Korapiloa ez da askatu

ERCk Masen baldintzak onartu arren, «akordiorako borondate argirik» ez izatea egotzi dio CDCk.Presidentea CiUko buruzagiekin bildu da

Oriol Junqueras eta Artur Mas, Kataluniako Parlamentuko bilkura bat amaitu ostean hizketan. MARTA PEREZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako burujabetza prozesuak zer bide hartuko duen argitzeko aste erabakigarrian sartuta, ERCk baldintzarik gabe onartu du Artur Mas presidenteak mahai gainean jarritako proposamenetako bat. Hauteskunde plebiszitarioak lehenbailehen egitea ahalbidetzeko, ERC prest agertu da bere zerrendak alderdiko kideekin soilik osatzeko, «zilegitasunik gabeko baldintza bat» dela nabarmendu arren. Azken deialdietan, izan ere, errepublikanoek hautagai independenteak sartu izan dituzte. Anna Simo ERCko bozeramaileak jakinarazi du, alderdiaren batzorde iraunkorra bildu ostean, «inposizioari men» egin diotela eta Masek mahai gainean jarritako proposamenetatik hirugarrena «erabat, puntuz puntu eta kakotxez kakotx» onartzen dutela. Oriol Junqueras ERCko presidenteak Twitter bidez berretsi du elkarte zibilek eginiko proposamena onartu dutela.

ERCren ikuspegitik akordioa «jada eginda» dagoela erantsi du Simok, «datozen ordu edo egunetan ixteko». Baina Masen alderdiak, CDCk, uzkur erantzun die errepublikanoei. «Men egin eta inposizioa bezalako hitzek ez dute akordiorako borondate argirik erakusten», adierazi du Merce Conesa Convergenciako bozeramaileak. Beren ustez aukerarik onena zerrenda bakarra aurkeztea dela berretsi du. Convergenciaren eta ERCren arteko korapiloa, beraz, oraindik ez da askatu.

Gaur legegintzaldi erdiaren balantzea egiteko agerraldia dauka Masek, eta argibideren bat emango duela espero da. Aterabidea aste honetarako agindu zuen Kataluniako presidenteak, eta berritasun esanguratsuak «ostegunean edo ostiralean» izan daitezkeela esan zuen atzo Françesc Homs gobernu bozeramaileak.

Mas eta Junqueras abenduaren 27an ANC Biltzar Nazional Katalanarekin, Omnium Culturalekin eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearekin bildu ostean, Kataluniako presidenteak hiru aukera jarri zituen mahai gainean: prozesu konstituziogile baten oinarriak lantzea legebiltzarrean, eta hori amaitu arte legegintzaldiari eustea; independentziaren aldeko indarrak zerrenda bakar batean biltzea —bere proposamena—; eta hautagaitza bereiziak izatea, gizarte zibilaren ordezkari nagusiak Masen beraren zerrendan batuta —ANCk, Omniumek eta AMIk eginiko proposamena da—, baina ERCk bere zerrenda hautagai independenterik gabe osatzeko baldintzarekin.

ERCk dio independentzia prozesuaren bide orriaz hitz egin nahi duela, zerrendei buruzko eztabaida gaindituta, eta horregatik onartu dituela Masen baldintzak. «Nahi genuen hautagaitza egiten ez digute utzi, eta independenterik gabe joan beharko dugu, zer erremedio», esan zuen atzo Lluis Salvado ERCko idazkariordeak.

CDCk, ordea, «sakrifiziorik handiena» Convergenciak berak egin duela nabarmendu du, hauteskunde plebiszitarioetara alderdiaren ohiko markarik gabe joateko prest agertu delako eta parlamentutik kanpoko indar bihur daitekeelako. Eta ERCri ere eskuzabal jokatzeko eskatu dio. Halaber, Conesak gogor kritikatu du Masi baldintzak jarri dituela leporatzea: «Proposamen hori ez da Masena; suberanismo zibilaren elkarteek egina da».

Jarrera «kafkarra»

A-9ko herri galdeketaren ondoren independentistek «abiada irabazi eta aireratze pista bat» hartu behar zutela zirudienean, CUPeko buruzagi David Fernandezek deitoratu egin du «soilik hauteskunde zerrendez» hitz egitea, eta ez bide orriaz. Eta Masi «independentistak monopolizatzeko nahia» egotzi dio: «Kafkarra da inork gizarte zibil plural bat patrimonializatu nahi izatea». Quim Arrufatek, bestalde, Masek hauteskunde plebiszitarioen deialdia atzeratu izana kritikatu du: «Deialdiak konpromiso automatikoa izan behar zukeen, eta presidentearen alderdiaren profila indartzeko xantaia gisa erabili dute». Zerrendei buruzko eztabaidaren eraginez, «herritarrengogo beroa galtzen» ari dela erantsi du CUPeko diputatuak.

Ezker independentistako eragile nagusiekin elkartuta, «hautagaitza independentista eta antikapitalista zabal bat» aurkeztuko du CUPek, eta «ahalik eta independente gehien» sartuko ditu zerrendan

Masek, bestalde, CiUko buruzagi nagusiekin bilera egin zuen atzo arratsaldean Generalitatean. Josep Antoni Duran i Lleida Unioko burua, Josep Rull Convergenciako idazkari nagusia, Ramon Espadaler, Josep Maria Pelegri eta Luis Corominas hartu zituen Kataluniako presidenteak, aurrez iragarri gabeko bilera batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.