Zozoen elean (I). Teresa Sarobe

«1962an ez zen hemen gehiago kontrabandorik, nahiz beti baden!»

1964an Euskal Herrira heldu zelarik, Etxalar izan zuen lehenbiziko etxe William A. Douglass amerikar antropologoak. Anjel Sarobe eta Adela Etxeberria senar-emazteek eman zioten, orduko hartan, aterpe. Haien alaba da Teresa Sarobe, gure memoriaren zaindari….

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Etxalar
2014ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

Hemen Guillermo zen Douglass, ez William, ez Bill, Guillermo bertzerik. Etxalarrera (Nafarroa) etorri zen, etxea behar baitzuen. Etorri zen aitzineko ostatura, eta galdetu zuen ea non etxe bat harrapatzen ahal zuen. Izeba etorri zen orduan, eta erran zion Agerrea libre izanen ote zen Guillermorentzat. Eta baietz… Agerreako semeak ziren Amaiurren borrokatu zirenak!... Guillermo etxe horretan bizi zen lehenbizian, baina gero joan zen lehengusinaren baserrira, Buxungobordara. Eta Beheko Zubi etxean ere egon zen, Orizkiko auzoan, baina, han, ezta urte bat ere.

Jendeak ongi tratatzen zuela erraten du orain Guillermok, sobera ongi, baina ez ziola deus kontatzen. Eta bat baserri batera joaten bada, dena galdetu eta galdetu… «Honek zerengatik du hainbertze galdetu beharra? Berak deus ez du erraten eta!». Eta orduan hemen bazen kontrabandoa ere! Guillermok galdetu egiten zuen beti, baina aunitzek ez genuen jakinen ere hari zer erantzun. Etxeko eskriturak ere ez genituen ikusten guk, deus ez zen solasten gauza horien gainean. Eta, hori bezala, aunitz kontu! Eta zerbait jakiten genuenean, beti zen sorpresa! «Ez duzu egundaino erran!». Ez zitzaigulakoz iruditzen jakin beharra ere, edo erran beharra. «Hemen izan da gizon hori… Galdegin du gure etxean seme-alabak zenbat diren, ea herentzia nori eman zaion, eta hau eta hori eta hura…». Eta gero agertzen da bertze baserrira, berriz ere galdeka! Gauza bera! Horrek ematen zuen erreparo pixka bat, baina Guillermo maite zuen Etxalarko jendeak.

Gero egin zituen lagunak, inauteria izan zelarik. Horrek lagundu zion herriko jendeekin bat egiten. Aunitz tokitan ere, etortzen zela bat, eta zein zituen lagunak… horrek egiten zuen diferentzia! Hara, zu etorri zara gureganat eta, menturaz, erraten ahal dute: «Hori ere zer da, antieuskalduna?», zerengantik ni ere horrela tratatu ninduten, «antivasca» erraten zidan zenbait jendek alkate [1983-87] izandu nintzen garaian! Zertaz? Zerengatik ez nintzen beurek nahi zuten bezalako euskalduna! Nahi zuten aunitz gauza niri iruditzen zitzaidana ez zela posible. «Ni antivasca? Horregatik dituzte nire seme-alabak halako izenak! Lorea, Aitor eta Amagoia! Ezetz jakin zuek nondik heldu diren izen horiek! Zuek ez zarete euskaldunak ez deus!», erraten nuen nik ere.

Jauregi berrian sortu nintzen ni, hor etxe bat, Agerretik pixka bat aitzinago. Etxe ederra, baina orain hondatua da. Lau senide izan ginen, ni laugarrena. Aitta eta ama ezkondu ziren 1929an, eta 32an sortu zen lehenbiziko anaia. Soldadu egiteko baino lehenago joan zen Txilerat. Nahi izandu zuen Ipar Ameriketarat joan. Bilboko kontsulatura joan, eta galdetu zioten ea ezagutzen zituen ardiak… Hain xuxen, etxean bagenituen behiak, bagenituen… denetarik, baina ardirik ez genuen izandu behin ere. Galdetu zioten zenbat hortz zituen ardiak, ea noiz kanbiatzen zituen hortzak… Eta deus ez jakinki, erran zuelarik ez zuela ardia ezagutzen, bota zuten gibelerat. Gehiago deus erran edo egin gabe, gibelerat.

Aittak joan nahi izandu zuen Espainiako gerra denboran Frantziarat. Ama ere bidali zuten hara bi haurrekin eta haurdun, hirugarrenaren esperoan, eta han gelditu behar izandu zuen familiak, Frantzian. Gero, nire esperoan zegoelarik, ama Etxalarrera etorri zen berriz. Handik pixka batera, gerra hasi zen Europan! Aita etorri zen berriz etxera, eta hemen sartu zuten preso, errefuxiatu izan zelakoz, edo iheslari. Beharrik, bazen jende ona ere Etxalarren, eta lagundu zuten familia…

Ama etxera etorri —senarrik gabe oraindik—, haurrekin, eta etxean zegoen sos guziak kendu zizkion poliziak. [Meliton] Manzanas zen. Gero hil zuten Irunen polizia hura. Etorri hona eta adio! Dirua kendu! Bi mila pezeta-edo omen zituen. Hemen bazen polizia bat, buru, eta igandero etortzen zen gure ostatura, baina Manzanas etorri baitzen gailen, joan ziren gure etxera eta han harrapatu zuten dirua eraman zuen eta akabo! Berak bazituen deretxoak alde guzietan, karreteran, bidean, baserrian, kalean… Hemen bazen denetarik orduan: soldaduak, guardia zibilak, poliziak, abiaziokoak, asaltokoak… denetarik bazen Etxalarren. Bertze poliziak, hemengo buruak, beti izandu zuen kezka, zerengatik dirua eraman zuen Manzanasek gure etxetik. Ni alkate nintzelarik oroitzen naiz nola eskribitu zidan karta bat hemengo polizia izandako hark, beti izandu zuela kezka bere barnean. Igandero etortzen baitzen gure etxerat, polizia hura, bertze lagun bat —zapataria—, eta maestroa. Ostatuan partida jokatu, su behekoa egin eta hantxe egoten ginen solas.

Guillermo oroitzen da Buxungobordan bizi zelarik hemen bazirela beti portugesak, handik hona eta hemendik hara. Kontrabandoa Etxalarren. Beti bazen zer edo zer, edo behiak edo zaldiak edo parpaila edo penizilina edo belusa… Guillermok Buxungobordako leihotik ikusten zuen nola pasatzen ziren portugesak bidexkan barna… Hura zen hura, lastimagarria! Zapata takoidunak eta mendira! «Pasa bertze mendi hori eta Frantzian zarete!», erraten zieten portuges haiei. Eta, aunitzetan, gezurra! Belaten erraten zieten hori! Eta Irunen ere bai!... Hemen suertatu zen mutiko bat, nire adinekoa, hogeita hiru urtekoa, erori kanalera eta hil zen. Erori zen, edo bota zuten. Inork ez daki. Erori ere, ez da estrainioa, orain estalia dago kanala eta joaten ahal zara, baina orduan irekia baitzegoen. Mutiko portuges hori hemen enterratu zuten, eta bidali zitzaizkion familiari aldean zeramatzan diruak, diru-zorroak eta denak. Hemengo kanposantuan dago enterratua portuges mutiko hura. Ez du paratzen hor dagoela hila… Guillermo ailegatu zelarik honat suertatu zen hori. Portugesak orduan ziren hemen!... Ni oroitzen naiz, bertze behin… bagenituen bi baserri, eta joaten nintzen egunero, bazka egin, behiei eman, jetzi… baserrian egin beharreko lanak egiten genituen. Egun batean, gosaltzen ari nintzenean, sumatzen dut solasa. Begiratzen dut baserri leihotik eta gizon batzuk, zerbait ere! Piku jaten ari ziren. Goseak, dudarik gabe. Izutu nintzen. «Nik zer egin behar dut hemen?... Bat ate batetik, bertzea bertzetik, hemen harrapatzen ahal naute!». Zakua paratu nuen burutik, kakola bazka hartu bizkarrean eta joan nintzen belartegirat. Erran nuen: «Hemen segitzen banaute ere, mendian beheiti ez naute harrapatuko!». Hemezortzi urterekin ni, botak jantzita… joaten nintzen ni ziztuan… Ez ninduten harrapatuko, ez. Buxungobordatik gorago zen… Izutzen nintzen portugesekin. Ametsa ere egiten nuen haiekin!

Bertze behin, nire senarra bazetorren landako lanetik eta ikusi zituen jendeak Etxalarreko gurutzean. Hor zentral bat badago eta bide txar bat, depositura. Han, portugesak. Etortzen da etxera, erraten du ikusi dituela hor beheiti eta nik: «Hemen izandu dira! Ez da posible, horiek bertze batzuk dira!». Hemengo polizia batek —burua zen—, ogitartekoa eman eta erran zien portuges haiei: «Nik ez dizuet laguntzen ahal. Segi bide honetan eta Frantziara ailegatuko zarete». Portugesak ez fidatu poliziarekin, eta beheiti joan ziren, goiti joan beharrean. Poliziak lagundu nahi izandu zien, bai, eta nola ez? Zer eginen zuten gaizoek? Haur bat besoan, arroparik ez, iluna… nola ez lagundu? Ez egiteko behar du barren gogorra!... Galtzen ziren portugesak hemen! Hemengo gida joaten zen aitzinean, baina berak ez zekien bide erdian behar zituenak galtzen zituen edo ez! Gero, izandu zen bat, Flores izenekoa. Portugesa zen. Pinu plantatzen aritu zen, baina ez zuen dirurik kobratzen, edo ez zitzaion inportarik. «Hau, zer arraroa! Dirua inportarik ez… zer arraroa!». Aisa! Gauez joaten zen jakitera non zen aduana frantsesa, hemendik harat nola joaten ahal zen eta dena! Hark, gero, pistola atera eta amenazatu zuen hemengo gida, koadrila uzteko, eta berak eramateko. Eta berak kobratzeko! Portugesa zen bera!

Behin jo dute espia bat hemen… Zer egiten zuen? Tranpa! Arestian erran duguna: «Han izanen zarete bihar. Plazara ailegatu eta inork ez dizue deus erraten ahal. Frantzian zarete!». Eta gezurra! Edo Belaten, edo Elizondon ziren, edo bertze nonbait… Baina aunitz aldiz pasatzen ziren portuges haiek, edo haien lagunak, lanera. Ezagutu zuten nor zen tranpa egiten zuen hura, harrapatu zuten, eta xehatu zuten joka! Baina xehatu joka! Seguru! Behin egiten da, baina ez aunitzetan.

Bagenuen lehengusu bat, Buxungobordako Jexuxen anaia, joan zena Ainhoara bizitzerat. Gauren bat pasatu izanen zuten emazteki batzuek eta beuren umeek han, haien etxean, lo egiten. Nekatuak, eta sartu zituzten baserrira lo egiterat. Urte batzuen buruan etorri omen ziren eskerrak emaitera…

Orain marokoar horiek pasatzen diren bezala, orduan portugesak hemen barna, pilaka, pilaka! Lan bila zihoazen Frantziarat.

Gero, kontrabandoa bukatu zen. Kontrabando-kontrabando haundi hura, 1960an bukatu zen. 1962an ez zen hemen gehiago kontrabandorik. Bazen dirua, kontrabandoko dirua, baina ez zen kontrabandorik, nahiz beti baden! Xekorrak hemen balio balin badu mila, han mila eta berrehun. «Ño, Frantziara!». Edo aldrebes! Aitzina, ekartzen zituzten Italiatik gizentzerat honat eta gero eramaten zituzten berriz Italiarat!

Guillermo etorri zelarik, ordurako husten ari zen Etxalar. Lesakako Laminaciones hasita zeuden egiten 1958an, eta Beran Palmadera zegoen. Lanean hasi nahi, galdetzera joan eta erraten ahal zuten: «Etorri bihar goizeko zortzietan!». «Zeeer?». Eta erran omen zuten: «Nahi baduk etorri, ongi. Behar diagu, eta hemen baduk jendea!». Enpresak gora ari ziren hemen orduan. Gero, 1964 inguruan sekulako mugida izan zen hemen. Baserritarrak, denak fabrikara! Eta lehenago Ameriketarat joaten zen jendea ere ez zen gehiago joan. Hemen dirua irabazten hasi zen jendea, fabrikan betiere, baina ez zuen dirua egiten ahal, zerengatik irabazi araberan gastatu ere egiten zen. Ameriketan ez, han altxatu egiten zen dirua. Nire senarra ere Kalifornian izandu zen hiru urtean, baina ez zen berriz joan ez zuelakoz modurik lan egin eta irabazteko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.