Zozoen elean (II). Pedro Elosegi

«70eko hartan hutsaren hurrengoa zen euskara giroa Gasteizen»

Zerutik jakina da 1963ko abenduaren 4an Gasteizko Olabide Ikastolaren hazia erein zuela Izaskun Arrue irakasle andereñoak bere etxeko gelan, Zerkabarren kaleko 9. zenbakian, 4. solairuan, ezkerreko atean. Hamalau umerekin abiatu zuen «euskarazko akademia» hartako ikasle izan zen Pedro Elosegi (Gasteiz, 1960). Hiru urteko ttottoak gogoan iltzaturik du garaia…

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

Hiru urte zenituzten Izaskun Arrueren etxera, Zerkabarren kalera, joan zinetenean…

Zerkabarreneko hartan denok ez ginen adin batekoak. Bata, 1958koa. Bestea, 1959an jaiotakoa. 1960ko bi gintuzun, adibidez. 1961koak, lauzpabost. Eta berdin 1962koak ere… Hamalau haurrek osatu zuten lehen multzo hura, baina, adinean aurrera egin ahala, hamalau haietako batzuek ikastola utzi egin zuten eta, beste batzuk, aldiz, proiektuari bildu zitzaizkion… Ohi denez. Esate baterako, zierto dakit nor eta nor joan ginen Zerkabarreneko etxetik Estibaliz hiribideko ikastolara: Rafa Pikatoste, Arriola anaia biak, Itziar eta Izaskun Lopez de Lacalle, Arantxa eta Aintzane Aranzabal, gu elosegitarrok —anaia bigarrena Patxi eta biok—, eta besteren bat, beharbada. Zerkabarrenen eta Estibalizen egon ginenok gara. Harrezkero, 1963an jaiotako umeak Estibalizko ikastolara joan ziren, zuzenean. Berrogei ikasle inguru, nonbait —hogeina neska-mutil—, eta erraza da arrazoia: Estibaliz hiribideko hartan lekua zegoen, Zerkabarreneko etxean ez bezala! Estibaliz hiribidean bai, aurrera eramateko moduko eskola bat osatu zuten.

Izaskun Arrueren etxean hasi zinen, zure gurasoen gogoz…

Hori beste historia bat da... Ni ez nintzen lehenengo egunetik joan Izaskunen etxera, ikastolara. Alegia, abenduaren 4ko hartan ni ez nintzen han… Gurean, gurasoek euskal giroa bizi zuten, klandestinitatean bazen ere. Aita abertzalea zen, nahiz eta beraren familia ez. Amaren aldetik, berriz, abertzaleak ziren denak: Gonzalez de Gamarra. PNVkoak ziren, PNVkoak gara. Hirugarren belaunaldikoa naiz ni alderdian. 1907an inauguratu zuten Gasteizen batzokia. Bada, alderdian zen gure amaren aitona, saltsan. Esan nahi dut, gure amaren aldekoak beti izan direla abertzaleak, jelkideak, eta hau eta hura. Euskarari dagokionez, inork ez zekien euskaraz gure etxean. Izatekotan, gure amaren izeba batek. Izeba adinekoa zen, gero! 1903an jaiotakoa! Gurean bizi zen, baina Pagaldaitarren etxean lan egina zen, eta han lan eginez ikasi omen zuen euskaraz! Etxean beste inork ez zekien euskaraz, hamabi lagunetan inork ez…

Nola agertu zinen zu Izaskun Arrueren etxean, Zerkabarren kalean?

Amamak —Juana Sagastegi baitzuen grazia, Habanan jaioa—,…

Hara!

Aita Bastidakoa (Araba) zuen. Amerikak egitera joan, eta han jaio zen gure amama… Kontua da amamak jatetxea zuela Mateo Moraza kalean. Casa Paco zuen izena. Oso kale bizia zen: bebarru batean zapata denda, bestean taberna, hurrengoan gure amamaren jatetxea… Hiru urte nituen, lau urte betetzeko zorian, urtarrilekoa bainaiz. Trizikloa nuen, eta nire zaletasuna zen kale hartan dendaz denda joatea, jendearekin berriketan. Kaleko haurra nintzen, nahi baduzu, eta kale hura nirea zen. Arratsalde batean, horretan nenbilela, han non datozen kanpotarrak —bi ama eta umeren bat—, nire lurraldea inbaditzera. Halaxe sentitu nuen nik. Ni, nire trizikloan guztiz ero —guztiz ume—, bi emakume haien artean sartu eta erditik igaro nintzen. Emakumeak, ofenditurik, gure amari joan zitzaizkion: «Amaia, arraioa! Hire ume hau, izan ere! Endredoan behar din beti! Ia-ia harrapatu gintuen trastetzar horrekin!». Hizketan hasi eta, elkarrizketaren harian, haurrek euskara ikasteko akademiaren berri eman zioten.

«Haurrek euskara ikasteko akademia» esan zuten, ez ikastola.

Bai… Carmen Jimenez zen emakumea, gure amaren laguna, eta ikastetxe edo akademia hartan zuen semea, Joseba Grajales. Egun batzuk baino ez ziren delako akademia martxan zegoela. Abendua zen, artean. Helbidea ere jakinarazi zioten: «Zerkabarren kalea, 9an!». Horrela hasi zen gure historia Olabiden… Oso ondo gogoratzen naiz. Bart arratseko berri ez dut gogoratzen, baina ordukoak buruan ondo gordeak ditut… Biharamunean, han non ginen ama-semeok, agindutako helbidean, Zerkabarren kaleko 9an, 4. solairuan gora. Buruan sartuta daukat amarekin eskailerak igo nituela, txirrina jo genuela, Izaskun atera zitzaigula. Oraindik ere tarteka gertatzen naiz Carmen Jimenezekin, eta esaten diot: «Han gertatu izan ez bazina, inoiz ez nintzen Olabideko ikasle izango!».

Zer zen Zerkabarren kaleko barru hura?

Izaskunen etxea, eta haren familiarena. Eta, gela bat, guretzat egokitua: moketa jarria zuten, hormatik hormarakoa, eta guk, umeok, hantxe jarrita behar genuen. Aulki bat besterik ez zegoen —Izaskunentzat, bistan da—, eta turkiar ohe moduko bat, berokiak uzteko. Gainera, berogailu bat ere bazen, garai hartakoa. Ez dakit ez ote zuen egurra erabiltzen… Eta eukalipto usaina giroan, Izaskunek eukalipto orriak jartzen baitzituen berogailuaren gainean, belar usaina zabaltzeko, eta haurrona galarazteko, nonbait. Hango txiza eta hango izerdia, diot nik! Gela txiki bat zen, eta hamalau ume eta Izaskun ginen bertan! Hango haur usaina ez zen nolanahikoa izango!

Ikastegia zen, haatik…

Hantxe ikasi genuen guk irakurtzen, Martin Txilibitu eta Xabiertxo liburuak hartuta. Zenbakiak ere ikasi genituen. Asko saiatuta, horratik! Egurra! Egipto eta Israelen arteko gerra izan zelarik, 1967an, egunkaria hartu eta gerrako partea irakurtzen nion egunero Izaskuni. Irakurtzen ikasi genuen eta kontuak egiten: batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak, eta buruketak… «Rubioko buruketak» ziren, horixe baitzen koadernoen izena: Rubio. Bi koaderno genituen: bata berdea, kaligrafiakoa; bestea horia, kontuak egitekoa.

Horixe zuen ikasmateriala…

Hasierako ikasmateriala ez zen arbela besterik: arbel-arbela, ordea, harrizkoa, bi aldeetatik erabiltzekoa. Txikia zen, egurrezko markoduna. Eta apurtu egiten zen! Hantxe egiten genituen kontuak, babarrunak erabiliz! Beste batzuek, dakidanez, botoiak erabiltzen zituzten. Bestalde, plastikozko zotzak genituen, koloretakoak. Horixe gure ikasmaterial didaktikoa: arbela, zotzak, babarrunak eta Xabiertxo eta Martin Txilibitu. Ez zen besterik…

Zerkabarren kalean zinen 1963an, eta Estibaliz hiribidean, berriz, 1967an…

1967-68 ikasturtean joan ginen Estibalizko ikastolara. Lehen Hezkuntzako bigarren mailan ari nintzen ni orduan. Gu Estibalizen estreinatu ginen urtean Itziar Lopez de Lacalle —1958an jaioa baitzen—, Federiko Baraibar institutu femeninora joan zen. Ondoko kurtsoan, oker ez banago, bide bera egin zuen Arantxa Aranzabalek. Eta 1969-70ean, berriz, Iñaki Arriola eta biok joan ginen institutura, Ramiro Maeztura… Baina ez uste, eztabaida izan zen gure etxean. Aitak ez zuen ikasketarik eta, aldiz, amaren aita eta anaia ikasketadunak ziren. San Jose ikastetxean [gaur egun, San Viator] ikasi zuten, Bakea kalean. Bestalde, lau lehengusu nituen, eta San Josen ari ziren laurak. Beraz, San Jose zen nire bidea, ikastolan ezin jarraiturik. Ordea, ate adina maratila orduan ere! San Josen ez bezala, institutuan goizez baino ez ziren eskolak. Libre genituen arratsaldeak, eta, horretan, gurasoek azti jokatu zuten: «Gure seme-alaben arteko harremana ez galtzeko, eta euskaraz hitz egiteko ohitura ere ez galtzeko, saio batzuk antolatuko ditugu arratsaldez». Eta haietara ere joaten ginen Iñaki Arriola eta biok…

Peli Martinen idatzietan irakurri dudanez, lau mila pezetako soldata zuen Izaskunek, eta zuk ere badakizu zerbait horretaz…

Nik ez dakit Izaskunek zenbatekoa zuen soldata, baina uste dut 150 pezeta ordaintzen zuela familia bakoitzak, eta esango dizut nola jakin nuen, horixe jakin nahi duzunez... Kobratzeko sistema oso zen nabarmena: halako eguna heltzen zenean, Izaskunek kartazal urdin bat ematen zigun, kartazal txikia. Kartazala hartu eta etxera eramaten genuen. Arratsaldean edo hurrengo egunean, Izaskuni itzultzen genion. Behin, barruan begiratu nuen, eta han 150 pezeta zirela esango nuke. Halakoren bat.

Nolakoa zen Izaskun?

Garai hartako irakasle guztiak ziren moduan, zorrotza. Haren metodoa lehengoa zen, zaharra, memoria zuen oinarri, eta horregatik gogoratzen ditut gauza eta detaile hauek guztiak! Beste alde batetik, bigarren ama izan nuen. Nik, eta beste askok. Gainera, lagun baten ama zen! Izaskun gure andereñoa zen, baina hori baino gehiago ere bai: nik bigarren amatzat daukat. Institutura joan arte ez nuen beste irakaslerik ezagutu… Gure ama irakasle tituluduna zen, eta ikastola Estibaliz hiribidera joan zen garaian, titulua utzi zion andereñoren bati, tituluaz balia zedin. Munduan irakasleak bazirela konturatu nintzenerako, Estibalizko hiribidean nintzen, zortzi urterekin, mahai batzuetan jarrita, arbel itxurazkoa aurrean. «Honek nire lagunek kontatzen duten moduko eskola zirudik!», esan nion egun hartan neure buruari...Hiru ikasturte egin nituen Estibaliz hiribidean, eta hirurak ere Izaskunekin. Beti izan dut Izaskunekin harremana, gure lagun baten ama delako, besteak beste. Horrez gain, erreferentzia izan dut beti Izaskun, bizitza osoan…

Zertan zen garai hartan euskara giroa Gasteizen?

Euskara giroa? Hutsaren hurrengoa… Hutsa… Hutsa… Euskaraz hitz egitea ezinezkoa zen. Esaterako, nik neuk inoiz ez dut euskara ikasi. Euskara ikasi, inoiz ez. Euskaraz ikasi nuen nire bizitzako lehenengo urte haietan. Besterik ez… Askotan galdetzen didate: «Zer zara zu, euskaldun zaharra, ala euskaldun berria?»… «Euskaldun arraroa», esaten dut nik. Txikitan euskaraz ikasi nuen, euskaraz hitz egin nuen, baina denborarekin euskaraz hitz egiteko gaitasuna galdu ere egin nuen ia-ia… 1970etik 1976ra ikaragarri atzendu zitzaidan euskara. 1976an txistu eskolak ematen hasi nintzen Olabide Ikastolan, astean behin, eta nahiz eta ikastolan euskaraz hitz egiten zen, kanpoan ez. Gero, halako batean, Egin eta Deia argitaratzen hasi ziren 1977an. Euskarazko atalak irakurtzen hasi, eta ezin ulertu! ETB abiarazi zutenean, eta Euskadi Irratia, eta alaba jaio zenean, orduantxe hasi nintzen ni normalen euskaraz hitz egiten. Baina esan dizut, inoiz ez dut euskara ikasi. Eta nabaritzen da!

Ez duzu inoiz estudiatu…

Inoiz ez naiz euskaltegira joan, ez Lehen Urratsa, ez Bigarrena ez deus. Hala ere, bigarren hizkuntz profila dut! PL2, edo nola da, bada? Garai hartan euskarazko giroa Gasteizen, hutsa! Anaia eta biok dantza talde batean sartu ginen 1970ean, Manuel Iradier Txangolari Elkarteko Gaztetxu taldean. Gero, Indarra taldean jardun genuen… Dantza mundu horretan ere ez zen euskaraz hitz egiten, Olabide Ikastolako txotxoek baino ez zutelako euskaraz hitz egiten! Gure lagun guztiak San Viatorrekoak edo bateko eta bestekoak ziren, eta ez zekiten euskaraz. Beharbada, baten batek jakingo zuen, euskaraz egingo zuen etxean, baina lagunartera etorri, dantza taldera, eta kito, gaztelania hutsa!

Euskara giroa, hutsa, esan duzunez. Abertzale giroa, berriz, bazen Gasteizen...

Bai, eta? Abertzaleak bai, baziren, baina euskaraz ez zekien hemengo jendeak! Garai hartan nork hitz egiten zuen euskaraz Gasteizen? Andoni Urrestarazu Umandik, haren arreba Teresek, Peli Martinek, apaizen batzuek, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.