Zozoen elean (IV). Txema Salcedo de la Torre

«Herri honekin dudan loturarik nagusietako bat Bilboko Athletic da»

Peruko euskalduna da Txema Salcedo de la Torre. Gerra ondoren Limara egin zuen familiak, eta hantxe egin du bizimodua. Uda atarian, aitaren bidearen gaineko filma erakutsi zuen han-hemen Euskal Herrian.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

«Hau irakurtzen duzuneko, mila legoa bitarte izango naiz, itsaso handiaren bestaldean, Peruko Liman. Orain dela hiru hilabete izan nintzen Euskal Herrian, dokumental bat aurkezten. Filmaren izena, Aita, filmaren izana da. Alegia, nire aitaren historia da, 96 urtetan Liman hil zen gizonarena: Jose —baina Pepe—, Salcedo Molinuevo zen, Trapagaranen jaioa. Okina zuen aita. Lau anaia-arreba izan ziren, bera hirugarrena. Etxean, baratza txikia eta behia zituzten, inguru hartan ohi zenez. Hamabi urte zituela lanean zen, hala okindegian nola handik hona enkarguak egiten eta materiala garraio.

Espainiako gerra zibila baino lehen ere izan zen gerrarik gure familian, gure aitaitak Kuba eta Filipinetako borroketan parte hartu baitzuen 1898an… Espainiako armadarekin borrokatu zen, jakina, Espainiak gerra galdu eta Kuba eta Filipinak ere galdu zituenean. Espainiako gerra zibila, beraz, bigarren gerra izan zen gure etxean… Gure aita PNVren MAI [Máquinas de Acompañamiento de Infantería], Irrintzi gudarostean sartu zen. Nire aita mortero sailean ari zen. Batetik bestera ibili ohi ziren, baina, inondik ere, Eibarreko frentean jardun zuten gehiena, Burdinazko Hesian. Hura galdu zenean, eta Santoñara [Kantabria, Espainia] zihoazela beren burua italiarren eskuetan uztera, han non harrapatzen dituen Francoren armadak. Aita preso hartu zuten, ez dakit zuzen zenbat denbora egin zuen barruan, Burgosen egon zela besterik. Handik lekora, etxera itzuli zen, Trapagaranera, nahiz eta laster salatu zuen baten batek, gorritzat, gerrako kriminaltzat eta direnak eta ez direnak esanez nire aitaren kontra. Guardia zibilak edo poliziak etorri eta eraman egin zuten. Hilko ere zuten, baina beraren aitak —Kubako gerran borrokatu baitzen—, laguna zuen Olasoko markesa, gizon aberatsa, Trapagaranen jauregi eder bat zeukana. Nire aitak kontatu zidanez, aitaitak laguntzeko eskatu zion Olasoko markesari eta, horrela, honen bitartekaritzari esker irten omen zen onik aita. Panorama, hala ere!

Ama Matilde de la Torre Montori nuen, baina Txirri esaten zioten, Athleticeko futbolariaren omenez. Amaren aldeko adarra dela-eta, esan behar dut XX. mendearen 20ko hamarkadatik, senideak genituela Perun. Hasteko, han ziren amamaren neba, German Ortiz Montori, eta amamaren lehengusu bat, Pedro Montori Uriarte. Amamaren gizona Bilbon geratu zen Bilbo setiatu zutenean, nahiz eta gero Frantzia aldera ihes egin behar izan zuen. Atzera itzultzeko garaia heldu zenean, Bilbora etorri zen familia dena. Nire amak bazuen ahizpa bat zaharragoa, izeko Maria Luisa, eta neba bat, gazteagoa, osaba Txomin. Txomin hau Perura bidali zuten 1937an, hamalau urte zituela. Amamaren nebaren esku utzi zuten. Ordurako, gizon hura ondo bizi zen, gizartean goi-mailako emakume perutar bat emazte eginda. Txomin, beraz, haiekin bizi izan zen.

Ni 1946an jaio nintzen, Bilboko Zorrotzan, Transito estratan, 7. zenbakian. Gaur egun ez da etxe hura, ez haren antzik. Aspaldi berdindu zuten lurrarekin. Aitaita —Domingo de la Torre—, hila zen, eta, amamaren neba Germanek Perura joateko konbentzitu zuen, amama, eta gure familia osoa! Horrela heldu ginen Perura 1951ko otsailean. Ume bakarra nintzen, eta gerora ere ez nuen anai-arrebarik izan. Eta umerik ere ez dut izan nik…

Hor bada gauza bat. Nire amaren ahizpa zaharrago hari, izeko Maria Luisari, Peru ez zitzaion batere gustatu, eta hartu barkua eta Bilbora itzuli zen. Pintura fabrika batean hasi zen lanean Bilbon. Izekok kontatzen zuenez, ugazabetako bat preso zeukaten, Mugimenduaren printzipioak zin egiteari uko egin ziolako. Inoiz ez zuen zin hura egin. Izekok hemen egin zuen bizialdia, harik eta lanetik erretiratu eta 80ko hamarkadaren hasieran Perura joan zen arte. Burutik nahastuta zebilen, eta familiaren beroan hiltzera joan zen, inondik ere. Hantxe hil zen izeko Maria Luisa, Liman. Heliodoro de la Torrerekin senidetuak ziren, Agirre lehendakariaren gobernuko Ogasun ministroarekin, alegia.

Horrela heldu ginen Perura, eta hantxe egokitu ginen, baina, bitartean, gogoan dut nola egin genuen bidaia. Reina del Pacífico zuen izena gure itsasontziak. Egia esan, ez dakit benetako oroitzapenak ditudan, edo kontatu dizkidatenak egin ditudan oroitzapen. Hor bada lausorik. Dakidanez, amak bidaia txarra egin zuen, zorabiatuta, botaka. Dakidanez, Limako portura heldu ginenean, nik ez nuen jaitsi nahi. Ingeles zerbitzarien lagun egin nintzela esaten omen nuen! Haiekin ingelesez hitz egiteko gauza omen nintzen! Egundo halakorik!... Ondoren datoz etxeari eta auzoari lotutako oroitzak. Etxe hartan bertan hil zen aita, eta hantxe bertan bizi naiz ni oraindik.

Gure familia abertzalea zen. Antifrankistak ziren, zeharo, Perun ere. Gure etxean uste zabaldua zen euskalduna gauza berezia zela. Denboraren joanean, nire baitan, 'berezi' hori arraro esan nahi zuela ulertu nuen. Esan nahi horixe eman nion. Eta oso txikitandik, gerrako kontuak kontatzen zituen aitak. Diote hemen ez dutela kontatu izan. Gurean, aitak ez zuen atertzen. Argi, hala ere! Niri bai, kontatzen zizkidan, etxean, baina ez kalean. Besteak beste, Liman genituen senide urrutiko batzuk frankistak zirelako! Behin, gogoratzen dut, Perura heldu berritan, haietako baten jauregira sartu, egongelara, eta lehenengo gauza ikusi genuena, Francoren irudia! Haren semea ere frankista porrokatua zen! Aita kontuz ibiltzen zen horrelakoetan. Harrokeria gutxi haiekin! Besterik zen osaba Txominekin. Hura ez zen Euskal Herrira egundo itzuli, eta ez zen itzuli Franco bizirik zegoelako! Gogoan dut beste familia bat, Liman hura ere, guztiz abertzalea. Errepublikaren urpeko baten kapitaina zen. Espinosa, izenez. Diotenez, Frantziako agintariei eman zien urpekoa! Jakina, aberriaren kontrako traidoretzat jo zuten, heriotza zigorra zuen Espainian. Gizon horrekin ere frankotan hitz egiten zuen nire aitak gerraz. Lotura horixe zuten… Istorio horiek txikitandik entzun nituen nik etxean. Amak ez zuen askorik kontatzen. Gerraren gainean puskaz gehiago kontatzen zuen amamak!

Horrela hazi nintzen, giro horretan, kontraesanen artean, jaio nintzen herritik kanpo, lur berrian, bi munduren artean zangalatraba beti. Hanka bat Bitorian, bestea Londresen, esaerak dioen moduan. Azkenean, identitateak ez duela unibokoa zertan izan onartzen duzu, osagai ezberdinak eduki ditzakeela. Bestalde, gauza harrigarria gertatu zitzaidan: aita zahartu arau, euskaldunagoa sentitzen nintzen. Aitarekin egindako berriketaldi askoren ondorioa izan zen; batetik, behintzat. Bestetik, nire hurrekoei euskalduna izateak zer esan nahi duen azaldu beharrak ere horixe ekarri zuen, ni are euskaldunago sentiaraztea. Azalpenak era askotakoak ziren: batzuetan, karikaturazkoak; odol motaren istorio hori, esate baterako. Bestetzuetan, bestelakoak. Sentimendua gorabehera, bi nazionalitateak ditut nik, espainiarra, Bilbon jaio nintzelako, eta perutarra, hogeita bat urtetan hartu nuena. Nik, izan ere, banekien han geratuko nintzela, Perun. Horrek ez du esan nahi hemengoari uko egiten nionik, hurrik ere ez! Alderantziz, aita gaixotu zenean zorroztu egin nuen honanzko begirada. Aitak ez zuen hango nazionalitaterik inoiz hartu.

Liman badugu euskal etxea, baina inoiz ez ginen hara joan izan. Tira, ez naiz zuzen ari. Sasoi batean, edo behin edo behin, aita joan izan zen, baina zerbait ez zitzaion gustatu, eta ez zen itzuli.

Kazetaritza izan dut lanbide Liman, eta euskal gairik kasik batere ez zait fortunatu lanean, irrati nahiz telebistan. Izatekotan, Bielsaren Athleticen garaipenak. Talde haren garaipenak oso inportanteak izan ziren Perun, euskalduna izatea zer den azaltzeko balio izan zutelako. Jokalari guztiak bertan jaioak zirela, taldearen balioak… Euskaldunen presentziaz denaz bezainbatean, eliza katolikoari zor zaio gehiena: apaizak, misiolariak, gotzainak… hainbat izan dira han. Oraintxe bertan ere, Loreto eskualdeko hiriburu Iquitoseko gotzaina hemengoa da. Peruko eskualderik handiena da Iquitos, Amazonian. Han hainbat dira misiolari euskaldunak. Eta euskalduna dute gotzaina. Ez dut ezagutzen, baina hemengoa omen. Aldiz, Irizar monsinorea bai, ezagutu nuen. Irrati-telebistako enpresa batean hasi nintzen 1995ean, eta gogoan dut Gabonetan Irizar monsinoreak meza esan zuela irratian —enpresaburuen laguna zen, inola ere—, eta euskaraz kantatu zuela! Jainkoaren izenean!

1951n joan nintzen Limara, eta hemen nintzen 1956an, ama eta amamarekin. Harrezkero, dozena erdi joan-etorri egin ditut, eta herri honen eboluzioa ikusteko modua izan dut. Hasteko, kultura honen bizirauteko gaitasuna ikusi dut, jendearen erresistentzia indarra, bere burua berresteko ahalmena. Bestalde, nik Limako etxean ikusten nuena benetan existitzen zela ikusi ahal izan nuen: ama-semeen arteko harremana, hemengoa zen, ez Perukoa. Hango sukaldean kuzinatzen zena, hemen ikasia zen. Gizarte berdintasunari buruzko pertzepzioa, hemengoa zen: aberatsaren eta langilearen arteko harremana igualitario xamarra zen hemen, eta hori zeharo ezberdina da Perun eta Latinoamerikako herri kolonialetan. Eta, beste gauza bat oso inportantea, niretzat, behintzat, Bilboko Athletic. 1956ko urriaren 14an San Mamesen izan nintzen partida ikusten: Athletic 1 — Bartzelona 1. Bartzelona hasi zen irabazten, eta bigarren zatian berdindu zuen Athleticek. Gainza ikusi nuen! Nire bizialdiko esperientziarik handienetako bat! Bronkitisak jota ohean eman nuen Bilboko aldi hura. Izeko Maria Luisaren apartamenduan ginen, Labairu kalean, 37. zenbakian, etxe egin berria. Hain berria ere, han baitzebilen beti zurgina, hara eta hona, lana amaitzen. Nik San Mamesera joan nahi nuen, ez nuen beste gogorik! Athleticen elastikoa eta gorbata ere banituen! Ni teman, eta zurgin hark esan zidan eramango ninduela, baina ni beti ohean, gaixorik. Egun batean, horratik!, izekok esan zidan berak eramango ninduela. Eta izeko eta biok joan ginen, ni hamar urteko, bronkitisa sendatzen. Eta San Mamesen, hura euri zaparrada!

Egia esatera, nik herri honekin dudan loturarik nagusietako bat Bilboko Athleticen gorabeherak dira. Futbol partidak telebistak ematen ez zituen garaian astelehenetan egiten nuen lehen gauza kirol orrialdeak begiratzea izan ohi zen. Ikastetxean ari nintzela, apaiz frankistek horixe galdetzen zidaten: 'Zer moduz doa zure taldea?'. Jakina, haiek Real Madrid zaleak ziren, gure piztia beltza beti. Gaztetan, Athletic izan nuen lotura. Gero, 80ko hamarkadaz gero, modernitateaz jabetu nintzen, eta Bilboren itxura aldaketaz.

Dokumentalaz hizketan hasi gara, eta buka dezagun han bezala. Filmean 'Agur!' esanez uzten gaitu aitak. Euskarazko hitz horixe geratu zait niri, 'aita' eta 'amatxu'-rekin batera. Aitak ez zuen euskaraz hitz egiten, ama elebiduna ote zuen nago, eta amamak, aldiz, gaztelaniaz hitz egiten ez zekiela uste dut. Bizkaiko leku askotan euskarak izan zuen galeraren erakusgarri da gure familia... Nik ez dut euskaraz sekula ikasi, baina aitak bezala esan nahiko nuke: 'Agur!'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.