FIFAko Etika Batzordeak zortzi urteko zigorra ezarri die Blatterri eta Platiniri

Platinik jaso eta justifikatu gabeko 1,8 milioi euroko ordainketa bat da arrazoia.FIFAko eta UEFAko presidente ohiek TASera joko dute

Joseph Blatter FIFAko presidente ohia, atzo Genevan eman zuen prentsaurrekoan. PATRICK B. KRAEMER / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
FIFAko Etika Batzordea bete-betean sartu da Nazioarteko Futbol Federazioa astindu duten ustelkeria kasuetako batean, eta zigor gogorra ezarri die Joseph Blatterri eta Michel Platiniri, FIFAko eta UEFAko presidente ohiei, hurrenez hurren. 2011n, FIFAk «arrazoitu gabeko» 1,8 milioi euroko ordainketa bat egin zion Platiniri, eta batzordeak eroskeria ikusi du hor. Bi zigortuek zortzi urtez ezingo dute parte hartu futbolarekin zerikusia duten inongo erakunde edo ekitalditan. Horrek, besteak beste, indar gabe utziko luke Platinik FIFAko presidente kargurakohauteskundeetara —2016ko otsailean dira— aurkezteko duen asmoa. Bi zigortuek Nazioarteko Kirol Epaitegian (TAS) helegitea jarriko dutela jakinarazi dute.

FIFAren inguruko eskandalu eta atxiloketak ia eguneroko kontu bilakatu diren honetan, erakundeko etika batzordeak futbol munduko azken urteetako bi goi kargudun ezagunen aurka jo du. Arrazoia: 2011n FIFAk, Blaterren oniritziarekin, Platiniri eginiko 1,8 milioi euroko ordainketa bat. Etika batzordeak bi agintari ohiak deitu zituen iragan astean azalpenak ematera, eta Blatter bakarrik agertu zen. Hala ere, Blatterren argudioak ez ziren «sinesgarriak» izan.

Blatterrek azaldu zuenez, ordainketa hori bera eta Platiniren arteko «ahozko akordio» baten ondorio da. FIFAk Platinirekin zuen zor bat zela azaldu zuen iragan astean, eta 1999an sinaturiko agiri bat aurkeztu zuen. Etika batzordearen ustez, agiri horrek ez du inolako lege oinarririk, eta justifikatu gabeko ordainketa bat da. «Blatter jaunak ez zuen modu etikoan jardun, ez zituen FIFAren arauak aplikatu, eta agintekeriaz jokatu zuen bere presidente kargua baliatuta». Batzordea urrunago joan da azalpenean: «Blatterrek ez zituen FIFAren interesak defendatu, eta ez zuen eragotziFIFAren interesen aurkako erabaki bat». Platiniren inguruko ikerketari dagokionez, batzordeak ez du aurkitu ordainketa justifikatuko lukeen agiri edo frogarik.

Justizia arruntera

Blatterrek eta Platinik zigorraren aurkako euren jarreraren berri eman zuten atzo. Biak ala biak minduta agertu ziren, eta helegiteak jarriko dituztela esan zuen, bai TASen bai euren herrialdeetako justizia arruntean. Genevan (Suitza) agertu zen prentsaren aurrean Blatter, eta «lotsa» aitortu zuen, batzordeak ez zituelako bere «frogak» onartu. Blatterrek desafio egin zion batzordeari, eta «zigortuta egonda ere» presidentea izango dela esan zuen, haren iritziz, «FIFAko kongresuak bakarrik» duelako bere funtzioetatik urruntzeko ahala. Blatter 1998an iritsi zen kargura, eta iragan urriaz geroztik behin-behinekoz zegoen zigortuta.

2011ko ordainketa «akordio» baten ondorio izan zela argudiatu zuen Blaterrek, 1998ko Frantziako Munduko Koparen ingurumarian Platiniri egin beharreko ordainketa baten zorra kitatzea zela. «Zor zitzaion dirua zen, eta FIFAko Kontrol, Finantza eta Batzorde Eragilearen oniritzia zuen». Presidente ohiak, halaber, etika batzordearen motibazioa kritikatu zuen. «Orain opari bat dela diote, donazioa, ustelkeria ez esatearren... Diru hori Platiniri eman banion UEFAko bozak erosteko izan zela. Nik ez dakit zehazki zer nahi duten, Platini presidente ez izatea edota egungo presidente deserosoa ateratzea».

Michel Platinik ohar bidez erantzun zuen. «Kontzientzia lasai» duela esan zuen, eta UEFAko presidente karguan eginiko urteetan —2007az geroztik— bere jarrera «garbia» izan dela. Platinik sinesgarritasun guztia kendu zion etika batzordeari: «Epai hau ni futbol mundutik ateratzeko borondate jakin bati jarri zaion estalki patetikoa da». TASek arrazoia emango balio, Frantziako Justiziara joko luke kalte-ordainak eskatzeko. Polemika hori FIFAk irekia duen beste zauri handiari gehitu zaio. Azken asteetan Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikako Futbol Federazioetako hainbat agintari atxilotu dituzte Suitzako eta AEBetako Justiziak eskatuta. Munduko kopetako egoitzak hautatzeko bozak erosi ote ziren ikertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.