Baserria, ezezagun hori

Nekazaritzak Euskal Herrian iraun behar baldin badu, baserritarrek egindako lana aitortzea eskatu dute sektoreko ordezkariek

Unai Aranguren, Amelia Jauregi, Garikoitz Nazabal eta Iñaki Goenaga, atzo, Martin Ugalde Foroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
Andoain
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ezagutza. Hitz bakar batean laburbildu behar izanez gero, hori da gaur egungo baserritarren eskaera nagusia. Herritarrek, «kaletarrek», baserrian egiten den lana ezagutzea, dagokion garrantzia ematea eta sektorearen iraupena bermatuko duen kontsumo aldaketa bat gauzatzea.

Hiru sindikatu (EHNE, EHNE-Bizkaia eta ENBA) eta EBEL emakume baserritarren elkarteko ordezkari bana bildu zituen atzo Martin Ugalde Foroak, «Nola egin dezake aurrera baserriak XXI. mendeko mundu globalizatuan?» galderaren inguruan. Lehen erantzunean sektorearenerradiografia bat egin zuen Iñaki Goenaga ENBAko ordezkariak: «Sektorea mantenduko da gizarteak behar bagaitu. Gizarteak behar dituen produktuak sortzeko prest gaude gu, baina bizi maila duin bat ziurtatu behar dugu».

Nekazarien eta gizartearen arteko lotura ezinbestekoa nabarmendu zuen Garikoitz Nazabal EHNEko Gipuzkoako ordezkariak ere. «Herri gisa behar ditugun zimenduen artean lehen sektore osasuntsu bat dago, baina denon artean ziurtatu behar dugu hori; baserritarrok soilik ezin dugu». Gizartearen eta baserritarren arteko lotura horretan arrakala bat ikusten du Nazabalek. «Gero eta urbanoagoak gara, baita herri txikietan ere; baserritarren errealitatea ez da ezagutzen eta horrekin sufritu egiten da». Sufrimendua, eta kezka: «Paternalismoa ere bizi izan dugu; entzun behar dugu ez dakigula gure etxea gobernatzen».

Amelia Jauregi EBELeko ordezkariari umeak joaten zaizkio Gabirian (Gipuzkoa) duen baserria bisitatzera, eta txunditurik dago aurkitzen duenarekin: «Olentzeroren etxea delakoan etortzen dira. Baserrien berri ez die inork ematen; gurasoek ere ez dakite». Horregatik, baserrien galerari aurre egiteko lehenengo «errespetua» eskatu du Jauregik, «baserriko lana aintzat hartzea».

Ezagutzak herritarrak «kontzientziatuko» lituzkeela espero du Nazabalek, baserritarren lana estimatuko luketela, eta «produktuaren diferentzia» onartuta, kontsumo joerak aldatu eta Euskal Herriko janari gehiago kontsumituko lituzketela.

Gaur egun kontsumo ohituren inguruan diskurtsotik praktikara alde handia ikusten dute baserritarren ordezkariek. «Saltzeko garaian bertako txapela janztea gustatzen zaie denei. Erosleek, sozietatean bai, bertako produktua erosten dutela esaten dute, baina supermerkatura joatean prezioari soilik begiratzen diote», kexu da Goenaga. «Hipokrisia handia dago», gaineratu zuen Nazabalek.

Prezioaren gaineko kontrola galdu izana da Unai Aranguren EHNE-Bizkaiko kidearen kezketako bat, salneurriak finkatzeko irizpideak galdu direla nazioarteko merkatuen eraginaren ondorioz. Prezioak igotzea zaila denez,ekoizpen kostuei ere begiratu behar zaiola aldarrikatu zuen, eta larritzat jo zuen Euskal Herriko esneak Europako ekoizpen kostu handienetako bat izatea, «dugun belarrarekin». Arrazoietako bat abereak Ameriketako sojarekin elikatzean datzala uste du. Horren ordez, «barruko merkatura» begiratzea aldarrikatu zuen.

Barneko merkatu horri begiratzearekin ados azaldu zen Nazabal, baina ekoizteko modu guztientzat lekua eginez. Haren iritziz, «estremismorako» joera dago Euskal Herriko baserri munduan. «Badirudi zuzeneko salmentan aritzen direnek nahitaez ekologikoak izan behar dutela. Zergatik sartu behar dugu guztiak marko horretan? Onaren eta txarraren arteko diskurtsoak oso zabalduta daude».

Laguntzen banaketa

Nekazaritzaren etorkizuna bermatze aldera, laguntza publikoak«beharrezkotzat» jo zituen Nazabalek, baina kritiko azaldu zen Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuarekin, multinazionalen mesederako ikusten baitu. Horren harira datu esanguratsu bat eman zuen Arangurenek: «NPBren dirua jaso duten 25.000 lagunetatik heren batek egoitza Bilboko Kale Nagusian dute. Iberdrola, aseguru etxeak... Eta, gero, baserritarren %20entzat dira laguntzen %80».

Etorkizunik ba al du baserriak? Baietz sinistu nahi dute sektorean dabiltzanek. «Autokritika» eskatu zuen Goenagak, baserritarrak sektorearekin beti «negatibo» aritzeak gazteak uxatu dituela uste baitu. Zerotik hastea oso zaila dela onartu zuen Jauregik, baina egun irauten duten baserri askok jarraituko dutela uste du, baserria «egoerara moldatzea» baita. «Goierrin dauden fabrikekin-eta ez da erraza izan geratzea. Guri ere esaten ziguten ospa egiteko, baina burugogorrak izan ginen». Aranguren duela hamabost urte sartu zen baserrian, Bizkaitik Arabako herri txiki batera joan zenean. Orain sektorean sartu duten gazteei instalatzen laguntzen die. «Batzuek ez dakite non sartzen diren, oso idealizatua dute, baina badira zer nahi duten oso garbi dutenak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.