Zozoen elean (III). Arantxa Urretabizkaia

«Oso bakarka egin dut nire bidea, outsider bat kontsideratzen naiz»

Hogeita hamar urtean lagun izan du irakurle anitzek Arantxa Urretabizkaiaren literatura. Aldizka, baita haren kazetaritza eta zinema-gidoiak ere. Hitza du lanbide, eta hitz horrexen bila abiatu gara, umore on noblean. Uste ez genituenak kontatu dizkigu tarteka.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Hondarribia
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

Elkarrizketa eskeari zure erantzuna, baiezkoa, eta «eskerrik asko nitaz oroitzeagatik».

Zahartzen ari naiz, ez nago puntaren puntan, eta eskertzen dut inor nitaz gogoratzea. Ez nago puntaren puntan egoteko sasoian, eta, bestalde, ez nuke nahiko: erantzukizun handiegia.

«Zahartzen ari naiz». Ez duzu oraingoxea, zahardadeari buruzko kezka...

Kezka ez, ardura bai. Urte mordoa da horretaz arduratuta nagoela. Eta horrek zer du arraro? Bizitzaren aro bakoitzak dakartza bere kezkak, izan gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Gainera, gaur egun ez dago zahartzeko modu bat bakarra, zahartzeko modua aukeratzeko moduan gaude, eta nik neurea aukeratu egin nahi dut. Eta hori ez da egiten horretaz urte askoan pentsatu gabe. Nola zahartu nahiko nukeen jakin nahi dut, eta ez hori kasualitateari utzi.

1947an jaio zinen Donostian, Loiola eta Martutene arteko Txomin Enean. Baduzu orduko oroitzapenik?

Hiru urte nituela irten ginen handik, baina baditut bizpahiru oroitzapen, argitaletxera bidali berri dudan liburuan jaso ditudanak…

Amak etxetik kanpo egiten zuen lan…

Aitaren soldata ez zen aski eta, beraz, amak kanpoan lan egin behar izan zuen. Txikitan horrek lotsa ematen zidan, ordea! Liburuan kontatzen dut… Gogoan daukat lehenengo eskolan: «Nire amak lan egiten du» esatea ez zitzaidan egokia iruditzen; inoren amak ez zuen etxetik kanpo lan egiten. Orduan, denda berea zuela esaten nuen. Eta galdetzen zidaten: «Eta zergatik jartzen du Nerecan, eta ez Bejarano?». Orduan, nik, gezur handiago bat asmatzen nuen. Guri beti esan ziguten ofizioa eduki behar genuela, huraxe izango zela gure bizibidea. Eta, gerora, abantaila izan dut. Eskertzen diet, benetan.

Horregatik joan zinen Bartzelonara ikasketak egitera?

Baina ez nintzen han bizi izan, lanean ari bainintzen Donostian, erizain. Lagunak nituen Bartzelonan ikasten, ordea, eta haiek egiten zidaten zubi lana. Haiek han, eta ni Donostian, zortzi eguneko erizain lanean. Oraingo gazteei buruz esaten dutenean, «Gu baino okerrago biziko dira», nik zera pentsatzen dut: «Ni baino okerrago ez!». Hori ere idatzi dut liburu berrian.

Mendebaleko ekonomiaren historia, zure lehen lana, 1970ekoa, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin elkarlanean egina…

Euskara edozertarako gai zela frogatzea zen gure asmoa, edozer gauzaz jardun zitekeela euskaraz. Bestea, euskararen batasuna, guretzat oinarrizkoa zen hori. Horretaz harro nago, ez nik pentsatu nuelako bide hura, baina jarraitu nuelako. Eta, bestalde, gure zera literarioak genituen. Dena dela, lehenengo literatur lana inori esan gabe aurkeztu nuen Gipuzkoa sariketan, eta irabazi egin nuen. [San Pedro bezperaren ondokoak, 1972] Gau batez jakin nuen, baina ez zuzenean, ahizpak irratian entzun eta deitu zidalako. «Zu zara?», «Bai, ni naiz». Biharamunean Iboni [Sarasola] deitu nion, egunkarian halako orrialdean irakurtzeko esanez, eta berak: «Zer kasualitatea, zure izen bera!».

Euskararen batasuna, bai, euskaltzaleen arteko eten eta haustura ere bai.

Izan zen izugarria. Hori ez da ondo kontatu, eta halakoren batean kontatuko dut. Euskararen batasuna zela-eta, bitan bota ninduten lanetik. Bitan! Lehenengo aldiz lanetik bota nindutenean, Egiako ikastolan hastekoa nintzen. Alfonso de Otazuren liburua [Euskal Berdintasuna, 1973] euskarara egokitu nuelako bota nindutela esan zidaten. Eta hantxe zuten liburua, mahai gainean, esan zidatenean. Lanean hasi baino lehen bota ninduten. Ikasturte hartan Ibonek eman zidan lana, hiztegirako fitxak egiteko. Hurrengo urtean Patri Urkizuk Lezoko ikastolan lana inguratu zidan. Lanean hasi eta astebetera, gurasoak etorri zitzaizkidan; tartean, ama bat, nire gelako ume baten ama. Bailarako bilera egin zutela esan zidaten, eta Egiako ikastolatik bota nindutela jakin zutela, eta ezin nuela nik han lan egin, lotsagarri zitzaiela. Orduan, eskola partikularrak eman behar izan nituen. Euskararen batasuna zer izan zen. Nire kasua kontatzen ari naiz, baina pila dira. Arestiri zer egin zioten ez dago kontatu beharrik…

Horixe aditu genion behin Xabier Leteri, gaizki tratatu zutela Aresti…

Oso gaizki ere! Ikastolatik bota nindutenean, Arestirekin gertatu nintzen behin halako batean. Eta esan nion, nola bota ninduten, eta arazo handia genuela etxean, anaia txikia artean ikasten ari zela. Aita 1967an hila ordurako, amarena eta nirea beste soldatarik ez zen gure etxean, eta nirea galtzea karga handia zen, haurtzaroan nahiko karga pasa ondoren. Arestik esan zidan, erdaraz: «Urretagipuzkoa —horrela esaten zidan berak—, hauek agintzen duten egunean, zu eta biok Madrilera, erbesteratuta!». Hori ez da kontatu, eta kontatu behar da!...

1979an Zergatik panpox argitaratu zenuenetik ez diozu literaturari utzi: Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, Saturno, Aurten aldatuko da nire bizitza, Koaderno gorria, 3 Mariak… XX. mendeko poesia kaieretan ere hortxe zara… Zerk bultzatzen zaitu idaztera?

Ezta arrastorik ere! Ez dakit. Liburu bat argitaratzen duzunean, hantxe jartzen duzu plazan zure aurpegia, bakarka, eta pasatzen denak muxu ematen dizu, edo zaplazta. Askotan galdetu izan diot nire buruari zer premia dudan ataka horretan jartzeko! Ez dakit zergatik idazten dudan, baina, behin, etxean bazkaltzen — gurean hiru gara, ez bostehun!—, ezin burutu, eta orduantxe esan nuen: «Arao eta birao! Oraintxe badakit zergatik idazten dudan, ea jendeak kasu egiten didan behingoz!». Kar, kar… Hala ere, inork nire literaturari buruzko hitz onik esatea baino satisfakzio handiagorik ez dit ezerk ematen.

Muxu eta zaplaztak aipatu dituzularik, zer moduz hartu izan zaitu kritikak?

Oso ondo, Pako Aristik salbu. Hark nire Saturnori egindako kritika ad hominem kritikaren eredua da gure unibertsitate ikasleen artean. Aristiren kritika haren arabera, gure belaunaldi osoak hobe zuen idazteari utzi eta etxera joan. Saizarbitoria eta beste!... Gaur egun, hala ere, modu zibilizatuan tratatzen dugu elkar Aristik eta biok. Kolpea jaso nuen, baina asko erakutsi zidan hark, ez literatur mailan, kritika hark ez baitzuen ezer literaturatik, maila pertsonalean baino. Asko ikasi nuen, bai, baina garesti ordainduta!

Zer eman dizu zinemak? Zergatik panpox, Albaniako konkista, Lauaxeta

Zinemak erakutsi dit zuzendariak agintzen duela bertan, gogoak ematen diona egiten duela, ez dagoela besterik. Albaniako konkistak erakutsi zidan hori. Bestetik, zinemak eta literaturak bi hizkuntza ezberdin erabiltzen dituztela ikasi nuen. Mende batean zinema literaturari gailendu zaiola, zalantzarik gabe. Eta gure idazteko modua ere aldatu egin du zinemak. Irakurleak ez dizu onartzen XIX. mendeko nobelaren erritmorik.

Baina irakurlerik badago gaur egun?

Orain literatura da oso gutxiri asko interesatzen zaion gaia, eta askori batere interesatzen ez zaiona. Hori da gure lekua, eta ni eroso nago leku horretan. Nik istorioak kontatzen ditut, eta norbaiti interesatzen bazaizkio, primeran. Behin, Durangon hitzaldia egin eta etxera, trenera abiatu nintzen. Etorri zen trena, igo nintzen, eta irakurtzen hasi nintzen, Ramonen Martutene. Horretan, gizonezko bat etorri zitzaidan, uniformeduna. «Zu Arantxa zara, ezta?». Eta, «Bai». «Faborez, sinatuko didazu liburua?». Saturno ari zen irakurtzen. Berriketan hasi zen, eta esan nion: «Aizu, trenak alde egingo du». «Ezin, neu naiz gidaria!». Bikaina! Nobel saria! Martutene irakurtzen jarraitu nuen eta, hurrena, Elgoibarko geltokian hor nonbait, kax-kax jo zuten leihoan. Gidaria, berriro. Txanda aldaketa, nonbait, eta bazihoan hura, Saturno eskuan, gora jasota. Hori bai, liburutegikoa zen liburua, ez zen erosia! Kar, kar…

Emakumea bere bakardadean ote zaren nago euskarazko literaturan zure sasoian…

Amaia Lasa zegoen, baina laster alde egin zuen Nikaraguara. Gero, Mariasun Landa hurbildu zitzaidan, artean idazten ez zuenean… Lur argitaletxeko garaia eta gero, oso bakarka egin dut nire bidea, outsider bat kontsideratzen naiz, kanpotik ari naiz, neure kabuz. Oraingo idazle gazteek ere ez didate konplizitaterik transmititzen. Elkartzen gara, bai, baina inork ez dit esan nire bidea segitu nahi zuela edo antzekoren bat. Ez dut erreferente ere izan nahi, erantzukizun handiegia, esan dut lehen ere, eta nik nahiko lan badut neure buruarekin. Ez, ez dut konplizerik izan, bakarrik ibili naiz neure bidean, kazetaritzan nahiz literaturan.

Iritzi-emaile ere bai azkenaldian, Radio Euskadiko tertulietan…

Merkatuak eraman nau iritzia ematera. Hastea asko kostatu zait, baina maila txukuna iritsi dudala uste dut. Zaila da niri bizkarrean seiluan jotzea: «Hau hangoa da, edo hemengoa». Zaila, hauteskunde bakoitzean botoa aldatzen dudalako! Behin titulu horixe erabili zuen Sustrai Colinak Argian egin zidan elkarrizketa batean: «Zazpi aldiz aldatu dut botoa azken urteetan». Eta aldatzekoa naiz beste behin ere! Kar, kar…

Laster dugu Hondarribiko alardea. Bertan parte hartzen duzu hasiera-hasieratik…

Hemezortzi urte aurten. Oso gaizki pasatu dugu. Hori ere kontatuko dugu halakoren batean. Ezin da irudikatu zer pasatu dugun. Enfrentamendu pertsonalak ere hainbat izan ditugu. Urte askoan ezin izan gara San Pedro kalean ibili, ezta taberna askotan sartu ere! Orain ez zaigu horrelakorik gertatzen. Hori irabazi dugu, behintzat. Horixe diferentzia. Garai batean ezin laurogei lagun baino gehiago bildu. Orain hirurehun baino gehiago gara; gazteak, pila. Konpainiako zaharrena naiz, partxe danborra daramat, esfortzu fisiko handia zait, halakoren batean ezin izango dut eraman… Gure artean, batzuek esaten dute beraien duintasunak ezin duela eraman kale nagusiko igoaldia, baina nik esaten diet ez nagoela ados, nire duintasunak ez duela kalterik jasotzen. Hala ere, alardearekin deskubritu dut nik beldurraren ondorio fisikoa: ahoa lehor, egarria… Beldurra! Diote: «Orain disfrutatu egin behar dugu!». Disfrutatu? Nik etxean disfrutatzen dut, bonsaiak zaintzen. Ni ez naiz alardera disfrutatzera joaten: «¡Cabrona… hija de puta… vete de este pueblo…!». Disfrutatu? Giro dago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.