ez da iraunkorra»

Rio+20 Nazio Batuen garapen iraunkorrari buruzko goi bileraren atarian, ekonomia berdearen atzean dauden interes ekonomikoak eta adierazpen faltsuak argituko ditu Yayo Herrerok, bihar, Donostian.

BERRIA.
Donostia
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Hilaren 20an, Rio+20 Nazio Batuen garapen iraunkorrari buruzko goi bilera egingo da. Ekologisten ikuspegi kritikoa azaltzeko asmoz, Desmontando el capitalismo verde hitzaldia emango du bihar Yayo Herrerok (Madril, 1965), 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.

Zer ezkutatzen da Rio+20 goi bilerarekin loturiko hitz jarioaren atzean?

NBEk bultzatzen duen ideia kapitalismo berdea da; alegia, posible dela hazkunde ekonomikoari eustea ekosistemari kalte egin gabe; hau da, negozio berdeen bidez ekonomia haz daitekeela. Rio+20 bileraren atzean, nazioarteko presio talde ugari daude. Ekologistok salatzen dugu kapitalismo berde baten ideia bideraezina dela, funtsean, kapitalismoa eta iraunkortasuna aurkako kontzeptuak direlako. Kapitalismoa etekinen etengabeko hazkundeaz elikatzen da, eta, egungo ekonomian, hazkundea guztiz lotuta dago baliabide naturalak ustiatzearekin, hondakin toxikoak igortzearekin eta ekosistemak suntsitzearekin. Beraz, ekonomia zenbat eta gehiago hazi, orduan eta gehiago hondatzen da ekosistema. Egoera iraultzeko, inbertsio izugarriak egin beharko lirateke energia eta produkzio ereduak eraldatzeko. Kapitalismoak ez du halakorik egingo, etekinik ikusten ez duen bitartean.

Ekonomia berdearen atzean naturaren kontrol ekonomikoa dagoela iruditzen zaizu?

Kapitalismoaren ikuspuntutik, ekonomia berdearen atzean gezur galanta dago: natura ustiatzen jarraitzea iraunkorra izango delako ideia. Eta, benetan, egun dagoen bide iraunkor bakarra da beherakada zorrotz bat egotea energiaren eta materialen kontsumoan eta hondakin toxikoen igorpenean. Horrek esan nahi du herrialde aberatsek —gehien kontsumitzen duten herriek eta baliabideak alferrik galtzen dituztenek— euren gastua nabarmen murriztu behar dutela. Materialen kontsumoa gutxitzeko beharra Lurrak berak ezarritako muga da, lehengaiak bukatuz doazelako. Betiere, murrizketetan justizia sozialaren irizpideak erabili behar dira. Herrialde batzuetan, energia eta material ustiapenean sakondu beharko da, gutxieneko baliabideetara iristen ez direlako; baina populazioaren zati handi batek bere kontsumoa jaits dezake, inolako ondoriorik gabe. Azken batean, iraunkortasunaren muina aberastasuna berriz banatzea da.

Garapen iraunkorrak emakumeak behar ditu?

Munduak, eredu iraunkor bat izango badu, feminista beharko du izan. Gizakiak bi mendekotasun ditu: bat, ekosistemarena, eta bestea, beste gizakienganakoa. Gizakia ahula da, jaiotzean zein gaixo dagoenean. Beraz, bizitza bideraezina litzateke zainketa denborarik gabe. Eta, gizarte patriarkaletan, lan hori emakumeen eskuetan dago; ez diot hala izan behar duenik. Ekonomia feministaren ikuspuntutik, eguneroko ongizateari eman behar zaio garrantzia,produkzioaren gainetik. Kapitalismoak, baina, alboratu egin ditu bi mendekotasunak —natura eta zaintza—, uste duelako produkzioa eta, ondorioz, hazkundea, diruaren alorrean bakarrik mugitzen dela. Bitartean, bi mendekotasun horiez baliatu da, eta, gainera, suntsitu egin ditu. Adibide dira krisi ekologikoa eta zainketen krisia, eta oraingo murrizketa sozialek zuzenean eraso diete. Bizitza etekinak besterik ez bada, benetako oinarriak zulatzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.