Bidaia koraren altzoan

Enekora taldeak 'Maitatzea nahiago' bigarren diskoa kaleratu du. Sei lagun arituko dira argazkiz eta dantzaz hornitutako ikuskizun berrian

Maitatzea nahiago diskoa kaleratu berri du Enekora taldeak. Ikuskizuna ere estreinatu dute. ENEKORA.
Maider Galardi
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Afrikatik Euskal Herrirako ibilbidea egin du Enekora taldeak bere azken diskoarekin. Munduko hainbat txokotako doinuak ere jaso dituzte. Koraren musikak eraman ditu horrelako fusioak egitera; hala azaldu du Eneko Larrañaga taldeko kideak (Zestoa, Gipuzkoa, 1982). Maitatzea nahiago lana bidaia bat da finean, taldeak ikusleei eskainitakoa, eta entzuleek beren baitan egindakoa: «Sentsazio goxoetan barrena egindako bidaia da gure proposamena». Afrika mendebaldeko kora instrumentua oinarri hartuta, proiekzioz eta dantzaz jantzitako ikusgarria eraman dute taula gainera. Lan horretan arituko dira Idoia Larrañaga, Ibon Irijoa, Andres Insua, Asier Elias, Luis Camino eta Leandro Insua taldekideak ere.

Lehen diskoa kaleratu, eta lau urtera argitaratu du Enekorak bigarrena. «Ikuskizun jantziagoa» da oraingoa, Larrañagaren ustez, baina, era berean, taldekideen ibilbidearen «ondorio zuzena» izan da Maitatzea nahiago. Sei lagun bildu dira koraren inguruan, baina bakoitzak eskaini dio haren ukitua ikuskizunari: «Bateriak, perkusioak eta baxuak osatzen dute armarri erritmikoa, kora eta ahotsek goxatzen dute saioa, eta proiekzioek eta dantzek hornitu egiten dute oholtza gaina».

Larrañagaren arabera, helburua da koraren doinu bereziekin bidaia egitea. Horregatik, musikaren eta beste hainbat formaturen arteko uztarketa proposatu du taldeak.

Fusioa da, hain justu disko berriko ardatzetako bat. Ez da, ordea, kontu berria Larrañagarentzat: «Beti egin izan ditut horrelako nahasketak. Asko gustatzen zait musika etnikoa eta folklorikoa, bihotzez egindako musika iruditzen zait, baina, era berean, gustatzen zait nire ukitu propioa eskaintzea». Lehenago aritu izan da jotzen flamenkoa, reggaea eta musika brasildarra. 2005ean kora ezagutu zuen, ordea, eta ordutik liluratuta dago tresnarekin.

Perkusio afrikarraren inguruko ikastaro bat egiten ari zela irakasle batek erakutsi zion kora instrumentua. Maisuak harizko tresna horiek eskuz egiten zituen,eta Larrañagak eskatu zion halako bat egiteko. Tresnaren sonoritate «harmoniatsuak» harritu zuen musikaria, eta 2007an ekin zion Enekora proiektuari.

Kora, Afrikako harpa

Hain zuzen ere, Afrika mendebaldeko harpa tradizionala da kora. Mandinga kulturako lurretan jotzen da 21 hariz osatutako musika tresna. Jotzeko eragatik, doinu harmoniatsuak lortzen dira. Hain justu, sonoritate hori iruditu zitzaion deigarria Larrañagari, eta proiektu bat abiatzea erabaki zuen orduan. Senegalen, Gambian, Ginean eta Malin hain errotuta dagoen instrumentua Euskal Herrira ekarri zuen musikariak.

Koraren jatorriari ere egin diote keinu disko berrian. Sanu abestia da horren adibide; Mandinga hizkuntzan abesten du Larrañagak. Beste zenbait kantutan, berriz, hizkuntzen nahasketa igarri da. Esate baterako, Kelefaba eta Mali sadio-n euskaraz ere abesten dute.

Diskoko ardatzetako bat da kultur aniztasuna, baina bestelako gaiei ere heldu die taldeak. Badira maitasunari eskainitako abestiak. Lan berriari izena ematen dion Maitatzea nahiago da horren erakusle. Edonola, bidaiek, joan-etorriek eta ireki beharreko bide berriek dute protagonismoa diskoan. Aurreko lanarekin alderatuta, askoz ere erritmo biziagoak eta jolastiagoak sortu dituzte oraingoan, baina, Afrikako instrumentuaren goxotasuna albo batera utzi gabe.

«Koraren doinu bereizgarriak eman digu aukera horrelako lana egiteko. Musika tresnak berak eraman gaitu horretara», azpimarratu du Larrañagak. Ikuskizunean, ikusleek aukera izaten dute, gainera, bidaia hori entzun eta ikusteko. Izan ere, egindako hainbat bidaiatako argazkiak eta bideoak erakusten dituzte ikusgarrian, «ahalik eta sentsazio handienak» jasotzeko.

Harrera bikaina

Lan berria taularatzea ez da erraza izan, baina taldea pozik dago jasotako harrerarekin: «Jendeak gustura hartu du gure proposamena, eta asko poztu gaitu horrek. Oso harrera polita izan da». Larrañagaren ustez, ikuskizun «konpletoa» izateak jendea erakarri du, baita musika tresna ezezagunak sortutako jakin-minak ere: «Entzule gehienek ez dute kora ezagutzen, eta ikusmina izaten dute hasieran», aitortu du musikariak. Ondoren, jendea «harritu» egiten da harpak duen sonoritateagatik, eta «harrapatuta» gelditzen da azkenik. Hala uste du Larrañagak: «Energia berezia duen instrumentua da. Musikalki oso transportatzaile indartsua da».

Koraren gaitasun hori baliatuta, entzule bakoitzak nahi bezala gozatzeko ikuskizuna atondu du taldeak, eta herriz herri eskaintzen ari dira disko berria aurkezteko bira. Besteak beste, urtarrilaren 12an Bilboko La Haceria aretoan izango dira.

Hara biltzen denak, aukera izango du nahieran ikuskizunaz eta koraren doinuez gozatzeko: «Batzuek kantuen hitzei erreparatzen diete, besteentzat proiekzioak dira deigarriak eta dantzatzen gozatzen duenik ere badago», dio Larrañagak. Norberak bere bidaia egitea, hori baita Enekoraren xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.